Onartu eginen dute abortuaren legea, higiene gaien zerga jaitsi gabe

Hileko mingarriaren ondoriozko gaixoaldia eta erditze aurreko baimena jasoko dituzte testuan. Jaurlaritzak eta EH Bilduk ontzat jo dute araua

Irene Montero, Espainiako Berdintasun ministroa, artxiboko irudi batean. JAVIER LIZON / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur eztabaidatuko du abortuaren lege berriaren zirriborroa, eta, Irene Montero Berdintasun ministroaren arabera, akordioa erdietsi dute gobernu koalizioa osatzen duten bi taldeek —PSOEk eta Unidas Podemosek—, oinarrizko gai gehienetan. Zehazki, hiru gai nagusitan lortu dute adostasuna. Alde batetik, legearen oinarri den puntuan: 16 urtetik aurrerako emakumeek abortatzeko eskubidea izanen dute, horretarako gurasoen baimenik izan beharrik gabe; bigarrenik, hileko mingarria duten emakumeei hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea aitortuko diete; eta, azkenik, erditze aurreko baimen ordaindua adostu dute, haurdunaldiko 39. astetik aurrera —legearen lehen zirriborroan 36. astetik aurrerakoa zen baimen hori—.

Monterok azaldu du «aldi baterako ezintasun berezi baten gisara» sailkatuko dutela hileko mingarriagatik hartutako baja, eta hori eskatzeko ez da gutxieneko kotizazio aldirik beharko: «Estatuak hartuko du bere gain lehenengo egunetik, eta ez du epemugarik izanen».

Ministroak aitortu du, hala ere, desadostasunak ere izan dituztela gobernuan. Adibidez, hilekorako higiene produktuei ez diete BEZa murriztuko, neurri hori Espainiako Gobernua osatzen duten alderdien arteko koalizio akordioan jasota dagoen arren: «Ogasun Ministerioak ez du legean jaso nahi izan neurri hori, baina berriro negoziatuko dugu, Estatuko Aurrekontu Orokorretan», esan du Monterok.

Tanpoiei, kopa menstrualei eta konpresei ez ezik, pixoihalei ere BEZa %10etik %4ra murriztearen edo, are, erabat kentzearen alde azaldu da ministroa, «zaintza lanak, gehienetan, emakumeen bizkar gelditzen diren heinean». Horren kostua 30 milioi euro inguru izanen litzatekeela gaineratu du: «M-30 autobidearen gainkostuagatik ordaindu dugunarekin 69 urtez murritz genezake higiene produktuen BEZa». Monterok onartu du higiene produktuen BEZarena izanen dela lege berriaren «hutsuneetako bat», baina «borrokan segitzeko prest» azaldu zen, «orain ez bada neurri hori aurrerago onar dadin».

Zupiria: «Garrantzitsua da»

Eusko Jaurlaritzaren ustez, «garrantzitsua» da biztanleen erdiei eragiten dieten arazoei heltzea, «hala nola hileko mingarriei». Hori esan zuen atzo Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Radio Euskadin. Azaldu zuenez, Jaurlaritzak abortuaren legearen gaineko iritzi zehatzagoa emanen du Ministroen Kontseiluak behin betiko proiektua onartzen duenean: «Ez dugu ezagutzen testu zehatza: hedabideetan entzundakoa besterik ez». Hala ere, garrantzitsutzat jo zuen «politikak begirada jartzea herritarren erdiei eragiten dieten auzietan».

«Hamarkada eta mende luzeetan», gehitu zuen, «gizonezkoen ikuspegitik zehaztu dira politikak eta erabakiak, eta askotan ahaztu egiten dugu gizartearen erdia emakumeek osatzen dutela. Gure gizartean gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna normalizatzeko eta aurrera egiteko, uste dut beharrezkoa dela auzi hauek mahai gainean jartzea, eztabaidatzea eta erabakiak hartzea».

Aizpurua: «Ongi etorria da»

Mertxe Aizpuruak, EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak, begi onez hartu ditu legeak jasoko dituen berritasunak: «Ongi etorria da abortuaren legea, neurri aurrerakoiak eta ausartak dakartzalako. Emakume askori eragiten die hileko mingarriak, eta ulertezina da hori zalantzan jartzea», esan zuen ETB1eko Egun on Euskadi saioan.

Hala ere, legearen hutsunetzat jo zuen konpresei, tanpoiei eta gainerako higiene produktuei BEZa murrizteko neurririk ez jasotzea: «Airean dago oraindik emakumeen higiene produktuei BEZa kentzea, Ogasun Ministerioaren eragozpenengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.