ENERGIA

Olatuen indarra energia bihurtzeko

Portu berriko dikean egingo dute, 2007rako; urtean 970 megawatt ekoiztea espero dute

GASTEIZ
2005eko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Datorren udaberrian hasiko da eraikitzen, Mutrikun (Gipuzkoa), itsasoko olatuen indarra energia bihurtzeko egitasmoa. Ez da energia ekoizteko proiektua, ikerketa egitasmoa baizik, Eusko Jaurlaritzak gogoan baitu mota bereko instalazio gehiago paratzeko aukera Bizkaiko nahiz Gipuzkoako kostaldeko beste zenbait tokitan.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu Ana Agirrek eta Garraio eta Herri Lan sailburu Alvaro Amannek ezagutarazi dutenez, Mutrikukoa turbina bat baino gehiago dituen munduko aurrena izango da Eskozian nahiz Azore uharteetan (Portugal) planta bana dago gaur egun, baina turbina bakarrekoak dira biak ere.Lakuak Mutrikuko portu berria egiteko obrak aprobetxatuko ditu olatuen indarra energia bihurtzen duen aparailua jartzeko. «Ez du inongo eraginik izango paisaian», ziurtatu zuen Amannek. 2007an abian izango dela iragarri zuen.

«Energia baliabide urriak daude EAEn»

Eusko Jaurlaritzak froga egingo du Mutrikuko proiektuarekin. Amannen hitzetan, «oso garrantzitsua izango litzateke, aurrera begira, aurreneko saioa ondo ateratzea». Edozein kasutan, jakina, aprobetxatu egingo da sortuko duen energia: 480 kilowatt-eko potentzia instalatua izango du eta espero da urtean 970 megawatt ekoizteko gauza izango dela (mila lagunen energia kontsumoa).

Hala eta guztiz ere, proiektuaren xede nagusia da argibide nahikoa ematea beste toki batzuetan ipin daitekeen jakin ahal izateko. Agirreren esanetan, «beste udal batzuetan ere mota bereko proiektuak abiarazi beharko lirateke».Mutrikuko egitasmoak 3,5 milioi euroko aurrekontua du, eta, halaber, Jaurlaritzak beste 11,5 milioi gorde ditu beste zenbait lan finantzatzeko 2010. urtera bitartean.Sailburuek aitortu zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez direla energia sortzen duten lurraldeak, alderantziz baizik. «Energia baliabide urriak dauzkagu», onartu zuen Agirrek. «Ekoizle txarrak garen bitartean, kontsumitzaile handiak gara», gailendu zuen Amannek.Dena dela, Jaurlaritzak EAEn sortzen den energiaren eta kontsumitzen denaren arteko oreka lortu nahi du datozen urteetan. Agirreren arabera, azkenaldion abian jarritako ziklo konbinatuko zentralei esker, helburua da aurten kontsumitzen den energiaren %85 bertan sortzea; 2010. urterako, berriz, energia guztia (ordurako energia guztiaren %12k energia berriztagarrietatik atera beharko dute). Indize horiek zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzaren 3E Planak.Oraingoz oso ekarri txikia ematen du energia garbi bakoitzak, baina, Agirreren ustez, era guztiak batuz, «oso emaitza onuragarriak» lortuko dira aurki. Eguzkia, olatuak, haizea edo bio-masa profitatzeko ekimen berezia bultzatuko dutela agindu zuen.Mutrikuko egitasmoari esker, adibidez, airera mila tona CO2 botatzea saihestuko dela azpimarratu zuten (erregai fosilak erabiliz isuriko litzatekeena).

Dike berri batean integratu den munduko aurrena

Mutrikuko instalazioa portu berriko dikean jarriko dute, Energiaren Euskal Erakundeak eta Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak taxutu duten proiektuari jarraiki.

Gaur egungo teknologia noraino heltzen den aintzat izanda, gutxieneko desoreka bat behar da mareetan egitasmo hauek behar bezala funtziona dezaten. Bizkaia eta Gipuzkoan beharrezko baldintzak daude.

Energia ez du berez olatuak sortzen: olatuak, dikera iritsitakoan, bertako airea konprimitu eta bultzatu egiten du; aire horrek turbinak mugitu eta elektrizitatea sortzen da. Olatuak dikea uztean egiten duen indarra ere baliatuko litzateke turbinak mugitu eta elektrizitatea sortzeko.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Mutrikukoa dike berri batean integratutako munduko lehen planta izango da. Sortuko duen energia sare elektrikora pasako da.

-

MUTRIKUKO PORTUA



 

Kontrako jarrerak eragin dituen proiektua





Olatuen indarra elektrizitate bihurtuko duen planta Mutrikuko babes dike berrian egingo litzateke. Eusko Jaurlaritzak arrantza portua eta kirol portua ere egin nahi ditu babes dikearen altzoan. Baina dike hori egin gabe dago oraindik eta proiektuak hainbat urteko atzerapena du.

Mutrikun bertan zenbait taldek zalantzan jarri dute Eusko Jaurlaritzaren proiektua. Babes dikea beharrezkoa dela onartu arren, Jaurlaritzaren proiektuari alternatibak aurkeztu dizkiote. Eta arrantza eta kirol portuen proiektua gehiegizkoa dela diote. Neurrigabea izatea eta ingurune ederrenak suntsitzea leporatu diote.Alvaro Amann Jaurlaritzako Herri Lan sailburuak iazko abenduan azaldu zuenez, portua egiteko baimen guztiak lortu dituzte eta babes dikearen obra martxoan hasi nahi dute. 30 hilabete iraungo du eta 21 milioi euroko aurrekontua izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.