New Yorken zendu zen atzo Oliver Sacks (London, 1933, New York, 2015) neurologoa eta idazlea. 82 urte zituen, eta maiatzean New York Times egunkarian aditzera eman zuenez, kantzer bat zuen gibelean. Hainbat gaixoen kasu klinikoetatik abiatuta idatzitako hamaika liburuk nazioartean ezagun egin zuten.
Hain zuzen ere, Sacks-ek maisuki asmatu zuen gaitz neurologikodun pertsonen erronkak eta bizitzak islatzen. Horren adibide dira, esaterako, haren libururik ezagunenak: Antropologo bat Marten, The Man Who Misttook His Wife for a Hat (Haren emaztea kapela batekin nahasi zuen gizona) eta Awakenings (Iratzarraldiak).
Idatzitako azken liburuetan, berriz, haren bizipenak izan zituen mintzagai. Horren lekuko dira, besteak beste, Hallucinations (Haluzinazioak), LSD eta anfetaminekin egindako experimentuen ingurukoa; mutil koxkorra zela kimikari zion maitasunaren inguruko Uncle Tungsten (Tungsteno osaba), eta On the move (Mugimenduan), aurten inglesez argitaratutako autobiografia.
Maiatzean New York Times-en argitaratutako gutunean, haren bizitzarekin pozik agertu zen Sacks: “Ezin dezaket bildurrik ez duenearena egin; baina, batez ere, esker oneko sentitzen naiz. Maitatu dut eta maiatatua izan naiz; asko eman didate eta zerbait eman dut bueltan; irakurri eta bidaiatu dut eta pentsatu dut, eta idatzi dut. Munduarekin harremana izan dut, idazleek eta irakurleek munduarekin duten harremana”, azaldu zuen.
Euskarara ekarritako haren liburuak
Gutxi dira euskarara ekarritako Sacksen liburuak. An Anthropologist on Mars: Seven Paradoxical Tales jatorrizko izenburua duen liburuak bi itzulpen ditu: lehena Edorta Agirrek egin eta Gaiak argitaletxeak kaleratua, bi liburukitan —2002an bata eta 2003an bestea—, Zazpi kontaera paradoxiko: antropologo bat Marten izenburuarekin; bigarrena Xabier Olarrak egin eta Euskal Herriko Unibertsitateak 2003an kaleratua, Antropologo bat Marten izenbuurarekin. 2006an, berriz, Oaxacako egunerokoa argitaratu zuen Gaiak argitaletxeak, Jaione Alberdik euskaratuta; AFS Ameriketako Iratze Elkarteko kidea zen Sacks, eta elkartearekin Oaxacara (Mexiko) egindako bidaia batean idatzitako egunerokoa da. Azkenik, 2008an, Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona —The Man Who Mistook His Wife for a Hat jatorrizkoan— kaleratu zuten Pentsamenduaren Klasikoak bilduman, Amaia Astobizak euskaratua; obra horretan oinarritutako izenburu bereko antzerki lana taularatu zuen Txalo konpainiak 2001ean, Ramon Bareak zuzenduta.