Oinarri bat ezartzeko lehen urratsa

Sumar Mugimenduak bere I. Batzar Nazionalari heldu dio, «euskal subjektu politiko» gisa antolatzeko eta oinarri militante bat finkatzeko helburuarekin.

I. Batzar Nazionalaren atariko agerraldia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
I. Batzar Nazionalaren atariko agerraldia, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urriaren 1a
05:00
Entzun

Ezker konfederalaren banaketak eta espazio politiko horrek azken hauteskunde zikloan izandako emaitzek agerian utzi dute haren parte diren alderdiek badituztela egin beharreko etxeko lanak. Eta Sumar Mugimendua izan da horiei heltzen lehena, bere lehen kongresua hasi baitzuen astelehenean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «sustraitzeko» eta mugimendua «ideologikoki berrantolatzeko» asmoz.

Aurrez ere eztabaida publikoak erabakia saihetsezina zela iradokitzen bazuen ere, Sumarren eta Podemosen arteko haustura iazko abenduan egin zen ofizial, alderdi morea Espainiako Kongresuko talde mistora igarotzearekin. Ordutik, espazio politiko horretako bi indar nagusien arteko harremana ezin izan da bideratu, eta horren erakusle izan ziren Galiziako Parlamenturako zein Eusko Legebiltzarrerako bozetarako akordiorik ezak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokienez, emaitza izan zen ezker konfederalak aurreko legealdian izandako sei legebiltzarkidetatik bost galtzea. Eta Sumarren eta Ahal Dugu-ren arteko lehia horretan, lehenak irabazi zuen parlamentuak eskaintzen duen plaza politikoan ahotsa izateko aukera.

Ezusterik ezean, baina, hurrengo hauteskunde erronka 2027ko udal eta foru hauteskundeak izango dira, eta horiek ezinbestean eskatzen dute udalerrietan sustraitzea, gutxienez, udal zerrendak osatzeko eta mugimenduaren inguruan oinarri sozial bat eraikitzeko. Hain zuzen, Sumar Mugimenduaren hutsuneetako bat da oinarri militante falta hori, mugimendua Espainiako Barne Ministerioan erregistratu zenetik urte eta erdi baino gutxiago pasatu den honetan.

«Ez da tarte asko egon geure burua euskal subjektu politiko gisa antolatzeko, ezta antolaketa modu hori kolektiboki erabakitzeko ere»

ALBA GARCIASumar Mugimenduko kidea

Hala, hauteskunde zikloa amaituta, mugimenduak helburu gisa jarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «sustraitzea» eta hiru lurraldeetan «oinarria zabaltzea». Alba Garcia mugimenduko kideak zehaztu duenez, Eusko Legebiltzarrerako bozak egin aurretik ezarritako helburua da, baina hauteskunde zikloak hura orain arte gauzatzea eragotzi die: «Ez da tarte asko egon geure burua euskal subjektu politiko gisa antolatzeko, ezta antolaketa modu hori kolektiboki erabakitzeko ere».

Lan horretan, EAEko Sumar Mugimendua aurreratu egingo zaio estatu mailako egiturari. Izan ere, Madrilen udaberrian ekin bazioten ere prozesuari, hura eten behar izan zuten Sumar koalizioa osatzen duten alderdien arteko desadostasunak zirela medio. Orduan, zenbait alderdik ezbaian jarri zituzten antolaketa eredua bera zein europarlamenturako hauteskundeetarako zerrendak egiteko modua.

Gainera, ordutik egin diren mugimenduek iragarri moduan, estatuko lehen kongresuan adostutako antolaketa ereduan aldaketa batzuk eginda gauzatuko da, kongresu prozesurako ezarritako araudiaren arabera. Izan ere, orduko antolaketa txostenean jaso bazuten ere erkidegoetako zuzendaritza egituren %30 «Sumar osatzen duten alderdi politikoek izendatutako pertsonek» beteko dituztela, EAErako egindako proposamenak jasoa du zuzendaritzak izango dituen kideen ─hamabost eta 30 artean─ «gehienez ere %30» izan daitezkeela beste eragile bateko kide ere, baldin eta ez badira horien zuzendaritzen parte.

Hala, antolaketa berriarekin urrats bat gehiago egingo da mugimendua Sumar koalizioan beste eragile bat balitz bezala txertatzeko. Izan ere, araudiaren arabera, Sumar Mugimenduaren xedea da «beste euskal eta estatu erakunde aurrerakoi batzuekin batera fronte zabal bat gidatzea».

«Sumarren DNA»

Kongresuaren bigarren helburu nagusiak ziklo politiko berrira egokitzeko beharrari erantzuten dio. Garciaren esanetan, xedea da Sumar «euskal politikan gauzak aldatzeko» eragile gisa aurkeztea, eta, bide horretan, ildo politikorako proposamenak indar egingo du «Sumarren DNA» osatzen duten elementuetan: «Publikoa oinarri bat dela ulertzen duen indar politiko bat gara, feminista, antirrazista».

Eta oinarri ideologikoa zehaztearekin batera, hura egungo koiuntura politikoari lotuko diote dokumentuetan. Hala nola testuinguruaren analisiak «sistema neoliberalaren xahutzea» eta indar hartzen ari diren diskurtso erreakzionarioen aurkako «bataila kulturala» defendatuko ditu. Besteak beste, migrazioaren gaia aipatu du Garciak, CISen azken inkestari erreparatuz: «Migrazioa hilabete gutxian bihurtu da herritarren kezka nagusi, baina seigarren postura egiten du behera norberari eragiten dioten gaiez galdetzean. Zergatik? Eskuin muturraren agenda inposatzen ari direlako».

Asmo horiek Eusko Legebiltzarrerako jardunera eramatean, berriz, Osakidetza, etxebizitza eta energia berriztagarriak ezarri dituzte ardatz nagusi gisa, «duten garrantziagatik eta urgentziagatik». Hala adierazi zioten Imanol Pradales lehendakariari uda aurretik egindako bilkuran, eta hala ekin diote lehen egitasmoekin.

Ez dute lehentasunen artean, ordea, estatus politikoaren inguruko eztabaida. Garciaren esanetan, ez diote «beldur» eztabaida horri, eta iristen bada helduko diote, baina ez dute herritarren lehentasunen artean ikusten. Halere, uste dute Gernikako Estatutua berritu egin behar dela, «iraungita» dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.