Oinarri-oinarrian, demokrazia

Antiguedadek, Lopezek eta Ibarretxek erabakitzeko eskubideaz eztabaidatu dute Diman

Iñaki Antiguedad, Jaume Lopez eta Juan Jose Ibarretxe, Diman atzo eginiko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Dima
2016ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubidea gauzatzea ez da soilki identitatearekin edo nazio eskakizunekin zerikusia duen auzi bat: funtsean, demokrazia arazo bat da, eta demokrazia egun ulertzen den moduan eguneratzera dator kontzeptu berri hori. Hala azaldu dute, behintzat, Diman (Bizkaia) antolaturiko solasaldian parte hartu duten hiru hizlariek.

Hiru aste barru —azaroaren 27an— egingo dute herri horretan euskal estatuaren inguruko herri galdeketa bat, Bakaikun (Nafarroa) egingo dutenarekin batera. Motorrak berotzen hasteko, Agirre Lehendakaria Center ikerketa taldeak eta Dimako Alkarregaz elkarteak hitzaldi bat antolatu dute, Dimako frontoian. Iñaki Antiguedad EHUko irakasle eta legebiltzarkide ohiak gidatuta, erabakitzeko eskubideaz aritu dira Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoa eta Jaume Lopez Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko zientzia politikoetako irakaslea.

Agirre Lehendakaria Centerren lana eta zereginak azaldu ditu Ibarretxek, eta «munduari begiratu Euskadi ikusi ahal izateko» esaldiarekin laburbildu du eginkizun hori. Globalizazioaren ajeak kritikatu ditu: «Munduan, gaur egun, ez da demokrazia erabiltzen arazoak konpontzeko, gerra baizik; guk demokraziaren alde egiten dugu», esan du.

Mundu globalizatu horretan herriek euren izateari eustearen garrantzia nabarmendu du Ibarretxek. 2030ean Kataluniak eta Euskal Herriak NBE Nazio Batuen Erakundean ordezkaritza izango dutela esan du, eta dei egin die Dimako herritar guztiei azaroaren 27ko galdeketan parte har dezaten. «Botoa eman behar duzue», esan die.

Jaume Lopezek Katalunian izandako prozesua laburbildu du, eta esan du bere herrialdean «iraultza demokratikoa eta herritarren ahalduntzea» gertatu direla. Haren ustez, erabakitzeko eskubideak demokraziaren mugak zabaltzen ditu: «Demokrazia ez da estatikoa: bilakaera izan du historian. Erabakitzeko eskubidearekin ari gara demokraziaren oinarriak eguneratzen».

Lopezen ustez, erabakitzeko eskubideak nazioaren kontzeptua gainditzen du: «Nazio izan edo ez, edozein komunitate politikok, edozein herritarrek eduki beharko luke dagozkion auziez erabakitzeko aukera». Ideia horri eutsi dio Iñaki Antiguedadek ere: «Subiranotasunera iristeko bideak askotarikoak dira: batzuek independentzia nahi izango dute identitateari eusteko, baina beste batzuek, agian, boterea gertuago egotea nahi dutelako».

Antiguedadek aitortu du batzuetan subiranotasunaren aldekoek ikuspegi murritza izan dutela, eta erantsi du subiranotasuna une zehatz batean eskuratzen den zerbait baino gehiago dela, «prozesu bat» dela. «Bide bat da, eta bide horretaz ez dago ezer idatzita», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.