Abisatu zuten, eta iritsi da. Jabearekin eta eroslearekin abiatu zituzten elkarrizketak ezerezean gelditu ondotik, 1,3 milioi euroan saldu nahi duten Senpereko (Lapurdi) jabegoa okupatzea erabaki dute ELBk, Lurzaindiak, Ostia kolektiboak eta herriko plataformak. Edozein momentutan finkatu dezakete salmenta jabeak eta erosleak; hori oztopatzea da desobedientzia ekintzaren helburua. Hautetsiei eta herritarrei dei egin diete babesa erakuts dezaten eta okupazioan parte hartzera joan daitezen. «Irabazi arte» egoteko asmoa dutela adierazi du Dominika Ameztoi Lurzaindiko buruak.
Otsail bukaeran jakin zuten salmentaren berri, eta SAFER laborantza lurrak kudeatzeko egituraren bidez lehentasunezko erosketa egiteko aukera aztertu zuten. 50 hektarea baino gehiago ditu jabegoak: etxebizitza bat, 7 hektareako laborantza lur bat, 2 hektareako urmael bat eta oihan eremu zabal bat. Etxebizitza oso egoera kaxkarrean dago. SAFER egitura prest agertu zen erosteko, baina, aurreikusi bezala, jabego osoa erostera behartu zuen jabeak. Prezio horretan, ezinezkoa zaio egiturari.
Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Adam makarroien enpresa duen familia da eroslea. Azken hilabeteetan Senpereko herriko etxean hainbat eragilerekin egin dituzten bilkurak kontatu ditu Ameztoik. «Erraten ziguten hemengoak direla», esplikatu du. «Baina gu ez gara kanpotik heldu direnen kontra ari, espekulatzaileen kontra ari gara. Hemengo jendeek paristarrek bezainbat kalte egin dezakete».
Izan dituzten elkarrizketetan, salmenta bitan banatzea proposatu zuten jabeak eta erosleek: laborantza lurrak 200.000 euroan —balio hori eman zien SAFERek— eta etxebizitza 1,1 milioi euroan. Uko egin zioten eragileek. «Aterabidea da merkatua hein batean atxikitzea. Hasten bagara bereizten, karioago ezartzen... ez!», esplikatu du Ameztoik.
Oraingoz irabazi handirik sentitzen ez badute ere, epe luzerako lanean ari direla erran du. «Ez da egunetik biharamunera aldatzen. Memento batean jendeak ulertu behar du merkatua hori dela: laborariak behar du bere laneko tresna erosi bere lanaren fruituak pagatzeko gisan; eta langileak irabaziaren araberako etxea baizik ez du pagatzen ahal, bestela kanpoan lo egin behar du».
Arbonako esperientzia
2021eko udan Arbonako (Lapurdi) lur batzuk okupatu zituzten Lurzaindiak eta ELBk salmenta espekulatiboa salatzeko. 120 egun iraun zituzten bertan, eta erosleek gibel egitea lortu zuten. Geroztik, lur sailak erosi zituen emakume batek, SAFERek auzitara jo zuen haren kontra «jukutria» egitea leporatuta. Parisko bikote batek hiru etxeak eta lau hektarea erosteko bidea abiatu zeuen, baina ELB eta Lurzaindiko ordezkaritza bat haiek ikustera joan zen Frantziako hiriburura, eta gibel egitea erabaki zuten. Gaur egun, espekulazioaren kontrako pintaketaz betea da Arbonako etxea. «Erakusten du hor nonbait baditugula sostenguak», adierazi du Ameztoik. Arbonako okupazioan izandako esperientzia baliatu nahi dute Senperen ere.