Ehiztarien belaunaldien erreleboari bide emateko, ehizari lotutako parte hartzaile berriak definitzeko eta ehiza baimenak lortzeko erraztasunak emateko: hiru xede horiei helduta onetsi du gaur Eusko Legebiltzarrak EAEko 2011ko Ehiza Legearen erreforma. Baina, batez ere, adingabe oro «ehiza laguntzaile» izan dadin bermatzeko onartu dute lege aldaketa. EAJk eta PSE-EEk sustatu dute lege erreforma, eta PPren eta Voxen babesa jaso dute. EH Bilduk eta Sumarrek aurka bozkatu dute.
Lege aldaketan ez dira propio aipatzen adingabeak, baina bai belaunaldien arteko erreleboa bermatu nahi dela eta ehiztarien eskaerei erantzun nahi dietela. Hala, araudi berriarekin, ehizaldietan «laguntzen» duten pertsonak —testuan «laguntzaile» gisa definituak daude— ehizaldietan egon ahal izango dira, edozein dela haien adina, baina armarik eraman eta erabili gabe. Ehiza Legearen artikulu bakarra aldatzen du erreformak: laguntzailearen figura definitzen duena, eta ehizaren definizioa arautzen duena. «Pertsona horiek ez daramate armarik, ez dute tirorik egiten, ezin dira postuetatik atera eta piezak ere ezin dituzte jaso. Gainera, segurtasun arauak bete beharko dituzte», dio, hitzez hitz, testuak.
«Gaur urrats berri bat eman dugu ehiztarien kolektiboari laguntzeko», adierazi du Aritz Abaroa jeltzaleak. Araudia errealitate berrietara eguneratu eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko beharrari erantzuteko pausoa dela azpimarratu du, eta lege erreformarekin «kohesio soziala, jarduera ekonomikoa eta ohitura osasungarriak» bultzatzen dituen jarduera bat sustatuko dela erantsi.
Ikusi gehiago
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ehizarekin lotutako hirurehun kirol elkarte eta klub baino gehiago daude, baina lizentziak gutxiago dira urtetik urtera. 2011n, 40.138 ehiza lizentzia aktibo zeuden, eta 2022an, berriz, 31.383: %22 gutxiago. Abaroak azaldu duenez, bilakaera horrek lotura zuzena du urtero animaliekin izandako gertakarien kopuruarekin: 2011n 6.150 kudeatu ziren, eta 2023an, berriz, 16.006. «Horri gehitu behar zaizkio animaliek nekazaritzan eta abeltzaintzan eragiten dituzten kalteak. Azken batean, ehiza funtsezkoa da animalien populazioaren orekarako», esan du.
Errepide istripuak eta boto eskubidea
Ehizaren inguruko «pedagogia» egitea defendatu du Abaroak, jarduera horren inguruko uste oker asko dagoelakoan. «Oker dabil uste duena ehiza tiro egitea eta animalia bat hiltzea dela, edota ehiztaria bortitza dela eta animaliei tratu txarrak ematen dizkiela». Gainera, ehiza jarduera arriskutsua dela diotenei zera esan die: «Ehiza adingabeentzat arriskutsua bada, debekatu beharko genuke haiek autoan bidaiatzea, iaz 322 hildako izan baitziren auto istripuetan».
«Ehiza adingabeentzat arriskutsua bada, debekatu beharko genuke haiek autoan bidaiatzea, iaz 322 hildako izan baitziren auto istripuetan»
ARITZ ABAROAEAJko legebiltzarkidea
PPko Ana Morales «pozik» azaldu da ehiza Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren «agenda politikoan» txertatu delako, eta gogoratu du PPk urrian aurkeztutako ekinaldiaren edukiak bere egin dituela Jaurlaritzak. Uste du ehizarekiko lehen kontaktua errazteko eta ehizarako zaletasuna bermatzeko modua emango duela erreformak, eta jadanik beste erkidegoetan arautua dagoen figura bat «naturaltasunez» txertatuko dela araudian.
Ehizaldietan aritzen diren adingabeen segurtasuna ez dela arriskuan jarriko esan du Moralesek, eta gai horrekin «demagogiaz» aritzea leporatu die EH Bilduri eta Sumarri. Ziurtatu du adingabeen segurtasunaren erantzukizuna
lizentzia duten ehiztariena izango dela, eta adingabeen kasuan ohikoa izaten dela senide bat izatea, «aita, anaia nagusia, osaba edo izeba bat».
«EH Bilduk eta Sumarrek oso gaizki ulertutako ekologismo bat praktikatzen dute, eta nahita estaltzen dute ehizak ingurumenari egiten dion ekarpena»
ANA MORALESPPko legebiltzarkidea
EH Bilduri eta Sumarri «kontraesanean» ibiltzea egotzi die, bi talde horiek proposatu dutelako laguntzailearen figura adinez mugatzea. «Zuek defendatzen duzue, hain zuzen ere, adingabeek botoa emateko eskubidea izan dezaketela. Beraz, zertan geratuko gara? Argitu ezazue zuen jarrera: gazteak arduratsuak direla uste duzue, ala ez?». Moralesek EH Bilduri eta Sumarri egotzi die «oso gaizki ulertutako ekologismo bat» praktikatzea, eta nahita «estaltzea» ehizak ingurumenari egiten dion ekarpena. Haren ustez, ehiztariei esker animalien gainpopulazioa kontrolatu eta galbidean dauden espezieak leheneratzen dira.
PSEko legebiltzarkide Aroa Jiletek ere ehiza defendatu du, «ingurumena zaintzeko» eta «gizarte kohesiorako» ezinbestekoa delakoan.
Adinari muga
EH Bildu eta Sumarren iritziz, lege erreforma ez da bateragarria adingabeen interes eta eskubideak babestearekin, eta horixe izan da ekinaldiaren aurka bozkatzeko erabili duten argudio nagusia. Bi taldeok zuzenketak aurkeztu dizkiote lege erreformari, baina, gaurko bilkuran salatu dutenez, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten taldeek uko egin diote akordioa beraiekin lotzen saiatzeari.
Lege erreformaren aurka agertuta ere, izan da ñabardurarik bi taldeen jarreretan. EH Bilduk laguntzailearen figurarentzako gutxieneko adin bat ezartzea proposatu du: 16 urtekoa. Sumarrek, berriz, ez du egoki ikusi adingabeak egotea ehizaldietan, eta, beraz, horretarako gutxieneko adina 18 urte izatea proposatu du.
Ehizari «ospea» emateko modua segurtasuna bermatzea dela adierazi du EH Bilduko Itxaso Etxeberriak, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du ehizaldietan debekatuta egotea 14 urtetik beherakoak egotea. 14 eta 16 urte bitartekoen kasuan, ehiza lizentzia izatea derrigorrezkoa izatea proposatu du koalizioak, eta laguntzailearen figura soilik 16 urtetik gorakoentzat izatea.
«Arduragabea da lege erreforma. Adingabeen interesen eta ehiztarien eskaeren arteko oreka bilatu behar da»
ITSASO ETXEBERRIAEH Bilduko legebiltzarkidea
Lege erreformaren bitartez «eskuinaren eta eskuin muturraren markoa» erostea aurpegiratu die EH Bilduk EAJri eta PSEri. Etxeberriaren iritziz, «arduragabea» da lege erreforma, eta izkin egiten dio botere publikoek haurrak eta nerabeak babesteko duten betebeharrari. Argitu du EH Bilduk ez duela debekatu nahi adingabeak ehizaldietan egotea, baizik segurtasuna eta eskubideak errespetatzea. Koalizioaren proposamenean adingabeen interesen eta ehiztarien eskaeren arteko «oreka» lortzen saiatu direla defendatu du.
Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkidearen aburuz, «akats larria» da lege erreforma. Salatu du, gainera, ehizaldietan parte hartzeak kalte egiten diola haurren eta nerabeen osotasun fisikoari eta psikologikoari. Ohartarazi du ehiza ez dela jarduera segurua umeentzat eta nerabeentzat, eta «atzerapauso» bat dela haiek babesteko araudian.