Ollok jarrera «eraikitzailea» eskatu die alderdiei II. Bizikidetza Plana aurrera eramateko

Informazioa biltzen ari direla eta laster eragileekin elkarrizketak hasiko dituztela esan du Nafarroako Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak.

Ana Ollo, ezkerrean, EBk ezarritako Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira Nafarroako Gobernuak egindako kontzentrazioan. JESUS DIGES / EF
Ana Ollo, ezkerrean, EBk ezarritako Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira Nafarroako Gobernuak egindako kontzentrazioan. JESUS DIGES / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko martxoaren 13a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernua II. Bizikidetza Plana ontzen ari da. Ana Ollo Nafarroako Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak esan duenez, «gogoeta fasean» dago orain. Iragarri du laster irekiko dutela parte hartzeko fasea, eragile sozialek eta alderdiek ekarpenak egin ditzaten. «Jarrera eraikitzailea» eskatu die denei, gaur parlamentuan egin duten osoko bilkuran.

Izan ere, urak harro datoz Nafarroako Parlamentuan bizikidetza gaiei dagokionez. Astelehenean UPN, PP eta Vox ez ziren joan Europako Batasunak Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira egin zuten ekitaldira, eta giroa gaiztotua dago. Horregatik eskatu die alderdi guztiei elkarrizketaren bidezko jarrera «eraikitzaile eta propositiboa» 2025-29 bitarteko II. Bizikidetza Plana egiteko orduan, «gizarte askotariko eta pluralean» aurrera egiteko.

Bizikidetza politikoan hobetzeko oinarri sendoagoak jarri nahi lituzkeela esan du, eta hobekuntzak nahi lituzke biktimen arretaren inguruan, «baita motibazio politikoko indarkeria guztiaren deslegitimazioa ere».

Ohartarazi du, halaber, Nafarroako bost biztanletik bat kanpotik etorria dela, eta ganberan aniztasun horren inguruan zabaltzen diren gezurrek eta beldurrek ez dutela laguntzen bizikidetzan.

Hiru ardatz

Hiru ardatz nagusi ditu elkarrizketarako prestatzen ari diren planak: «Biktimen memoria eta bizikidetza politikoa, aniztasunezko elkarbizitza eta giza eskubideak». Informazioa pilatzen ari dela esan du, eta horrekin gogoeta egiten, eragileekin parte-hartze prozesua ireki baino lehen.

Uste du bizikidetza sozial eta politikoa modu baikorrean eraiki behar dela, «iraganaren memoria kritikoa egitea garrantzitsua dela ahaztu gabe». Nafarroak indarkeriaz betetako iragana duela esan du Ollok. ETA, 1936ko kolpe militarra eta «biolentzia politikoaren biktimak» aipatu ditu horren harira. «Tentagarria da hori dena hauteskundeetarako tresna gisa edo tresna alderdikoi gisa erabiltzea, baina gizarteari ez genioke mesederik egingo». Eta ohartarazi du nazioartean dauden diskurtsoez «kutsatzeko» dagoen arriskuaz, «ezberdin pentsatzen duena auzitan jarrita, pertsonak ez balira bezala».

Mikel Asiain Geroa Baiko legebiltzarkideak galdetuta azaldu ditu II. Bizikidetza Planari buruzkoak Ollok, eta Asiainek berak hitza hartu duenean, auzitan jarri du legebiltzarreko giroa aintzat hartuta, ea «maila emateko gai» izango diren, eta kritikatu du asteleheneko elkarretaratzearen harira alderdi batzuek izandako jarrera. «Ezinbestekoa da memoria partekatua eraikitzea, giza eskubideak sustatuta». Eskatu du, halaber, ez egiteko kontakizun baztertzaile bat «indarkeria terroristaren ondorioekin, biktimen lekukotzak, bizipenak eta gogoeta jasota». II. Bizikidetza Planean Nafarroako aniztasunaren argazkia jasotzea nahi luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.