«Aldaketan sakondu eta atzerapausorik ez emateko» azpimarratu zuen atzo Xabier Olanok maiatzeko hauteskundeetan «gehiengo osoa» lortu beharra. Azken lau urteetako proiektuarekin jarraitzeko konpromisoa hartu zuen EH Bilduren ahaldungai nagusiak Donostiako Miramar jauregian egindako agerraldian, eta Euskal Herriak «bere bidea egiteko garaia» duela nabarmendu. Hori lortzeko tresnatzat proposatu zuen «Euskal Bidea», eta gogora ekarri zuen EAJri eskua luzatu diotela «elkarrekin bidea egiteko», baina haien «ezezkoa» jaso dutela. «Haiekin edo haiek gabe, euskal herritarren gehiengoak erabakitzeko eskubidearen bidean aurrera egin nahi du».
Besteak beste, joan den asteburuan Urkullu lehendakariak elkarrizketa batean esandakoak izan zituen Olanok hizpide. Gipuzkoak «beste gobernagarritasun bat» behar duela zioen lehendakariak bertan, eta EAJ prest legokeela «gobernagarritasun» horren mesedetan beste alderdi batzuekin akordioak lortzeko, nahiz eta ez izan lehen indarra Gipuzkoan. Xabier Olanori «errespetu falta» iruditu zaio lehendakaria modu horretan mintzatzea, «gipuzkoarren lehendakaria ere badelako». Eta Gipuzkoako erakundeei agertutako errespetu falta ez ezik, gipuzkoarrei egindako «mespretxua» ere izan dela nabarmendu du. «Duela lau urte gipuzkoarrek hautetsontzietan demokratikoki erabaki zutenari agertutako mespretxua». Argi du Olanok: «Edozein preziotan aldundira itzuli nahi dute, unionistak bidaia lagun izan behar badituzte ere».
Egibarren argibideak
Besteak beste, lehendakariak esandakoei buruz mintzatu zen herenegun Joseba Egibar GBBko burua Hamaika telebistako Esatea libre saioan. Ontzat eman zituen Iñigo Urkulluk esanak, eta hau gaineratu zuen: «Guk irabaziko bagenu eta Bildu bigarrena balitz, eskubide bera izango luke gobernua osatzeko».
EAJ eta EH Bildu alderdiek gutxieneko gai batzuetan ados jarri beharko dutela ere esan zuen Egibarrek. Erabaki eskubideari buruz ari zela egin zuen adierazpen hori: «Garbi dago EAJk bere aldetik ezker abertzalea gabe eta ezker abertzaleak bere aldetik EAJ gabe ezin dutela gauzatu erabakitze eskubidea».
Euskal Bideari buruz galdetuta, errealismoan oinarritutako proposamena dela esan zuen, egungo instituzioak eta eremuak onartzen dituelako. Hala ere, egungo instituzioak beste errealitate bat sortzeko erabiltzeko proposamenari gabeziak ikusi zizkion. Dena dela, kanpora begira bainoago, ezker abertzalek bere barrura begira egindako proposamena dela deritzo.
Olano: «Gehiengo osoa behar dugu atzerapausorik ez emateko»
EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak «errespetu falta» egotzi dio Iñigo Urkulluri, gipuzkoarren nahia «mespretxatu» duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu