Olioa eta ozpina bezala

Egoera ekonomikoari eta alderdien ohiko krisiari erantzuteko, alderdi eta plataforma berriak sortu dira azkenaldian. Datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begira jarrita dauzkate esperantzak, baina zail dute bat egitea.

jokin sagarzazu
2014ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Lau hankako mahaiaren irudia maiz erabiltzen da euskal politikagintzan; lau familia politikoena. Baina bosgarrena ere egon da beti, eta azken hogei urteotan, behintzat, sigla batean bildu da: Ezker Batuaren inguruan. Koalizio horren banaketak eta Espainiako alderdi sozialistaren krisiak ekarri du berregituratze bat sektore horretan: PSE-EEtik hasi eta beren burua «ez-abertzaletzat» duen espazio horretan.

Europako hauteskundeetako iazko emaitzen arabera, %15,9 ordezkatuko luke, batez beste, Hego Euskal Herrian. Inoiz izan duen babesik handiena izango litzateke hori, eta sozialisten pare jarriko litzateke. Hala izanik ere, oso ahula da oraindik sigla saltsa horren trinkotasuna. Eta zaila da, gaur-gaurkoz, bakarrean mamitzea. Olioa eta ozpina bezala, banaturik jarraitzen dute, eta hala jarraituko dutela dirudi.

Krisialdi ekonomikoa, ustelkeria eta PSOEren gainbehera. Osagai horiek dira, analisten arabera, sektore horren gorakadaren arrazoi nagusiak, Espainian bezala, Hego Euskal Herrian ere. Egun, bi buru nabarmentzen dira EAEn: Irabazi eta Ikune. Eta beste bi Nafarroan: Ezkerra eta Podemos.

Irabazi osatzen dute Ezker Anitzak, Equok eta Alternativa Republicanak. Hirurak, funtsean, Ezker Batua-Berdeak-en banaketatik datoz, eta hiru alderdik sortutako plataforma izan arren, sustatzaileek diote «herri mugimendu» gisa funtzionatu nahi dutela, herriz herri eta «hauteskunde dinamikatik haratago». «Instituzioen kontrabotere moduko bat osatu nahi dugu», azaldu dio BERRIAri Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaileak.

Ikune, berriz, Araba eta Bizkaiko hamabost herritako hainbat hautetsi independentek osatzen duten plataforma bat da. Azpimarratu dutenez, euren ideologia «printzipio orokor» batzuetan oinarritzen da: glokalizazioa —udalerri mailan hartutako erabakien autonomia—, herritarren parte hartzea eta giza eskubideak. Podemosekin bat egiteko aukera mahai gainean jarri dute, eta hitz egin dute haiekin, baina, oraingoz, ez dago ezer itxita, kazeta honi azaldu diotenez. Baztertu egin dute, halere, Irabazirekin bat egitea, ez dutelako egoki ikusten plataforma sortzeko modua eta sustatzaileek hasieratik oinarri ideologiko «finko» batzuk ezarri izana.

Ikunekoek azaldu dute Araba eta Bizkaiko berrogei herritan aurkezteko gai direla. Gipuzkoan ari dira taldeak sortzeko saioak egiten, eta Nafarroan, «oraingoz», ez dute kiderik. Horrez gain, hiru herrialdeetako Batzar Nagusietan aurkeztearen alde egin dute, urri amaieran eta azaroan egin dituzten batzarretan, %95eko babesarekin. Argi dute, halere, euren «lan eremua» udalerria dela. «Batzar Nagusietan udalei zuzenean eragiten dieten erabaki asko hartzen dira, eta guk eroale lana egin nahi dugu Batzar Nagusien eta udalen artean».

Ezkerra eta Iratzarri-EKI

Hortik kanpo ere badaude beste alderdi txiki batzuk, azken hauteskundeetan bakarrik edo koalizioan aurkeztu direnak: Iratzarri-EKI, duela bi urte Aralarretik banandutako taldea, eta Ezkerra, Ezker Batuaren zatiketatik sortutakoa —Javier Madrazo sailburu ohia da aurpegi ezagunena—.

Ezkerrak «erabat baztertua» du bakarrik aurkeztea. Podemosekin aritzeko nahia agertu du; hala ere, alderdi horretako kideek BERRIAri azaldu diote «gertutik jarraitzen» eta parte hartzen ari direla sortzen ari diren «hainbat herri dinamikatan», Bilbo Irabaziz plataforman, adibidez.

Bilbo Irabaziz-ek ez du zerikusirik Ezker Anitzak-eta sortutako Irabazi plataformekin —Donostia Irabazi plataformarekin, kasurako—. Kataluniako Guanyem eta Galiziako Mareas bezala, espazio subiranoa da Bilbo Irabaziz, eta ez du lotura zuzenik alderdiekin. Bilbo Irabaziz-en, halere, parte hartzen ari dira, modu pertsonalean, hainbat alderditako eta beste talde batzuetako kideak: Ezkerrakoak, Podemosekoak eta baita Irabaziko jendea ere, BERRIAk baieztatu duenez.

Iratzarri-EKIkoak ere izan dira bileretan. Aralarretik banatutako talde horretako kideak Ezker Anitzarekin batera aurkeztu ziren Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Orain, erabaki dute Irabazi plataforman ez parte hartzea. «Egiaztatu ahal izan dugunez, estatuaren logikari soilik erantzuten dio, eta euskal ezkerraren berezko esparruari uko egiten dio. Planteamendu hori legitimoa da, baina ez da EKIrena. EKIren batzarrak onartu duenaren arabera, Euskadi mailako hauteskundeetan EKIk soilik parte hartuko du Euskadin erabaki guztiak hartzen dituzten ekimenetan», azaldu diote kazeta honi, idatziz. Nafarroako udal eta foru hauteskundeen kasuan, berriz, azaldu dute Geroa Bai «babestuko» dutela. Igandean «delegazio bat» bat izan zen Uxue Barkos presidentegai eta Itziar Gomez Iruñeko alkategai aurkezteko eginiko ekitaldian.

Podemosek, berriz, oraindik ez du argitu zer egingo duen. Nafarroan EAEn baino argiago dago jokalekua. Hango hauteskundeak «autonomikotzat» jota, zerrenda aurkeztea «aurreikusten» dute —otsailean erabakiko omen dute hori—. Azkenean hala izango balitz, Podemosek ez luke bat egingo sektore horretan kokatutako beste taldearekin, Ezkerrarekin. Banatuta aurkeztuz gero, bai Podemosek, bai Ezkerrak emaitza onak eskuratuko lituzkete. Europako hauteskundeetan %9 lortu zuen bakoitzak.

EAEko argazkia nahasgarriagoa da, batzuek eta besteek lor dezaketen babesari dagokionez, behintzat. Europako hauteskundeen emaitzen arabera, pareko egongo lirateke Podemos eta Irabazi: %7 bakoitzak. Azaroaren 5ean Eusko Jaurlaritzak kaleratutako inkestaren arabera, aldiz, bataren eta bestearen arteko aldea handia izango litzateke: bakarrik aurkeztuz gero, Irabazik ez lituzke Ezker Anitza eta Equoren 2011ko emaitzak hobetuko: %3ren bueltan ibiliko litzateke, batez beste. Podemosek, berriz, eutsiko lieke Europako hauteskundeetako emaitzei.

EAEko Podemosek, baina, ez du oraindik jakinarazi zer egingo duen foru hauteskundeei begira. Bai, ordea, udal hauteskundeetan. Ez dela bere siglekin aurkeztuko. Hala adostu zuten urri amaieran alderdiaren sortze batzarrean, Madrilen. Podemoseko kideek, baina, askatasuna dute alderdiaren printzipioekin bat egiten duten herri plataformetara batzeko. Eskaintzarik ez dute falta: Irabazik eta Ikunek eskua luzatu diete udaletarako eta Batzar Nagusietarako bozetan batera parte hartzeko. EAEko Podemoseko kideen adierazpenei erreparatuz gero, baina, badirudi Irabaziren parte izateko aukera baztertu dutela jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.