Autodeterminazioaren inguruko eztabaida Europako Parlamentura eramateko asmoz eskatu zion Self-Determination caucus-ak legelari eta politologo talde bati osa zezala halako prozesuak arautzeko zirriborro bat. Elisenda Casanas Edinburgoko Unibertsitateko irakasleak zuzendutako taldeak heldu zion erronkari, eta EB Europako Batasuneko itunak hartu dituzte oinarri gisa. Bruselan egindako konferentzian eman dituzte testuaren xehetasunak.
Ikusi gehiago
Zergatik esku hartu beharko luke EBk lurralde gatazketan? Marc Sanjaume Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak prozesuen «legitimitate etiko eta politikoa» aipatu du. Argudiatu du aldarrikapen horiek EBren balioak ere interpelatzen dituztela, eta, beraz, heldu beharko liekeela bere mugen barruan ere.
Halere, arlo juridikoan egin dute azpimarra. Casanasen esanetan, autodeterminazio prozesuetan lurralde horietako herritarren eskubideak errespetatzen direla bermatzea izan beharko luke helburu EBk. Hain zuzen, batasuneko Funtzionamendu Itunaren 18. artikuluari erreparatu dio. Hartan, besteak beste, «nazionalitatearen araberako diskriminazioa» eragozteko beharra zehazten da. Eta argudiatu du hori bete beharko litzatekeela autodeterminazio prozesuak daudenean ere.
Maite Zelaia EHUko Europagune ikerketa taldeko kideak berretsi du artikulu hori izan dela testua garatzeko oinarri «sendoena». Halere, beste bi elementu ere aipatu ditu: Europako Batasuneko Ituneko 2. eta 10. artikuluak. Horiek EBren balioei eta herritarren eskubideei erreparatzen diete.
Era berean, Zelai Nikolas legelariak adierazi du estatu kideen subiranotasuna errespetatzearekin ere bateragarria dela proposamena: «Onartzen da estatu kidearen barne auzia izan daitekeela, baina eskumena ez da absolutua». Hortik aurrera, prozesuek «arautuak eta adostuak» izan behar dutela zehaztu du. Estatu kidearen eta autodeterminazioa gauzatu nahi duen komunitatearen artean adostutako argitasun arauen bidez, baina EBko berme esparru batean landuta.
Hartara, prozesuak fase bakoitzean izan beharreko bermeak betetzen direla baieztatzeko moduei heldu diete: lehenik, aldarrikapenaren zilegitasuna neurtu —zenbateko babesa duen—; gero, prozesua osatzeko baldintzak bermatu —kalitatezko deliberazioa, erabakia komunitateko herritarrek hartzea...—; eta azkenik, emaitza betearazi.
Hala, EBko erakundeek zenbateraino esku hartu behar duten ere jorratu dute proposamenean. Casanasek azaldu duenez, erakunde komunitarioek «ikuskatzaile neutro» izan beharko lukete. Prozesuak gatazkarik eragingo balu, berriz, «bitartekari»; eta «EBren balioen urraketarik» izanez gero, «zuzenean esku hartu» beharko luke.