Prozedura Kriminaleko Legearen erreforma onetsi zuten lehengo astean Espainiako Kongresuan, eta, haren bidez «okupazioa gogorrago zigortzeari» bide emango zaiola salatzeko asmoz, agerraldi bat egin dute gaur hainbat gaztetxek eta kolektibok. 55 eragile dira, Hego Euskal Herri osokoak. Salatu dute, besteak beste, «usurpazioa epaiketa azkarren bidez» epaitzeko era izango dela hemendik aurrera.
Esan dute aldaketa hori propio EAJk proposatuta onartu zela, eta gogor gaitzetsi dute talde jeltzalearen ekinbidea. «EAJk euskal burgesia nazionalaren proiektua babesten du, eta ez langileriarena». Erreformari onespena eman zioten gainerako taldeen jarrera ere kritikatu dute, tartean EH Bildurena. Arrangura erakutsi dute horren harira: «Zuzenketa inoizko gobernu aurrerakoienaren legealdian atera da aurrera».
Adierazi dutenez, toki okupatuetatik jendea «arinago» aterarazi ahal izango da, aldaketaren ondorioz. «Beste alde batetik, epaiketa azkarragoa izango denez, frogak eta defentsarako aukerak murriztu egiten dira», ohartarazi dute. Azaldu dute gizarteko talde kalteberenak oraindik egoera gaiztoagoan jarriko dituela horrek. «Dirua nork duen, hark du arrazoia».
Tankerako neurriak hartu beharrean gizartean egun dauden desberdintasun handiak gainditzera egin behar dela argudiatu dute. «Okupazioa ez da desagertuko miseria sortzen duen gizarte batean bizi garen bitartean. Izan ere, hori da gizarte honen ezaugarri nagusietariko bat: aberastasuna sortzen duen bitartean miseria sortzen duela». Beraz, argi dute okupazioren kontra egitea ez dela bidea. «Okupazioa gogorrago zigortzea, beste behin ere, langileria kriminalizatzea da».
Horiek horrela, aldarria egin dute: alderdi politikoen «fartsaren» eta okupazioaren kriminalizazioaren kontra egitera deitu dute.