Iragan asteko astelehenean, apirilak 1, Obras Publicas Onaindia S.A. enpresaren esku dagoen Gasteizko birziklatze plantak su hartu zuen. Suhiltzaileen aurreneko miaketen arabera, sua «ustekabean» piztu zen. Suaren arrazoiak baino, planta Onaindiaren esku egoteak eragin du harrabotsa. Elkarrekin Podemosek salatu du enpresa agian ez zela ari behar bezala. Alderdiak adierazi duenez, udalaren baimen eguneraturik gabe aritu omen da azken bi urteetan Onaindia. Izan ere, Gasteizko Udalak birziklatze plantako lizentzia handitzea ukatu zion enpresari 2023an. Ezezko horren arrazoien artean dago suteen aurkako plana behar bezala ez zehaztea, besteak beste.
Enpresak 2020an eskuratu zuen birziklatze planta izateko baimena, eta, urtebete geroago, birziklatzen zituzten «hondakin ez arriskutsu» gehiagorekin lan egiteko lizentzia eskatu zuen. Hasieratik ezezko bat jaso zuen enpresak, Udalaren Ingurumen Departamentuak eta Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak enpresaren aurkako txostenak plazaratu baitzituzten. Azkena, 2023ko martxoaren 14an. Baimena jaso ahal izateko, zenbait neurri eta dokumentazio jasotzen dituen memoria bat aurkeztu behar dute enpresek. Bada, Gasteizko Udaleko teknikarien arabera, memoria hori «urria da, eta ez die udal errekerimendu guztiei erantzuten».
Horiek horrela, udalak nabarmendu zuen ez zuela «bermerik» enpresari eskatzen zuen lizentzia emateko. Baimena ukatzeko arrazoien artean bereziki xehatuta dago suteei aurre egiteko zehaztasunik eza: guztira zortzi gabezia zehazten ditu txostenak. Besteak beste, enpresak ez zuen justifikatu zer erreakzio duten hormetako eta sabaietako estaldurek suarekiko, ez zuen zehaztu ur ihinztagailuen kokapena, ezta su itzalgailu batera heltzeko egin beharreko ibilbidea ere. Are gehiago, Onaindiak 2023ko otsailaren 28an aurkeztutako memorian ez da zehazten sute bat egonez gero nola hustu beharko litzatekeen eraikina. Hau da, ez zuen justifikatzen suteen aurkako babesaren inguruko araudia betetzen zuenik.
Azpimarratzekoa da ez zela lehen aldia Onaindiari gabezia horiek adierazten zitzaizkiona. Gasteizko Udaleko teknikariak 2023ko martxoko txostenean nabarmendu zuenaren arabera, urte hartako urtarrilean aurkeztutako «dokumentazio bera» aurkeztu zuen enpresak otsailean. Gasteizko Udalak behin ezezkoa eman ostean, Eusko Jaurlaritzarengana jotzea erabaki zuen enpresak, ingurumen baimen bakarra eskuratu eta birziklatze plantan zeuden hondakin motak areagotzeko.
Lizentziarekin bat
2023ko martxotik Gasteizko Udalak ez du enpresaren egoeraren berri izan. Sutea izan zen egunean Cesar Fernandez de Landa hiriko Segurtasun zinegotziak esan zuen Onaindia «baimendutako kudeatzailea» dela, eta pabiloian erre ziren hondakin industrialak Onaindiaren esku egon ahal zirela. Are gehiago, Gasteizko Udalak BERRIAri azaldu dionez, «Onaindiak beti izan du hondakin horiekin lan egiteko lizentzia». Hala ere, duela bi urte suteen aurkako neurriak ondo zehazten ez zituela ondorioztatu zuten. Ordutik enpresaren egoeraren berri izan ez duela izan adierazi du udalak, «hori Eusko Jaurlaritzaren esku dagoelako orain».
Enpresako kudeatzaileak Jaurlaritzarekin ere bildu ziren. Lehenbizi, 2022ko urtarrilean, beren jarduera hondakin ez arriskutsuetara zabaltzeko baimena eskatu zuen enpresak, baina Jaurlaritzak erantzun zion neurri horretako aldaketa bat egiteko ingurumen baimen bakar gisa tramitatu behar zuela. Hori lortu bitartean, Onaindiak indarrean zuen ordura arteko hondakinak kudeatzeko baimena. Baina, Jaurlaritzak BERRIAri jakinarazi dionez, orain arte enpresak ez du eskatu ingurumen baimen bakarra tramitatzeko, eta ez du horretarako obligaziorik ere, hondakin mota berriak hartzeko pausorik egiten ez badu behintzat. Enpresak aurtengo otsailaren 7an jo zuen Jaurlaritzara, galdetzeko zein prozedura jarraitu beharko lukeen baimena zabaltzeko, baina oraingoz ez du horretarako pausorik eman.
Elkarrekin Podemosek zalantzan jarri du Onaindia enpresak eskatu zitzaizkion zuzenketak egin izana. Hori dela eta, Oscar Fernandez alderdiko zinegotziak gaur egin duen agerraldian jakinarazi du auzia hurrengo Ingurumeneko Udal Batzordean eztabaidatuko duela. Fernandezek azaldu duenez, alderdiaren helburua zera da: jakitea zer neurritan eragin zuten iragan asteko sutea txosten horietan jasotako gabeziek. «Zoritxarrez eta harrigarria bada ere, bat ez datozen gauza gehiegi daude afera horretan», azpimarratu du Gasteizko Udaleko zinegotziak.