Okupazio mugimendua berrindartzeko deia, Bilbon

Mugimenduaren egoeraz eta egitekoaz hausnartzera bildu dira zenbait lagun, okupazio bulegoak deituta

Igor Uribe Bilboko Okupazio Bulegoko kidea, atzo. JON HERNAEZ /ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Bilbo eta Bilbo inguruko okupazio mugimenduaren egoeraren inguruan hausnartzeko eta hura berrindartzeko asmotan batzarra egin zuen atzo Bilboko Okupazio Bulegoak. Deiari erantzunez, iluntzean Alde Zaharreko Zazpikatu gaztetxean hainbat lagun bildu ziren, etorkizunari begira eginbeharrekoak eztabaidatzeko eta adosteko. «Lau urte hauetan hausnarketa egin dugu, eta hori partekatu nahi izan dugu mugimenduan dagoen beste jendearekin, ikusteko zer ari den egiten egun Bilbon okupazioarekin», azaldu zuen Igor Uribe Bilboko Okupazio Bulegoko kideak.

«Bilbon azken urteotan okupazioaren inguruan sortutako gabeziei aurre egiteko era bilatu nahi dugu», zehaztu du. Hirian eta hiri inguruan mugimenduak jaso izan dituen eta jasotzen dituen «erasoak» ikusita, okupazio mugimenduan parte hartzen duen jendearen «indarrak batzeko» beharra ikusi dute bulegoko kideek: «Gure helburua da, baina batzarraren esku egongo da hori guztia lantzeko zerbait ateratzea». Hain zuzen ere, okupazioaren inguruan gehiago informatu eta lan egingo duen herri mugimendu sendo bat sortu nahi dute.

Gabezia politikoei erantzuna

Haren ustez, okupazioaren izaera politiko eta soziala gehiago jorratu beharra dago gizartean, eta haren gainean dauden topikoak amaitu: «Beti lotu izan da okupazio mugimendua gaztetxeekin eta gazteekin; esan izan da haien gauzak egiteko zeukaten txokoa dela. Baina ez da hori bakarrik, are eta gutxiago etxebizitzez ari bagara». Alde horretatik, okupazioak gizartearen behar bati erantzuten diola azaldu du Uribek: «Okupazioa zerbaiten ondorioa da beti; besteak beste, etxebizitza politika eraginkor baten faltaren eta etxebizitza eskubidea urraturik izatearen ondorio da». Argitu duenez, igarri dute azken bi urteotan gora egin duela okupazioak Bilbon, «eta nabaritu dugu jende helduagoa iritsi dela aholku eske».

Egoera sozioekonomikoadela-eta okupazioa «inoiz baino zilegiago» dela iritzi dio. «Abandonaturik zegoen etxe bat epe batean okupatzen badugu, etxe batbehar dugulako okupatzen dugu».

Bilbon okupazio mugimenduaren kontrako erasoa dagoela dio Uribek, eta hori hiri eredu «jakin» baten testuinguruan ulertu beharra dagoela: «Arlo askotan oso zehaztuta dago hiri eredu hori, bai kultura arloan, bai hirigintzan, eta argi dugu udalak ez duela herritik datorren ezer aintzat hartzen», zehaztu zuen.

Orain lau urte jarri zuten martxan Bilboko Okupazio Bulegoa. Ostiral arratsaldeetan Bilboko Ekoetxean izaten dira, okupazioaren inguruko aholkularitza juridikoa eta teknikoa eta informazioa ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.