Omen 'Otsalar' «nekaezinari»

Liburuak eta poemak idatzi zituen, eta euskaltzain izan zen Juan San Martin, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen arartekoa ere. Gaur 100 urte bete dira jaio zenetik.

Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak San Martini atzo egin zioten omenaldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ehun urte bete dira gaur Juan San Martin (Eibar, Gipuzkoa, 1922-Hondarribia, Gipuzkoa, 2005) jaio zenetik. Idazlea eta poeta zen, eta Otsalar ezizenarekin idatzi zituen olerkiak. Euskaltzain eta akademiako idazkari ere izan zen. Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak omenaldi bat egin zioten atzo, eta «ekintzaile nekaezina» izan zela gogorarazi dute.

Miguel Primo de Riveraren diktaduraren aurretik jaio zen San Martin, eta haren haurtzaroa gatazkak markatu zuen. Lehen Mundu Gerra amaitu eta gutxira jaio zen, beraz, eta 10 urte bete aurretik Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarrikapenak bete-betean harrapatu zuen, Eibarren. Hala ere, Jakin aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean aitortu zuen garai horretan ez zela asko jabetzen egoeraz: «Bi urte zaharragoa zen anaiak goizeko seietan esnatu eta esan zidanean errepublika etorri zela, erantzun nion: 'Zein da errepublika?'».

Ideologikoki, familia plural bateko kidea zen San Martin. Aita espainiarra zuen, liberala, eta aitona, ezkertiarra eta liberala, baina familiarteko abertzaleak ere bazituen. Hori dela eta, Batzokian eta Casa del Pueblon ibiltzen zen.

Etxean eta kalean euskaraz egiten zuen beti, baina eskolan «den-dena erderaz» egiten zuten. Nagusiek ikasleei esaten zieten munduan hizkuntza bakarra egitera jo behar zela: «Sozialista gehienak joera horretakoak ziren, esperantozaleak, eta nire lagunik gehienak ere bai», zioen San Martinek, baina bera ez zuten konbentzitu. Izan ere, asko irakurri ostean, ez zegoen ados, eta munduan hizkuntza bakarra erabiltzea «utopia» zela uste zuen. Pentsamendu horrek asko baldintzatu zuen haren bizitza eta jarduna.

1989. urtean Eusko Jaurlaritzak ararteko izendatu zuen, eta hutsetik abiatuta Arartekoa erakundea sortu behar izan zuen. Handik bost urtera, Europako arartekoen buru izendatu zuten. EIE Euskal Idazleen Elkartea eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteen sorrera sustatu zuen.

Euskaltzaina eta poeta

1950eko hamarkadan hasi zen artikuluak argitaratzen, gazteleraz gehienbat, orduan ez zuelako «nahikoa gaitasunik» euskaraz idazteko; mendiaz eta kirolaz idazten zuen gehienbat. Urteak pasatuta, 1959an atera zuen lehen liburua: Juan Antonio Mogel. Bere bizitza ta lanak. Olerkiak ere idatzi zituen, Otsalar ezizenarekin; Euzko Gogoan argitaratu zituen lehenak, eta, gero, Santi Onaindiaren Olerti aldizkarian gehienak. Txabi Etxebarrietaren hiletan irakurri zuten olerkia berak idatzi zuen.

Euskaltzaindiarekin 1956an izan zuen lehen kontaktua, Eibarko hitz teknikoen bilduma bidali baitzuen akademiara. 1964an euskaltzain oso izendatu zuten, eta 1967tik 1978ra bitartean akademiako idazkari izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.