Karguan zortzi urte egin eta gero, abenduan adierazi zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreorde Iñaki Goirizelaiak Puntueus fundazioko lehendakaritza utziko zuela. Gaur jakinarazi dute nor izango den orain lehendakaria: EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzaile Olatz Arbelaitz. Errenterian (Gipuzkoa) sortua da, 1970ean. 1995etik Informatika Fakultatean irakasle ari da. Aldapa ikerketa taldeko zuzendarikidea da, eta adimen artifizialarekin lotutako ikerketetan ari da, besteak beste. UEU Udako Euskal Unibertsitateko Informatika Saileko sailburua izan zen hainbat urtean, eta azken urteotan Ikergazte kongresuko koordinatzailea izan da.
Puntueus fundazioaren jardunarekiko miresmen hitzekin hartu du ardura berria. «Herri bezala esparru digitalean presentzia izateko ezinbesteko proiektua» dela nabarmendu du. Gaur egun jardunbide «sendoa eta finkatua» duela uste du, eta goraipagarriak direla fundazioaren «profesionaltasuna eta jarrera positiboa».
Arbelaitzek informatikaren arloan egin dituen urratsez aparte, berdintasunaren gainean ere aparteko ardura erakutsi du beti, eta, besteak beste, Berdintasun Batzordeko eta EHUko Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kidea da. Fundazioaren hirugarren lehendakaria izango da: Joan Mari Torrealdaik izan zuen lehenengoz ardura hori, 2012tik 2016ra.
Hain justu ere, 2012an jarri zuten martxan Puntueus. Hain zuzen, .eus domeinua kudeatzea, zaintzea eta sustatzea zuen xede. Helburu nagusi hori ardatz hartuta, esparru digitalean euskararen tokia indartzeko egitasmo asko sustatu ditu.
Fundazioaren patronatua hauek osatzen dute: EHUk, Puntueus elkarteak, Euskaltzaindiak, Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak, EITBk, EKE Euskal Kultur Erakundeak, Euskaltel fundazioak eta Kontseiluak.