«Zirt edo zart egin behar dugu: herritarren eskubideak eta osasun unibertsala bermatuko ditugu, ala negozio pribatuen alde eginen dugu?». Nafarroako Osasun Plataformak galdera zuzena egin zion atzo Nafarroako Gobernuari. Plataforma horrek deituta, 200 bat pertsonak osasun sistema publikoaren aldeko elkarretaratzea egin zuten Iruñean, eta kritikatu zuten gobernuaren eta Sindikatu Medikoaren arteko negoziazioetan mahai gainean jarri dela medikuen esklusibotasuna kentzea. Plataformaren esanetan, «osasunaren pribatizaziora daraman bidea» da hori: «Kezkatuta gaude, Nafarroako Gobernuak interes korporatiboei men egin nahi dielako osasun publikoaren kaltetan». Ia ordu berean, antzeko aldarrikapenak aditu ziren Barakaldoko (Bizkaia) eta Donostiako protestetan ere. Deialdi guztietan, ideia nagusi bat: «Kalitatezko osasun sistema publikoa, denentzat».
Ikusi gehiago:BERRASMATU BEHARREKO SISTEMA
Iruñeko elkarretaratzean, Nafarroako Osasun Plataformako ordezkari Iñaki Moreno Sueskunek «zalantzan» jarri zuen administrazio publikoek izurri garaian txalotutako lankidetza publiko-pribatua: «Osasun Departamentuak sinetsarazi nahi digu harreman horretan bi aldeek jasotzen dituztela onurak; gure iritzian, sistema publikoa parasitatzea da, negozio pribatuei mesede egiteko».
Morenok azaldu zuen, gainera, sistema publikoaren gainbehera ez dela oraingoa: «Zenbait gobernuk ezarritako murrizketen eragina sumatzen ari gara oraindik. Bidea itxi zieten profesional berriei, erretiro adinean ziren langileen ordezkatzea zaildu, aurrekontu publikoak blokeatu zituzten eta gure lanbideak prekarizatu».
Sare publikoa indartzeko, zenbait neurri proposatu zituen: «Lantaldea egonkortu behar da, paziente bakoitzak mediku edo erizain bera ikus dezan artatzen duten bakoitzean; lan baldintza duinak behar dira langileek ez dezaten alde egin; eta horrek eskatzen du osasun sistemaren eta, bereziki, lehen arretaren aurrekontua handitzea, kalitatezko arta presentziala bermatzeko».
Eserialdia Donostian
TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde taldeak antolatuta, hainbat pertsonak protesta egin zuten Donostia ospitalearen aurrean ere, eta manifestarietako batzuek eserialdia ere egin zuten erietxearen barrualdean.
Ikusi gehiago:Aintzat hartuak izateko bide bila
Ospitale horretan artatuak izateko aukera aldarrikatu zuten, Tolosaldeko ospitale berria eraiki arte. Oraingoz, Asuncion klinikan jasotzen dute arta Tolosaldeko herritarrek, baina TOPA taldeak salatu zuenez, erietxe horrek «gabezia handiak» ditu: «Batetik espezialistak falta ditu, eta, bestetik, hango espezialista gehienek ez dute homologatutako titulurik». Azpiegiturarik eza ere kritikatu zuten, «batez ere larrialdietan eta ebakuntza geletan». Azkenik, gogorarazi zuten Tolosaldeko ospitalea eraiki arte «hamar urte» igaroko direla ziurrenik: «Ez da bidezkoa, ezta ekitatiboa ere, horrenbeste urtez jasan behar izatea bigarren mailako arreta».
Manifestazioa Barakaldon
Barakaldon (Bizkaia), berriz, manifestazioa egin zuten atzo, BOPA Barakaldoko Osasungintza Publikoaren Alde elkarteak deituta. «Euskal Herriko osasun sistemaren etengabeko narriadura» salatu zuten, eta berehalako neurriak galdegin zituzten, batez ere, lehen arretaren egoera konpontzeko.
Besteak beste, «itxaron zerrenda luzeak, medikuen eskasia, ordutegien murrizketa eta aurrez aurreko artaren okertzea» txarretsi zituzten antolatzaileek. Horren erantzuletzat jo zituzten «EAJ eta PSE alderdiek ezarritako osasun politikak», BOPA elkartearen ustez, «zerbitzu publikoak pribatizatzeko eta desegiteko estrategia» baten parte baitira: «Osasun publikoaren egoera txarrak milaka pertsona bultzatzen ditu sare pribatura; Eusko Jaurlaritzaren estrategia da».
Lan baldintzak ere kritikatu zituzten, deitzaileen esanetan, osasun langileek egunero egin behar baitiete aurre «lan gainkargari, prekaritateari eta baliabide faltari», eta baita «kudeaketa eredu autoritario» bati ere. Horren aurrean, zerbitzu «publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatekoa» aldarrikatu zuten.
Ikusi gehiago:Olatu zuriak, berriz ere
Osasun sistema publikoa. Protestak
Olatu zuriak, berriz ere
Elkarretaratze eta manifestazio jendetsuak egin dituzte Barakaldon, Donostian eta Iruñean, «osasun publikoaren gainbehera» salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu