Eusko Ikaskuntza 1983. urtean hasi zen Manuel Lekuona saria ematen. Euskal kulturaren alde ari direnak goraipatzea du helburu, eta, estreinako urte hartan, Manuel Lekuonari eman zioten. Ordutik, harexen izena du sariak. Eta haren «izanarekin» ere aski lotuta sentitzen dela adierazi zuen, atzo, 2015eko Manuel Lekuona saria jasotzean, Joan Mari Torrealdaik (Forua, Bizkaia, 1942). Euskara «biziarazteko» ahaleginean eta moldean, hark urratutako bidea arrunt begiko du. Torrealdaik halaxe eskatuta, Martin Ugalde kultur parkean egin zen atzo sariaren banaketa ekitaldia, Andoainen (Gipuzkoa), eta Lekuona —«On Manuel»—hantxetik gertu ezagutu zuela ekarri zuen gogora. «Bazkardon, Eguzkialde etxean, arregitarrekin bizi zelarik. Rikardo Arregi Jakinkidea bisitatzera etortzen nintzenean egon ohi ginen elkarrekin. Ohore handia da haren ondoan nire izena ikustea».
Esker oneko hitzez josiriko hitzaldi bat harilkatu zuen. Xalbador zenaren bertso bat oroituz urratu zuen bidea: «Ez naiz izarra, are gutxiago eguzkia». Eta bere lana kolektibo oso baten barruan sentitzen duela aldarrikatu zuen. «Erraldoi askori zor dio, ez izar eta ez eguzki den honek, zuen aurrean egotea». Ernamuin eta abaro izandakoak oroitu zituen: familia, adiskideak, Arantzazun eginiko urteak. Eta euskalgintzan ereiniko haziak: Jakin, Elkar,Euskaldunon Egunkaria... Denetan eragilea izan da. Eta hatsa.
Sarituaren laudatio edo goraipamena Euskaltzaindiko buruak egin zuen, Andres Urrutiak. Euskaltzain osoa da Torrealdai 2007. urtetik, eta haren jarduna beti «jakin-nahiak» hauspotu duela nabarmendu zuen Urrutiak. Jakintza oro «gizarteari itzultzeko» beti erakutsi duen borondatea laudatu zuen, bereziki: «Beti bilatu du bere ezaupideak herriaren onurarako jartzea».Jakin aldizkariaren zuzendaritzan egindako urteak, euskararen historia sozialaren ikertzaile gisara egindako liburuak,Euskaldunon Egunkaria sustatzen egindako urratsak, euskal liburugintzaren aztertzaile gisara egindako ekarpenak... Guztiak dira, Urrutiaren ustetan, nahi horren fruitu. «Euskal kulturaren mesederako egin, egiten eta egingo duzu».
Gizarte osoari atxikita
Hitz ederrak izan zituen Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok ere sarituarentzat. Haren obra euskal «izaki kolektibo batean» txertatu behar dela nabarmendu zuen: «Zu ez zara zeurea bakarrik; jadanik ez. Hain da handia zure ibilbidearekin, bizitzarekin eta obrarekin dugun lotura, horrenbesteraino sentitzen gara zure katearen barruan, ezen gurea den zerbait zarela sentitzen baitugu». Hain zuzen ere, gogora ekarri zuen Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria ematen duela «egitura instituzionalen babesetik at» euskal kulturaren alde jardun duten pertsonen ibilbideak goraipatzeko, haiekiko «zorra» kitatzeko. «Artikulazio politikorik gabeko herri baten ikerketan» jardun duen belaunaldi oso bat egon dela nabarmendu zuen, eta «zokoratutako hizkuntza batean» jarduteko adorea izan duela: korronte nagusien aurka. «Batzuetan batek bere buruari galdetzen dio: zer zatekeen gure herriaz erresistente horiek izan ez bagenitu?».
60ko hamarkadan Arantzazun Jakin aldizkarira hurbildu zenetik, gertuko izan du Joan Mari Torrealdaik argitalpena, eta haren zuzendaritzan egindako ekarpena nabarmentzekoa da. Han egindako lana goratu zuen, bereziki, atzo Dorronsorok. «Hainbat bide intelektualen bidegurutze handi bilakatu zen; kalitatezko aldizkaria, Euskal Herrian eta mundu garaikidean politikaren, gizartearen eta kulturaren garapena deszifratzera bideratua; eta hori dena, euskaraz».Torrealdaik berak, Jakin-en lankide «historikoak»izan zituen hainbat kideri aparteko aipamena egin nahi izan zien atzoko ekitaldian: «Izen eta guzti». Propio aipatu zituen, hain zuzen ere, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Manolo Pagola. Eskertuta.
Ekitaldi jendetsua
Ekitaldira jendea erruz hurbildu zen.Euskalgintzako pertsona ezagunak, eta instituziotakoak. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Cristina Uriarte eta Kultura sailburuorde Joxean Muñoz; Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollo eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi; Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria; Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano eta Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizar, besteak beste.
Markel Olanok hartu zuen hitza. Joan Mari Torrealdairen bizitzako pasarte bat ekarri zuen gogora, iluna. 2003an,Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, beste hainbat kiderekin batera atxilotu eta espetxeratu zuten. Guztiz bidegabeki: 2010ean, epaiketan, argi geratu zen salaketa guztien funtsik eza. Jazoera hark lagatako «arantza» gozatze aldera mintzatu zitzaion. «Gaur niri dagokit, diputatu nagusi gisara, publikoki salatzea bai itxiera hura, bai atxiloketa haiek, eta baita ere egin ziren torturak», adierazi zuen. «Gaur, Joan Mari, barren-barrenean daukazun arantza hori ateratzeko nire ekarpentxoa egin nahi nuke, eta publikoki aldarrikatu nahi nuke Joan Mariren figura, eta bere ibilbide guztia, salbuespenik gabe».
MANUEL LEKUONA SARIA
On Manuelen gisara ohoratua
Esker oneko hitzekin jaso du Joan Mari Torrealdaik Manuel Lekuona saria. Adiskide ugari izan ditu alboan ekitaldian, baita agintariak ere; sarituaren lana ozen goraipatu dute denek. Bideoa: Joan Mari Torrealdairen hitzaldia (BERRIA TB). [youtube]https://youtu.be/l_7JgFv-yTQ[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu