«Oldarraldi faxistari» aurre egiteko manifestazio koloretsua egingo dute ostiralean Errenterian

Voxek larunbatean ekitaldi bat egiteko baimena eskatu du. Horren harira, herriko hainbat eragile batu dira, «eskubideen eta askatasunen aldeko» mezua zabaldu dadin ostiralean Errenterian.

Ostiralean, faxismoaren aurkako manifestazioa antolatu duten taldeen agerraldia, gaur. OARSOALDEKO HITZA
Ostiralean, faxismoaren aurkako manifestazioa antolatu duten taldeen agerraldia, gaur. OARSOALDEKO HITZA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko otsailaren 19a
19:45
Entzun

Faxismoaren kontrako manifestazio bat egiteko deialdia zabaldu dute gaur Errenterian (Gipuzkoan), askotariko eragileak tartean zirela. Izan ere, Vox eskuin muturreko alderdiak baimena eskatu dio udalari karpa bat jartzeko, ekitaldi bat egin eta «programa zabaldu ahal izan dezan», eta udalak eman egin dio.

Larunbatean «Gernika bonbardatu zutenen oinordekoak etorriko dira», esan dute hainbat herritarrek egin duten agerraldian. Uste dute herritarrak probokatzera datozela: «Ez datoz bozka bila, ez datoz bazkide gehiagoren bila. Hona datoz badakitelako hemen borrokaren genealogia indartsu bat dagoela, herri borrokalaria dela gurea».

Hain zuzen, genealogia horren laburpena egin dute. «Berrogei urtez errepresio gordina jasan behar izan zuen herri bat da gurea; gure nortasuna ukatu ziguten, euskara erabiltzea eta ikastea debekatu, emakumeok menpeko eta meneko bizitzetara kondenatu, sexu eta identitate disidenteak ukatu». Baina azpimarratu dute zapalkuntza horiei guztiei herri gisa erantzun dietela.

Horrexegatik deitu dute beste pauso bat egitera, «eskubideen eta askatasunen alde». Herriaren pluraltasuna erakustea da mobilizazioaren asmoa: «Gaur elkartu garenon arteko konfluentzia da herri honen izaera marrazten duena. Askotariko herritarren arteko herri komunitarioa, askotarikoen arteko aliantza. Sinetsita gaude gure herriaren alde elkarrekin ekinez, eskubide eta askatasun gehiagoren alde lerrokatuz, ateak itxiko dizkiogula oldarraldi faxistari».

Herriko eragileek eta hainbat pertsona ezagunek deitu dute mobilizaziora. 19:00etan abiatuko da, plazatik: «Mobilizazio zabal, indartsu eta alai bat egingo dugu herrian zehar». Larunbatean, berriz, herriko kaleak eta etxeetako balkoiak «aldarriz» betetzeko deia egin dute antolatzaileek, eta eskaera argia egin dute Voxen ekitaldiari begira: «Vox edo faxismoaren edozein adierazpen gutxiesteko eta probokazioetan ez erortzeko eskatzen dugu. Gure herrian eta gure bizitzetan hutsalak izaten jarrai dezatela».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.