1904. urtean jaio zen Telesforo Monzon idazle eta politikari abertzalea, duela 120 urte, eta Olaso Dorrea fundazioak urteurren hori aprobetxatu nahi du museoa eta artxiboa sendotzeko. Hain zuzen, dohaintza bila ari dira proiektuari «bultzada bat emateko».
Bergarako Olaso dorretxeari (Gipuzkoa) museo izaera aitortu dio aurten Eusko Jaurlaritzak, eta, fundazioaren arabera, horrek aukera ematen die «ondare historikoak herrialdeari egiten dion ekarpena indartzeko». Dituzten erronkei aurre egiteko, dohaintza sistema berritu, eta funtsak biltzeko kanpaina bat abiaraziko dute, pertsona fisikoak eta juridikoak jomuga izanda.
Helburua da ideien laborategia sendotzeko eta museoa eta artxiboa garatzeko behar duten hauspoa lortzea. «Irabazi-asmorik gabeko fundazioa izanik, pizgarri fiskal batzuk ematen dizkiete proiektuari ekarpena egiten dioten guztiei, eta horrek erakargarriago egin dezake beharrezkoa den ekarpen hau are», azpimarratu dute.
Pertsona fisikoei dagokienez, «ohorezko babesle dohaintza» berritu dutela azaldu du fundazioak. Konpromisoa bost urtekoa izatea proposatzen dute, Monzonen jaiotzaren 120. urteurrenetik 125. urteurrenera artekoa, hain zuzen, eta donazioa urtean 300 eurokoa izatea. Laguntza horren truke, babesleak abantaila batzuk izango ditu: dorretxerako bisita gidatu bat lau lagunentzat, fundazioaren jarduerak biltzen dituen buletina, eta zenbait editorialekin lankidetzan argitaratutako liburu bat.
Donazioa egiteko edo bestelako lankidetzetarako, interesa dutenek haien web orrialdera jo dezakete, edo fundazioarekin harremanetan jarri.
Indartzen
Ohar batean gogora ekarri dutenez, duela bost urte hasi zuten fundazioa berritzeko prozesua, Monzonen nahiari erantzuteko asmoz. Berrikuntzen artean, 2019an Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategia eratu zuten, «herrialdearen ondare emankorra biltzeko». Honela definitu dute: «Ideien laborategi bat da, Euskal Herriaren garapenerako estrategikoak diren ezagutza arloetan proposamen kualifikatuak sortzeko. Harreman kapitala eta proposatzeko gaitasuna duen etorkizuneko ezagutza estrategikoa sortzeko espazio bat da».
Azaldu dutenez, laborategiak «sinergiak eta lankidetzak» lortzea du helburu, «etorkizuneko erronka konplexuei» erantzuteko, eta hala jarri dituzte martxan hainbat proiektu: besteak beste, Covid-19 eta ondoren zer? liburu kolektiboa, Naziometroa, Txillardegi Gogoeta Gunea eta Gipuzkoako Klima Asanblada.
Egun, berriz, hausnarketa prozesu baten ondoren, hiru arlo nagusitan ardazten da fundazioaren jarduna: hizkuntzari, kulturari eta nortasunari buruzko erronkak identifikatzea, gizartea eraldatzeko politika publikoak aztertzea, eta erronkei aurre egiteko behar diren estatus juridikoen aldaketen inguruan hausnartzea.
Gainera, azpimarratu dute iragana ere gogoan dutela. Horretarako dira, besteak beste, dorretxea ezagutzeko bisita gidatuak eta Monzon-Ganuza saria; orain, dorretxeko artxiboa osatzen ere ari dira.