Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoa edo Soilik baietz da baietz izenaz ezaguna den legeak Espainiako Kongresuaren galbahea igaro du. Azken-aurreko urratsa izan da, Senatuak berretsi eta indarrean jarri aurretik. Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak sustatutakoa da sexu askatasunari buruzko legea, eta Zigor Kodean erreforma bat egitea planteatzen du, eduki aldaketa esanguratsuak egitea: aurrerantzean bortxaketatzat hartuko dira emakumeen onespenik gabeko ekintzak, abusuaren eta sexu erasoaren arteko bereizketa ezabatuta; hau da, onespena izango da bortxaketa egon den ala ez ebazteko baldintza, eta ez larderia eta indarkeria. Halaber, indarkeria sexuala jasan duten emakumeei prebentzio, arreta eta erreparazioa emateko neurri sorta martxan jarriko da, besteak beste.
Legeak irailean abiatu zuen bidea Kongresuan, eta, taldeek egindako zenbait zuzenketa txertatuta, behin betiko testua onartu zuten atzo osoko bilkuran, gehiengo osoz. CUP abstenitu egin zen, eta PPk eta Voxek aurka bozkatu zuten.
Duela sei urteko sanferminetan izandako talde bortxaketaren harira Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ateratako sententziak eragin zuen Sexu Askatasunaren Legea aldatzeko premia. Bost gizonek emakume bat bortxatu zuten, eta auzitegiak ebatzi zuen «ezezko espliziturik adierazi ez zenez» ez zela erasorik izan, eta sexu abusutzat jo zuen talde bortxaketa. 2019an, Espainiako Auzitegi Gorenak zuzendu egin zuen Nafarroako Auzitegiaren epaia, eta sexu erasotzat jo zuen talde bortxaketa. Epaiak aldarrikapen bat ozentzea eragin zuen: Sexu Askatasunerako Legea berrikusi beharra zegoela.
Onarpena da legearen ardatza. Aurrerantzean ez da indarkeria edo intimidazioa egon dela erakutsi beharko erasoa erasotzat jotzeko, egun indarrean dagoen Zigor Kodearen arabera hori baita abusua eta erasoa bereizteko muga. Istanbulgo Protokoloari segitzen dio lege proposamen berriak. Horren arabera, onarpena egon den edo ez jartzen da ardatzean, eta gainerako aldagaiak baztertzen ditu. Legearen arabera, onarpena egon dela ulertuko da bakarrik «jardun bakoitzaren zirkunstantzien arabera libre eta modu argian adierazi bada pertsonaren borondatea».
Delitutzat hartuko da, halaber, kaleko jazarpena. Delitu egiletzat joko da kalean beste pertsona batzuei mintzatzen zaien oro baldin eta «adierazpen, portaera edo izaera sexualeko proposamenak eginez, biktimari objektiboki egoera umiliagarri eta larderiazkoa eraginez ari bada, beste delitu larriagorik egin gabe».
Berrikuntza nagusiak
Legeak baditu beste berrikuntza batzuk. Eremu digitaleko indarkeria sexualak aintzat hartzen ditu, ezkontza behartuak eta emakumeen genitalen mutilazioa ere bai. Indarkeria matxista edo bikotekidearen edo bikotekide ohiaren tratu txarrak jasan dituztenentzako baliabide gehiago ezartzea jasotzen du, eta hezkuntza sexuala ziklo guztietara zabaltzea ere bai. Indarkeria sexualaren biktimei zuzendutako osasun mentaleko zerbitzuetan genero ikuspegia txertatzeko betebeharra ere jasotzen du legeak, eta baita haiek laguntzeko «krisi zentroak» sortzea ere.
Ertz asko ditu legeak, eta jorratzen dituen gai batzuk korapilatsuak dira. Prostituzioa da horietako bat. Prostituzioari buruzko eztabaidak aldez alde gurutzatu du legearen tramitazioa, eta azaleratu egin ditu taldeek gaiari buruz dituzten desadostasun sakonak. Jatorrizko testuak proxenetismoa eta lekurako bitartekotza zigortzeko artikuluak jasotzen zituen, baina azkenean legeak ez du prostituzioaren abolizioa arautuko. PSOE saiatu zen gaia legean txertatzen, baina aurka azaldu ziren ERC, EH Bildu, CUP, Cs, EAJ etaJxC, eta atzera egin zuten sozialistek. Oposizioko taldeek uste dute prostituzioari buruzko eztabaidak «espazio eta legeria propioa» merezi duela, betiere lege horretatik kanpo.
Hala ere, prostituzioarekin lotutako hainbat esparru arautuko ditu legeak. Besteak beste, publizitatea arautzen duen legea erreformatuko da prostituzioa eta genero estereotipoak erabilita emakumeen aurkako sexu indarkeria sustatzen duten iragarkiak debekatzeko. Neurriaren aurka agertu zen atzo CUP, eta legearen bozketan abstenitzea erabaki zuen.
Adingabeei dagokienez, aurrerantzean sexu erasoengatik zigortutako adin txikikoek sexu askatasunari eta berdintasunari buruzko hezkuntza programetan hartu beharko dute parte. Horrez gain, sexu askatasunari edo indarkeria matxistari lotutako delituetan, adiskidetze ekitaldiak egingo dira soilik biktimak hala eskatuz gero. Halaber, adingabeei sexu erasoren bat egiten dieten gurasoen aurkako zigorrak gogortzen ditu arauak: seme-alaben guraso ahala kenduko zaie lau eta hamar urte bitarteko epean.
Onarpena ardatz duen legea, onetsita
Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoa onartu du Kongresuak, gehiengoz. Onespenik gabeko ekintzak bortxaketa gisa hartuko dira, eta erreparazioa bermatuko zaie biktimei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu