Errealitate printzipioa, legezkotasun printzipioa eta printzipio demokratikoa. Gaur-gaurkoz, eta bakoitza bere azalpenekin, burujabetza prozesu baterako EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontuan hartzen dituzten printzipioak dira, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako programetan ere ikusi ahal denez. Errealitate printzipioa: EAE, subjektu politikoa. Legezkotasun printzipioa: bidea, indarrean dauden lege prozedurei jarraituta. Printzipio demokratikoa: erabakitzeko eskubidea, herritarrei hitza eman. Horraino nahikoa adostasun dute. Aldiz, Madrilek EAEn itundu eta onartutakoari ezezkoa emanez gero eginbeharreko ibilbidean ez dute ikuspegi bera. Ondorioz, 2005eko egoera errepikatu ahal da. Orduan, Eusko Legebiltzarrak Estatutu Politiko Berria onartua zuen arren, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen ituna, eta beste urratsik ez zen egin. 2008an ere ez, Konstituzionalak EAEko Kontsulta Legea baliogabetu ondotik.
Politikagintza baldintzatzen zuten faktore garrantzitsuak zeuden orduan: ETAren jardun armatua eta Espainiako Alderdien Legea. Gaur egun ez da legez kanporatzerik eta ETAren indarkeriarik, politika egiteko Espainiaren itxikeriaren aztarnarik baden arren oraindik, Arnaldo Otegiren debekuarekin ikusi denez.
Duela lau urteko EAEko hauteskunde programan EAJk, Iñigo Urkullu EBBko burua zuela lehendakarigai, hitzeman zuen «estatus politiko berria» izateko testu artikulatu bat egingo zela legebiltzarrean, eta, hark onartu ondotik, 2015ean «erreferenduma» egingo zela. Ez da halakorik izan. 2014ko maiatzetik aurrera ia 30 adituren hitzaldiak izan ostean, iazko urrian Joseba Egibar EAJren legebiltzarreko eledunak iragarri zuen legealdian ez zela testu artikulaturik izango. «Gutxieneko oinarriak finkatzera» dei egin zuen. Ez dituzte finkatu. Urkullu lehendakariak alderdiei egotzi die akordioa lortu ez izana.
Gaia berriro mahai gainean izango dute datorren legealdian.
NAZIOA
Indar abertzaleak izanik, EAJk eta EH Bilduk hauteskunde programan ere badiote Euskal Herria nazio bat dela, zazpi lurraldez osatutakoa, eta lurraldeen arteko harremanak estutzearen aldeko proposamenak idatzi dituzte. EAJk «kultur nazioa» ñabardura ere txertatu du egitarauan, PSE-EE limurtzearren-edo: «Gure ustez, alderdi politikoek Euskal Herriaren egungo eta etorkizuneko antolaketaren gainean izan ditzaketen ezberdintasunez harago, oinarrian Euskal Herria lotura sozialez, hizkuntzakoez, ekonomikoez eta kulturalez osatu kultur nazio bat dela partekatu behar dugu». Elkarrekin Podemosek dio «Euskadi nazioa» dela, eta «jurisdikzio administratiboez edo estatalez gain» badela «Euskal Herria gisa ezagutzen den lurralde bat, izaera sozialeko eta kulturaleko loturekin». Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak orain urtebete BERRIAn zioen Euskal Herria ez dela subjektu politikoa, eta gehienez ere nazio kulturala dela. PSEk programan iragarri du «prest» legokeela estatutu berrian nazio kontzeptua sartzeko, «garbi geratuz ez dela oinarritzen balizko burujabetza desberdindu batean, eta zio kulturalak, historikoak eta linguistikoak izateak ez duela esan nahi estatu bat eratzeko eskubide politikoa duenik». PPrentzat EAE, asko jota, Espainiako erresumako nazionalitate bat da.
ERREALITATE PRINTZIPIOA
2004ko abenduan Eusko Legebiltzarrak Estatutu Politiko Berria onartu zuenean, ezker abertzaleak bere estrategian artean ez zeukan txertatua edo onartua Euskal Herriaren errealitate printzipioa eta hortik abiatzea burujabetza prozesua. Bozketa egunean, Otegik, SAren hiru boto erabakigarriak argudiatzeko, estatutu berriaren hitzaurrea nabarmendu zuen, Euskal Herriaren, autodeterminazioaren, galdeketaren eta gatazka gainditzeko prozesuaren aldekoa zela iritzita. Ezker abertzalea gero joan zen garatzen hiru errealitatate juridiko-administratiboen gaineko gogoeta. EH Bilduk iazko urtarrilean aurkeztu zuen Euskal Bidea, eta han dio «kontuan» hartzen duela Euskal Herrian hiru errealitate daudela, eta, estatu propioa lortzeko «prozesu eratzailean, erritmo ezberdinak eta pauso berezituak» izango direla. Lehen urratsetako gisa, EAEn estatus politiko berria onartu behar dela deritzo. EAJk beti defenditu du hiru esparruen errealitatea. Elkarrekin Podemosek ere onartzen du, eta finkatu du itun berri baterako «abiapuntua» Gernikako Estatutua dela.
EAE-KO ESTATUSA
EAJk joan den urtarrilaren 12an aurkeztu zuen bere txostena autogobernu lantaldean, 63 orrialdekoa. 1979tik estatutuak izandako bilakaera aztertu ondotik, Espainiako Estatuaren jarrera «murriztaile eta homogeneizatzaileagatik» EAErako itun berri bat behar dela zioen. Txostenean, EAJk hainbat aldiz erabili zuen estatus politikoaren kontzeptua, baina idatziaren bukaeran, proposamena zehazteko orduan —Euskal autogobernua eguneratzeko oinarriak—, ez zerabilen halakorik, Estatutua baizik. EAJk berak aurtengo otsailean egindako batzar nagusiko agirian Euskadirentzako estatus berriaren oinarriak zekarren bloke baten titulu modura. Orain, EAEko hauteskunde programan, Lurralde antolaketa eta autogobernua atalean, Estatutu politiko berria. Borondatea bera bada, detaile semantikoa izan daiteke, baina hitzekin ere egiten da politika. EH Bilduk «estatus politiko berria» dakar programan, eta Elkarrekin Podemosek, «lurralde estatus berria». PSEk eta PPk ez daukate alde horretatik berritasunik.
LEGEZKOTASUN PRINTZIPIOA
EAErako estatus berria behar dela uste duten hautagaitza guztiek diote hartarako lehendabizi indarrean dauden legezko prozedurak jorratu behar direla. «Euskal autogobernuaren gaurkotze prozesua legalitate printzipioa errespetatuz garatu beharko da; hau da, legezko esparruaren barruan, konstituzionalitatearen blokean ezarritako prozeduretara egokituz», idatzi du EAJk. EH Bildu, bere erreparo guztiekin, prest dago Madrilerako bide hori partekatzeko: Eusko Legebiltzarrean akordioa, erkidegoan lehen galdeketa, Kongresura joan, balekoa balego estatuarekin hitz egin...
PRINTZIPIO DEMOKRATIKOA
Erabakitzeko eskubidea ardatz dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek; herritarren borondate demokratikoa. Gero, bakoitzak du bere proiektua. Urkulluk kanpainan ere esan du erabakitzeko eskubidea ez dela zertan lotu independentziarekin; «autogobernua gaurkotu eta sakondu» nahi du. EH Bilduk euskal estatua du xede, baina taktikoki prest da EAEko estatus berria onartzeko. Elkarrekin Podemosek erkidegoa Espainia «plurinazionalaren» barruan ikusten du, baina programan dio kontsultako aukeretan onartuko lukeela Espainiatik bereizteko galderarik.
Jeltzaleek idatzi dute nahiko luketela erabakitzeko eskubidearen aitortza Espainiako erreforma konstituzional batean egingo balitz, eta, halakorik ezean, Lehen Xedapen Gehigarria sakontzearen alde dira. EAJren ustez, «estatuak negoziatzeko beharra» eduki behar du, «borondante politiko positiboa» izanik «euskal herritarrek adierazitako gurariari erantzuteko beharrezko egokitzapen konstituzionalak eta legezkoak» egiteko. EH Bilduk estatugintza prozesu mailakatua herritarren erabakian oinarritzen du, eta uste du gehiengo politiko, sozial eta sindikalak «subiranotasun osorako» bide orria adostu behar duela. Elkarrekin Podemosen iritziz, funtsezkoa da erabaki eskubidearen bitartez osatutako gehiengoa «alor identitarioan zeharkakoa» izatea. PSEk ez du mugimendurik nahi: «Konstituzioa aldatu arte, gu ez gara sartuko zehaztasunetan» [Mendia].
Eusko Legebiltzarrak onartutako itun berria Madrilera eraman aurretik, erkidegoan galdeketa «gaitzailea» egitea proposatu dute EAJk eta EH Bilduk. Hurrengo pausoa partekatu gabe dute, baina. Hau da, EH Bilduk planteatu du Madrilen ezezko kasuaren aurrean, EAEn aurrez egindako kontsultaren bidez herritarrek onartutakoa garatzeko konpromisoa behar dela, alde bakarreko bideari ekinez; bestela, 2005ekoa gertatuko delakoan. Elkarrekin Podemos hor ez da definitu, baina ez du alde bakartasuna ondo ikusten. EAJk dio «gatazka politikoak konpontzeko metodoa» dela «elkarrizketa, negoziazioa eta indar politikoen arteko akordio zabala», eta printzipio demokratikoa defenditzen du: «Horrelakorik [akordio zabalik] ezean, gizartearen gehiengo jarreraren errespetuan oinarritzen dela esaten duen printzipioa partekatu behar dugu». Dena dela, EAJk alde bakartasuna baztertzen du, eta Espainiarekin alde bikotasuna nahi du, berme sistema bidez. PSEk ondo ikusiko luke bere garaian estatutua erreformatzea, baina ez horrek gizartean «zatiketa» eta Espainiarekin gatazka sortzen baditu; alor soziala eta lurralde historikoen legea lehenetsi ditu. Gainera, programan dio erabakitzeko eskubidearekin independentziarantz pausoa eman nahi duela EAJk ere. PPk ez du estatutu erreformarik sustatuko, eta «mehatxu independendentistari benetan aurre» egin nahi dio.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina. Burujabetza
Oinarriak eta bideak
EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek EAErako itun berria proposatu dute, erabakitzeko eskubidean oinarritutakoa. Zer egin, ordea, Espainiak ezezkoa emango balu? Ez dute ikuspegi bera. PSE-EEk ez dauka estatutuaren erreformarako presarik, eta PPk, asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu