Oinazetik, bake ahotsak

Sarek askotariko biktimen bizipenak bildu ditu Gasteizen antolatu dituen bake eta elkarbizitzarako jardunaldien bigarren saioan. Aldeak izan dira, baita adostasunak ere.

Hizlariak eta antolatzaileak, atzo, Gasteizen, ekitaldia hasi aurretik. J. F. / ARP.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Indarkeria mota desberdinak jasan dituzten biktimen ahotsek entzuleen arreta osoa bereganatu dute Gasteizko Europa jauregian. Sare plataformak antolatu eta Gasteizko Udalak babestu dituen Giza eskubideak. Bakea. Konponbidea jardunaldien bigarren saioan, hitza hartu dute Rosa Rodero eta Sara Buesa ETAren indarkeriaren biktimek, Unai Gonzalez Azua sakabanaketa politikak eragindakoak eta Carmen Galdeano GALen bortizkeriarenak. Ikuspegi eta bizipen desberdinak izanagatik, denek bat egin dute elkarbizitza eraikitzeko funtsezko oinarrian: indarkeria egoerarik berriz ez izateko bermeak ezartzea; eta, horretarako, biktima guztien testigantzek osatutako iraganaren kontakizun barneratzailea gizarteratzea.

Azken hamarkadetan izan diren giza eskubideen urraketa askoren testigantzak orain arte ikusezinak izan direla adierazi du Galdeanok. «Oraindik, gertatu dena argitara ateratzen ari gara». Torturak jasan dituztenak, bakartuta daudenak eta gaixotasun larriak dituzten presoak aipatu ditu adibide modura. «Estatuko botereen biktimak» aitortzeko urratsak egiten ari diren arren, «urrats txikiak» dira oraindik ere, Galdeanoren iritziz. «Ezagutzen ez ditugun biktimen testigantzak entzun behar ditugu». Biktima horiek aitortu ahala, Espainiako Estatuak «erantzukizunak bere gain hartu» beharko dituela ziurtatu du.

Buesak biktima guztientzako galdegin du egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. «Memoria barneratzailea» defendatu du, halaber. Haren iritzian, iraganari buruzko kontakizunak «argiki ukatu behar dio zilegitasuna indarkeriari». Aitortu duenez, indarkeria justifikatzen duten mezuek mintzen dute gehien. «ETAren indarkeria iraganean beharrezkoa zen estrategia modura defendatzen dute askok oraindik».

Rodero bat dator Buesaren ikuspuntuarekin. «Batzuek hausnarketa egin behar dute». Ez du uste, ordea, hori posible izango denik oraindik. «Beti faltako zaigu barkamena. Batzuek eskatuko dute, eta beste batzuek, ez». Roderok nabarmendu duenez, zauriak berriegiak dira, eta gai horren inguruko kontakizuna «ezin da idatzi egun». Haren hitzetan, biktimek egin dezaketen ekarpenik baliotsuena beren testigantza ematea da, «atzetik datozenek testigua hartu eta halakorik berriro gertatu ez dadin borrokatu daitezen».

Gonzalez Azuak ere garrantzia eman dio indarkeria egoerarik berriro ez izateko bermeak ezartzeari; uste du «gakoa» dela indarkeriari buruz «hitz egin ahal izateko». Salatu duenez, baina, «sakabanaketa politikaren biktimek ezin dute iraganean hitz egin», oraindik ere eskubideak urratzen zaizkielako.

Gonzalez Azua kezkatuta agertu da «elkarbizitzaren alde egiten den urrats bakoitzeko» Espainiako Estatuak «oztopoak jarri» dituelako. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ekarpenei, ETAren armagabetzeari eta desmilitarizazio aldarriei polizia operazio eta kriminalizazio kanpainekin erantzutea deitoratu du.

Etorkizunerako eskariak

Elkarbizitza sustatzeko heldu beharreko erronkei buruz hitz egin dute lau hizlariek. Gonzalez Azuak gizarteari eskatu dio konponbidearen aldeko «eragile aktibo» bihurtzea. «Horma ahalik eta zabalen eta askotarikoena» eraikitzera deitu du, konponbidearen kontrako «erasoak» eragozteko. Galdeanok iraganari buruzko «hausnarketa kritikoa» galdegin du, eta «Madrilen zain egon gabe» «ausardiaz» aurrera egitea. Buesak «norberaren barnealdera bidaia» egiteko eskatu du, «esentzia humanotik» errealitatea «berreraikitzeko». Eta Roderok «konfiantza osoa» agertu dio euskal gizarteari, «gauzak ondo egin daitezela» exijitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.