Oldarraldi judizialaren aurkako elkarretaratzea egin dute Kontseiluak, ELAk eta LABek Bilbon

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera botatako lan eskaintza publikoagatik protesta egin dute sindikatuek eta euskalgintzak. Bizkaiko Foru Aldundiak epaiari helegitea jarri izana txalotu dute.

Euskalgintzaren Kontseiluak iaz Bilbon eginiko elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Euskalgintzaren Kontseiluak iaz Bilbon eginiko elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urtarrilaren 16a
15:15
Entzun

Iragan astean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren LEP lan eskaintza publiko bat berriz eginaraziko duela, euskara eskakizunak «neurriz kanpokoak» direlakoan. Ebazpen horren aurka protesta egin dute gaur Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek Bilbon, aldundiaren egoitzaren aurrean. «Euskararen normalizazioaren aurkako ofentsiba judiziala» salatu dute, eta Bizkaiko Foru Aldundia premiatu, «eman beharreko pauso guztiak ematera».

Auziak jatorria du iazko martxoan: Bilboko epaitegi batek ebatzi zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren lan eskaintza publiko horretarako euskara maila jakin bat eskatzea «neurriz kanpokoa» zela. Are: gazteleraz soilik dakitenentzat «diskriminatzailea» dela ziurtatu zuen. Lan eskaintza publikoa 2021ekoa da, 77 lanpostukoa, administrari lanetarakoa; 71 lanpostutarako eskatu zuten euskara maila jakin bat. Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea jarri zuen, baina hura atzera bota du orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak; horrenbestez, errepikatu egin beharko dute prozesua.

Hala ere, epaia ez da irmoa, eta aldundiak iragarri du beste helegite bat aurkeztuko duela. Erabaki hori txalotu dute Kontseiluak, ELAk eta LABek, eta diputazioari galdegin diote amaitu gabeko hautaketa prozesuak bururaino eraman ditzan.

«Botere judizialak euskararen normalizazioari egiten dion oldarraldiaren» barruan kokatu dute epai hori protestariek: «Herritarrek euskaraz artatuak izateko dituzten eskubideen eta langileok euskaraz lan egiteko dugun eskubidearen aurkako erasoa da. Enplegu publikoa egonkortu nahi duten pertsonen eta enplegu publikoaren hautaketa prozesuen aurkako eraso zuzena». Egoera horrek langileei eta hautaketa prozesuan parte hartzen ari direnei «ziurgabetasuna» eragiten diela adierazi dute.

Salatu dute, halaber, Bizkaiko Foru Aldundia eta beste erakunde publiko asko ez direla «gai, oraindik ere, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko»; horregatik, nabarmendu dute beharrezkoa dela «euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitzea», besteak beste, hautaketa prozesuei «segurtasun juridikoa» emanez. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiko langileak animatu dituzte «epai euskarafoboen aurka» mobilizatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.