Joan den ekainaren 23an Arbonako (Lapurdi) etxalde bateko lurretan sartu ziren ELBko eta Lurzaindiko hainbat militante, hura okupatzeko. Hiru milioi euroan saldu nahi dute hamabost hektareako laborantza lur bat, etxearekin, eta ELBk eta Lurzaindiak salatu zuten saltze prezioa «espekulatiboa» dela. Oraindik ez dute etsi, eta, okupazioaren hasieratik hilabete bat igarota, sostengua emateko deia egin diete «laguntzeko prest» diren guziei.
Datozen egunetarako egitaraua prestatu dute, «lurra hazkurri emaile izatearen erronka» ardatz hartuta. Alegia, lurra elikadurarako erabil dadin, eta ez diru gehiago pilatzeko. Gaur solasaldi bat eginen dute zapatisten mugimenduaz; bihar, NPB Nekazaritza Politika Bateratuari buruz, eta larunbatean zikiroa prestatuko dute. Heldu den asterako ere iragarri dituzte ekintzak.
Uztailaren 16an Arbonako lurrak erosteko lehentasun partziala eskatu zuen Lurzaindiak, eta, ELB sindikatuarekin batera, beren ekintzak «hozka batez gogortzea» erabaki zuten bi egiturek, lurra ez ezik etxea ere okupatuta. Saltzailearen eta eroslearen arrapostuaren beha diren bitartean, sostengu sarea osatzen segitzen dute: «Okupazioaren hogeita hamargarren egunean 27.500 izenpetze ditu petizioak; Iparraldeko laurogei bat auzapezen sostengua eta hainbat elkarte eta kolektiborena».
Gainera, eragileak berriz bilduko dira gaur Jean Bernard Sempastous Frantziako Asanbleako diputatuarekin. SAFER eta EPFL egiturak ere bileran izanen dira: «Lan bilkura garrantzitsu honen helburua da lege baten plantan ezartzea, laborantza lurrak ez daitezen gehiago joan laborari ez direnen esku».