Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. Mobilizazioak

Oihu bat hitz maiztuen gainetik

Indarkeria matxistaz eta gizarte patriarkalaz «nazkatuta» daudela aldarrikatu dute milaka feministak herri eta hirietan. «Hitzetatik ekintzetara» pasatzea galdegin dute

Su argitan egin zuten protesta Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Javi West Larrañaga - Oihane Puertas Ramirez - Unai Etxenausia - Ion Orzaiz
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun

«Kokoteraino gaude. Minduta, amorratuta eta nazkatuta». Mugimendu feministak ez du diskurtso hutsalik eta promesa maizturik nahi. Indarkeria matxista errotik erauzi nahi dute behingoz. «Ekintzara» pasa. Ozen entzun zen aldarri hori atzo herri zein hiriburuetan, milaka lagun batu baitziren, Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, Azaroaren 25aren karira antolatutako protestetara.

Baionan, esaterako, Moracin plazatik abiatu zen indarkeria matxista salatzeko martxa. Emakume bat erail zuen bikotekideak auzo horretan, eta haren omenez bildu ziren han. 300 lagunek parte hartu zuten ibilaldian, Indarkeria matxista, jendarte indarkeria lelopean. Itziar Varela Bagera kolektibo feministako kideak azaldu zuen leloa: «Indarkeria matxista denen arazoa da, jendarteko arlo guztietan gauzatzen dena. Denek hartu behar dute beren ardura». «Karrika gurea da» oihuen artean, su argiek Errobi ibaiaren bi aldeak argiztatu zituzten ondotik, eta munduko emazte guztiei elkartasuna helarazi zieten.

Itaia taldeko kideek «antolakuntza politikora» deitu zuten, «indarkeria eta ideologia matxistaren erroak borrokatzeko». Zutik elkarteko kideek, berriz, 2005etik Ipar Euskal Herrian bortizkeria matxistak erail dituen emakumeen izenak irakurri zituzten: «Horien artean dira Begoña, Carlota eta Marie Jeanne».

Ikusi gehiago:argazki bilduma

Gasteizko protestan ere gogoan izan zituzten 2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistagatik hildako 108 emakumeak eta, bereziki, aurten zendutako bostak: Aintzane Pujana, Conchi Gonzalez, Maria Pilar Berrio Jimenez, Erika Tavares eta haren izena jakinarazi ez den 75 urteko andre bat, Miarritzen hila. Iparralde gizarte etxetik abiatu zen manifestazioa, eta berehala entzun ziren lehen oihuak: «Bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte!». Emakume pentsiodunak ere batu ziren protestara, «matxismo instituzionala» salatzeko: «Biolentzia da hilabete bukaerara ez iristea» eta «emakume alargunon pentsioa miseria da», aldarrikatu zuten. Foru plazan amaitu zuten manifestazioa. Manifestua irakurri aurretik, bertsoak abestu zituzten bi emakumek: «Gutako bat botatzean, denok altxatuko gara», amaitu zuen batek, eta besteak erantzun: «Mila ahotsen oihua ez dute isilaraziko».

Amorru oihua ozen entzun zen Bilbon ere. Jesusen Bihotzaren plazatik abiatu ziren manifestariak, ilaratan. Eskuko karteletan, ekintzarako deia: «Jarrerarik ez hartzea jarrera hartzea da», eta «Pornoa bortizkeria da». Ahotsetan «Emakume, altxa, hasi da iraultza» eta «Kaleak, gauak, geureak dira». Bozgorailuek «patriarkatua eta kapitala» galdetu, eta oihuek «aliantza kriminala» erantzun.

Udaletxe aurrean amaitu zuten protestaldia. Hilketa matxisten biktimengatik isiltasun minutu baterako deia egin zuten antolatzaileek, baina hamar segundora eten zuten. «Beti eskatzen ditugu isiluneak, baina gaur oihukatzeko tartea eskatuko dugu». Milaka ahotsek egin zuten oihu orduan.

Donostian, batukadaren erritmoan aldarrikatu zituzten «indarkeria matxistarik gabeko bizitzak». Lelo horixe zuen Donostiako asanblada feministak zeraman pankartak. «Erasoen aurrean, autodefentsa feminista» antolatzera deitu zuten, oihuka. Bulebarretik abiatuta, Gipuzkoako hiriburuko kaleak hartu zituzten ehunka emakumek, euritakoak eskuan, hotzari eta euriari aurre eginez.

Aterkien gainetik beste pankarta bat nagusitzen zen, Intziri talde feministarena: Ez gara zuen beldur, zioen kartelak, eta horixe bera transmititzen zuten Donostian mobilizatutakoek. Matxismoak hiltzen duela gogorarazi eta erasoen aurrean «ekintza zuzena» egitera deitu zuten. Alderdi Ederren amaitu zen protesta. Bertan, feministek salatu zuten Donostiako Udalak emakumeekiko duen jarrera. Azaldu zutenez, ezin izan zuten Bulebarrean bukatu mobilizazioa, udalak «karpa erraldoi bat» jarri zuelako. Emakumeen Etxearentzat «egoitza duin bat» ere eskatu zuten.

Iruñeko manifestazioak ere ezohiko ibilbidea izan zuen: Gazteluko plazatik abiatu beharrean, Baluarte plazan elkartu ziren ehunka feminista, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak deituta. «Gora borroka feminista» oihuen artean iritsi ziren Sarasate pasealekura.

Gizonak arreta eske

Matxismoa oraino errotua denaren sinbolorik falta balitz, protagonismoa bereganatu nahi izan zuten bi gizonezkok Iruñeko eta Baionako protestetan. Baionan, martxa abiatu eta berehala heldu zen tentsio unea, gizon batek Indarkeria matxista, erantzun feminista zioen afixa bat paretatik kendu zuelarik. Alde egin zuen gero. Iruñean, berriz, gizon bat saiatu zen manifestazioaren lehen lerroan jartzen, pankartaren aurrean. «Hemen egoteko eskubidea daukat», esan zuen. «Gora borroka feminista» leloekin erantzun zioten han zeudenek, gizonak atzera egitea lortu zuten arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.