Babes handiarekin onartu zen duela bi urte, 2021eko azaroaren 25ean, EAEko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legea. Haren helburua zen Euskal Herriaren mendebaldeko hiru herrialdeetako natur ondarea «babestea, lehengoratzea, erabilera iraunkorra ematea eta kudeaketa eta kontserbazioa bermatzea». Horretarako hainbat tresna garatzea aurreikusten du legeak, baina, bi urte pasatu ostean, gehienak sortu eta garatu gabe daude oraindik. Horixe ondoriozta daiteke Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak berriki Eusko Jaurlaritzari egindako galderei Ingurumen Sailak emandako erantzunetatik.
Besteak beste, ondarearen babesa kudeatzeko organo bat sortzea aurreikusten du arauak, Natura Ondarearen Arloko Koordinazio Batzordea. Jaurlaritzaren mende legoke batzorde hori, eta aholkurako eta elkarlan teknikorako funtzioa izango luke. Batzordea oraindik ez dute sortu, eta Jaurlaritzak Oterori erantzun dio «horretarako gestioak» egiten ari direla oraindik zerbitzu juridikoarekin.
Natura Ondarea Kontserbatzeko Legea 2021eko azaroaren 25ean onartu zen Eusko Legebiltzarrean, eta soilik Elkarrekin Podemos-IUk bozkatu zuen aurka. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak hauxe ohartarazi zuen legea onartu zen osoko bilkuran: «Gaur onartu da legea, baina orain dator hura martxan jartzeko lan handia, eta hori gobernuari dagokio. Guri dagokigu [Eusko Legebiltzarrari] kontrolatzea hala izango dela».
Esanguratsua da legearen puntu bat baino gehiago garatu ez izanaren arrazoi moduan Jaurlaritzak Oterori erantzun diona: «Oraindik ezin izan da heldu, langilerik ez dagoelako». Horixe gertatu da, esate baterako, legean aurreikusia dagoen sistema karstikoen katalogoarekin eta espezie basatien material genetikoaren bankuen erregistroa sortzearekin. Beste hainbeste gertatu da lurraldeko zaintzaren euskal sarearekin eta natura babesteko bankuekin. Espezie basatien material genetikoaren inguruan, zehaztapen hau egin du Jaurlaritzak: «Ez da hasi langilerik ez dagoelako, baina Mitecon [Trantsizio Ekologikorako Ministerioa] eta autonomia erkidegoen arteko lantaldean parte hartu da, Negoyako protokoloari dagokionez. 2014an sinatu zen protokolo hori, nazioarteko bioaniztasunaren hitzarmenari atxikia, baliabide genetikoak arautzeko xedea duena.
Langile faltari egotzi dio ere espezie exotiko inbaditzaileen EAEko katalogoa sortzeari ekin ez izana.
Zerrendak eta katalogoak, egin gabe
Legeak aurreikusten du EAEko intereseko habitat naturalen zerrenda eta desagertzeko arriskuan diren habitaten katalogoa sortzea. Bi horiek ere egin gabe daude oraingoz: «Gaur egun hainbat laguntza tekniko daude kontratatuta Euskadiko habitat naturalen kontserbazio egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, eta, lan horien esparruan, aurreikusita dago zerrenda eta katalogo horietarako lehen propopsamen teknikoak 2024ko urtearen amaierarako izatea».
Oterok Jaurlaritzari galdetu dio ea zertan den espezie basatien EAEko zerrenda, eta Jaurlaritzak erantzun dio hura osatzeko lehenik eta behin bosgarren xedapen iragankorra bete behar dela. «Xedapen horrek irizpide orientatzaileak onartzeko betebeharra ezartzen du». Jaurlaritzak jakinarazi du gaur egun irizpide orientatzaileen proposamen tekniko bat egiten ari dela, eta, horrekin batera, eguneratzen EAEko basafauna eta basaflora espezieei buruzko informazioa, gaur egun dauden laurehun espezieri onartzen zaizkien irizpide orientatzaileak aplikatu ahal izateko eta haien kategoriak egokitzeko.
Legea onartu zen egunean, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak nabarmendu egin zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren bioaniztasuna. Europako Batasunaren lurraldearen %1 baino gutxiago izanik, Europako intereseko habitaten %35 dituzte, faunaren %21, eta floraren %2. Haien artean, gainera, kontinente mailako intereseko hamalau habitat eta lehenetsitako intereseko lau espezie ditu. Bioaniztasun hori babestearen garrantzia nabarmendu zuen, uholdeei aurre egiteko, berotegi gasak xurgatzeko, muturreko klima fenomenoetatik eta etorkizuneko pandemia posibleetatik babesteko.
Naturagune babestuen inguruan aurreikusten dituen puntuei buruz ere galdetu du EH Bilduk: besteak beste, legeak aurreikusten duelako haien inguruko kudeaketa organoak osatzea, urtero aurrekontuak egitea, eta erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plan bat egitea. Jaurlaritzak Oterori erantzun dio aldundiei dagokiela horiek kudeatzea, eta haiei galdetzeko.