Nerea Martiarena. Sustrai Erakuntza Fundazioko kidea

«Olatzagutiko proiektua utzi beharko lukete, eta hutsetik hasi»

Portlanden hondakinak erretzearen aurka manifestazioa eginen dute gaur Altsasun. Parte hartzera deitu du Sustrai fundazioak.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Lekunberri
2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Sustrai Erakuntzako kide Nerea Martiarenak (Ziburu, Lapurdi, 1977) ez du zalantzarik. Gobernuak hutsetik hasi beharko luke, eta hondakinak kudeatzeko plan berria egin.

Onartutakoa bertan behera utzi dute epaileek. Zer deritzozu?

Ez da erabateko garaipena, bainapozteko modukoa da. Ikusten genuen gobernuak plan horretan ez zuela guretzat garrantzitsu diren kontuen aldeko apusturik egiten. Hau da, birziklatzea, berrerabiltzea eta ahal den neurrian zaborrik ez sortzea. Plan horrek ez zion horri lehentasunik ematen. Ez da egon parte hartzerik, gainera, eta ekonomikoki ez zen plan bideragarria. 200 milioi eurokoa zen aurrekontua.

Errauste planta bat aurreikusten zuen gobernuak hasieran, baina tokia zehaztu gabe. Horregatik baliogabetu dute plana. Gero, Portlanden zaborra erretzeko bidea zabaldu zuen gobernuak. Epaileen erabakiak izanen du eraginik egitasmo horretan?

Bi plan ezberdin dira, baina politikoki argi dago bide berean daudela bi proiektuak. Horregatik, guk argi dugu epaileen erabakiak eragin beharko liokeela egitasmo horri. Olatzagutiko egitasmo horretan gertatu da nafar guztiona den arazo publiko bat esku pribatuetan utzi duela gobernuak.

Hankamotz gelditukoda proiektua, planik gabe?

Argi dago baietz, justifikatzeko baliatzen baitzuten. Izen batekin edo bestearekin, asmoa bera da.

Udalaren gainetik egin du gobernuak proiektuaren alde. Zer deritzozu?

Egin dute dena oso azkar. Erraten dute planak eta egitasmo horrek ez dutela zer ikustekorik, baina, finean, haien ekintzen bidez kontrakoa adierazten ari dira. Zalantza asko sortzen dira, ondorioz. Udala ez da alde, herritarrak ere ez, baina haien iritzia ez dute kontuan hartu. Helburu bakarra dute buruan.

Zein da helburu hori?

Helburu ekonomikoa da. Etekina atera nahi dute. Ez da etikoa egiten ari direna, baina badira bertze hainbat auzi kontuan hartzekoak. Herritik oso hurbil dago fabrika, eta ez da ahaztu behar lur azpian akuiferoak ere badirela, eta ura kutsatzen ahal dela. Abeltzainen jarduerari ere eragiten ahal dio egitasmoak. Hemengo ekonomiari egiten ahal dio kalte. Lana sortuko duela esaten dute beti proiektua saltzeko, baina lanpostu bat sortzeko beste bat suntsitzen baduzu, ez zara ongi ari.

Bertze zeregin baterako prestatutako eraikin bat da. Eraginen lioke horrek segurtasunari?

Bai. Eta ikusi beharko da gauzak nola egin nahi dituzten ere. Kontua da dena azkar egin nahi dutela. Eta horrek mila zalantza eragiten ditu. Gainera, atmosfera kutsa dezaketen elementuak isurtzeko orduan, halako fabriketan baino zorrotzagoak dira mugak errauste plantetan. Horiek ere kutsatzen dutela ahaztu gabe.

Informazio gutxi dago?

Bai, informazioa eskasa da. Halako planak orokorrak izaten direlako. Ez dute zehazten. Portland FCCren barruan dago. FCCri eman nahi zaio bilketaren ardura. Hori egiteagatik kobratuko du. Eta Portlandek, berriz, errausteagatik. Dirua, beraz, esku berek jasoko dute. Hori da argi dagoen gauza bakarra, enpresek izanen duten etekin ekonomikoa.

Bertze plan bat egin beharko litzateke?

Helegitea aurkeztu du gobernuak, argi dago ez duela plan osoa berriz egin nahi. Gure ustez, Olatzagutiko proiektua bertan behera utzi beharko lukete, eta hutsetik hasi. Zaborrarena arazo publikoa da. Parte hartzea behar da konponbidea bilatzeko. Guk atez atekoaren aldeko apustua egiten dugu. Eta Sakanan ere aukera hori jarri dute mahai gainean.

Zer ildo izan beharko luke planak?

Parte hartze zuzenaren bidez egindako plana izan beharko luke eta, ekonomiaren aldetik, bideragarria. Landu behar da kontzientzia ere, eta argi utzi egun sortzen duguna baino zabor gutxiago eragin behar dugula.

Eztabaida behar da?

Ezinbestekoa da. Egun duguna da arazo publiko bat esku pribatuetan jartzen dela, energia elektrikoa sortu, eta dirua lortzeko helburu bakarrarekin. Horrek ez du zentzurik, eta Europak ezarritako bidearen alderantzizkoa da, gainera. Gobernuak ez baitu bilatzen zabor gutxiago sortzea, gehiago sortuz gero, etekina handiagoa izanen delako.

Gaur manifestazioa dago Olatzagutiko proiektuaren aurka.

Sententziekin batera mobilizazioa behar da kalean. Batera doazbi ildo horiek. Gure lanak ez du zentzurik kalean mobilizazio eta eskaera hori ez badago. Atzera bota daitezke halako egitasmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.