OMEk esan du izurria kontrolpean hartzeko egoera «guztiz aproposean» dagoela Europa

Europako arduradun Hans Klugek esan du izurri osoan ez dela izan tankerako egoerarik: «Eta luzera begirako lasaitasuna ekar diezaguke»

arantxa iraola
2022ko otsailaren 3a
17:12
Entzun

«Pandemia ez da amaitu, baina lehen aldiz kontrolpean hartzeko egoera guztiz aproposean gaude», adierazi du gaur OME Osasunaren Mundu Erakundeko Europako zuzendari Hans Klugek. Infektatuta eta txertoa hartuta dauden herritarren kopurua altua da, omikron aldaerak eragiten dituen kasuak ez dira hain larriak, eta, ondorioz, izurriaren kontrako estrategia berriak bultzatzen hasteko garaia izan daitekeela aurreratu du. OMEren Europako atalaren barruan 53 herrialde daude, eta tartean badira Asiako erdialdeko hainbat estatu.

Omikron aldaeraren transmisio gaitasun handiak guztiz aldatu du izurria ikusteko eta ulertzeko modua. Eta, hain zuzen ere, Klugek berak onartu du adierazpen horiek egin dituela transmisioari begira datuak goi-goian dauden honetan. Lehengo astean bertan OMEren Europako adarrean dauden herrialdeetan 12 milioi COVID-19 kasu atzeman zituzten: izurri osoko kopururik handiena izan da hori. Horiek horrela, erietxeetako pazienteen kopurua hazi eta hazi ari da oraindik ere. Alde bat dago, ordea, nazioarteko osasun erakundearen arabera: ZIUetan ez da igoera hori ikusten, eta heriotzen kopuruak ere gora egiteari utzi dio. Baina birusa guztiz zabalduta dago, eta transmisioa oso altua da. Horra datu adierazgarri bat: izurri osoan diagnostikatutako kasuen %30 2022a hasi zenetik atzemandakoak dira.

Kopenhagen solastatu da gaur Kluge. «Izurri osoan ez dugu izan orain dugun gisako egoerarik», azaldu du: «Eta luzera begirako lasaitasuna ekar diezaguke, transmisioa gordinduta ere, herritarrek babes maila altuagoa baitute, baita aldaera are bortitzago baten aurrean ere«, azaldu du. Uste du aukera dagoela oraingo egoera «bake iraunkorra ekar dezakeen su-etena» izateko. COVID-19aren aurkako murrizketa guztiak bertan behera utzi dituzte hainbat herrialdek, esaterako Danimarkak, eta horren aurrean ez du alde edo kontrako jarrerarik azaldu OMEko buruak: «arriskuak eta onurak« aztertuta hartutako erabakiak izan direla esan du.

Omikron aldaeraren BA2 aldaerari «adi» erreparatu behar zaiola onartu du, baina itxura guztien arabera ez dakarrela aparteko larritasunik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.