Okupazioaren zilegitasuna defendatzen

Ehunka pertsona batu dira Bilbon okupazio mugimenduak deitutako manifestazioan, autogestioaren eredua defendatzeko

Zabalburutik udaletxerako jaitsiera egin zuen atzo Bilbon okupazioaren aldeko manifestazioak. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Gure etxea defendatzen jarraituko dugu». Ehunka pertsona batu zituen atzo Bilbon Gazte Asanbladen Sareak pankartako mezu nagusi horren atzean. Euskal Herri osoari luzatu zioten mobilizaziorako deialdia antolatzaileek, okupazioaren, autogestioaren eta erresistentziaren alde egiteko. Etengabeak izan ziren okupazioaren aldeko oihuak eta gune autogestionatuak hustearen aurkako aldarrikapenak ibilbidean, eta «okupazioa» izan zen gehien entzun zen leloa. Izan ziren beste batzuk ere, ordea: «Okupazioa delitua bada, gora, gora, delinkuentzia», Gaztetxeak defenda ditzagun», «A, anti, antikapitalistak» eta «Hurrengo gaztetxea, Sabin Etxea». Pankarta nagusiaren, atzean lekuan lekuko gune autogestionatuen aldeko pankartak ere eraman zituzten manifestariek.

Euskal Herri osorako egin zuten deialdia antolatzaileek, baina Bilbok pisu berezia hartu zuen manifestazio amaierako ekitaldian. Juan Mari Aburto Bilboko alkateari erreferentzia eginez abiatu zuen irakurketa Amaia Mintegi Gazte Asanbladen Sareko kideak, esaterako. «Aburto! Begira gaitzazu, hemen gaituzu!».

Bilbo «erakusleiho»

Udaberrian Bilbon hustu zuten Izarbeltz ateneoa izan zuten gogoan ekitaldian, eta baita Bilboko Udalaren aginduz Errekalde auzoan iaz itxi zuten Etxarri gaztetxea ere. Horrez gainera, hustekoarriskuan diren Deustuko Gazte Lokala, Santutxu auzoko Karmela gunea eta Getxoko Tosu espazioak ere izan zituzten gogoan. Eta txalo jo zuten manifestariek gune horien izenak entzuterakoan. Aldi berean, mikrofonotik egin zuten salaketa manifestazioaren antolatzaileek: «Eraso hauek guztiak herri mugimenduaren aurkako erasotzat hartzen ditugu».

Bilboko Udalak hiria «erakusleiho» bilakatzeko asmoa duela kritikatu zuten. «Euren proiektu estrategikoek gazteak prekarizatu eta euren eredutik kanpo dagoen edozein mugimendu akabatzea dute helburu». Hirian milaka etxe huts egon arren, eraikuntza berriak egiten jarraitzea ere txarretsi zuten. Eta husten den gune autogestionatu bakoitzeko, gune berriak okupatzeko deia ere egin zuten manifestazioaren antolatzaileek. «Grina baitago hiri kapitalista honi aurre egiteko».

Zabalburu plazatik atera zen manifestazioa, eta Bilboko udaletxean amaitu zen ibilbidea. Han, okupazioaren ikur erraldoi bat irudikatu zuten plastiko zuri batzuekin udaletxe atzean dagoen Artxanda mendiko soilgune batean, eta pankarta handi bat ere zintzilikatu zuten eraikinaren aurrealdeko faroletan: «Eraiki nahi duzuen infernu honetan, gu su gara, eta zuek errauts».

Gazte Asanbladen Sareko kideen hitzetan, «sistematik kanpo eragiteko arma boteretsua» da autogestioa, eta haren defentsa egin zuten horregatik manifestazio amaieran irakurritako testuan. «Bizitzeko era ezberdin bat» bultzatzen jarraituko dutela zehaztu zuten, eta «eraso» bakoitzak «indartu» egiten dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.