GALi egotzitako lehenbiziko ekintza izan zen Segundo Mareyren bahiketa, 1983an. Handia izan zen ekintzak utzitako arrastoa. Luzea, ondotik ekarriko zuen guztia, auzibidea barne. Olga Tubau abokatuak hartu zuen kasua bere gain, Marey defendatzeko, eta, hain zuzen, Jose Barrionuevo, Rafael Vera eta beste kargudun batzuk kondenatzea erdietsi zuen 1998an, handik urte gutxira aske geldituko baziren ere. «Mina eta tristura eragin zizkidan». Horiek guztiak gogora ekarriz, eta Barrionuevok berriki eginiko adierazpenen harira, Vilaweb hedabideak elkarrizketa egin dio abokatuari. Aitortu duenez, Espainiako Gobernuko Barne ministro ohiaren hitzek ez dute batere harritu. «Tonuak, bai».
Mareyren bahiketari buruzkoak eta horren ondorioak errepasatu ditu Tubauk elkarrizketan. Gogorra ekarri dituzte ekintzak Mareyri eraginiko kalteak, bai eta auzitegietan egin zituen deklarazioetarako prestatzeko hitz egindakoak ere. Nabarmendu duenez, «agerikoa» zen Barne Ministerioak zerikusia zuela auzian.
Ikusi gehiago:«Maila instituzional goreneko adierazpen bat» eskatu dute GALen biktimek
Hain zuzen, Barne ministro ohiak esandakoei buruz, Tubauk adierazi du eginiko adierazpenek ez dutela harritu, «inondik ere». «Sententzia irmo bat dago, argi esaten duena Mareyren bahiketa antolatzen jardun zuela», zehaztu du. Ordea, aitortu du Barrionuevoren manerek harritu egin dutela. «Harrokeria puntu hori, eta egindakoa justifikatzeko darabilen legitimitate morala. Gainerako herritarrek hori babestuko eta txalotuko bagenu bezala hitz egiten du», azaldu du abokatuak.
Hala eta guztiz ere, Tubauk adierazi du gerra zikinari buruz esandakoek ez dutela eraginen ikerketa berriz zabaltzea, eta jadanik badagoela sententzia bat, 1998koa. «Irmoa da, eta frogak garbiak dira», zehaztu du.
Azaldu duenez, gainera, urteek aurrera eginda ere Tubauk GALen auzia «ezin sinetsirik» segitzen du. «Nola da posible estatu batek halako izugarrikeriak egitea? (...) Estatu demokratiko batean, non hitzematen dizuten estatuak babestu egiten zaituela, nola antola ditzakete bahiketak, hilketak?».