Oihana Agirreri elkartasuna azalduko diote bihar

Elkarretaratze bat izango da Donostiako epaitegi aurrean, 12:00etan, bihar hasiko baita haren aurkako epaiketa

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
2007ko irailean, Donostiako estropadetan presoen aldeko manifestaziora deitzeagatik eta Askatasunako kide izateagatik atxilotua izan zen Oihana Agirre urte bereko urrian. Urtebete eta bi hilabete egin zituen espetxean, eta bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dute, «erakunde terroristako kide izatea» egotzita. Atzo arratsaldean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuen Agirre epaitzeko arrazoi bakarra dela «presoen alde eta giza eskubideen eta eskubide demokratikoen alde duen jarduera politikoa». Hartara, bihar, Agirreri elkartasuna adierazteko asmoz, elkarretaratzera deitu dute Donostiako epaitegietan, 12:00etan.

AAMk ohartarazi du Agirreren kontrako epaiketa «preso politikoen eskubideen alde eta elkartasunez milaka pertsonak egiten duten lana kriminalizatu eta zigortzeko saioaren beste adierazpen bat» dela. Hala, gogora ekarri du 2008an eta 2009an hogei lagun izan zirela espetxeratuak, zortzi eta hamar urte bitarteko zigorrekin. «Demokraziaren eta eskubideen ikuspegitik, onartezina dalegez kanpoko jarduera bilakatu izana preso politikoen eskubideak defendatzea eta giza eskubideak urratzen dituen jazarpena salatzea».

Irrintzi elkarteko bi kide

Bilbon, atzo goizean, «presoen aldeko elkartasunaren aurkako beste kriminalizazio kasu bat» salatu zuen AAMk. Ismael Moreno epaileak Irrintzi kultur elkarteko bi kide Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu zituen, «terrorismoa goratu izana» leporatuta. Horietako bat, ordea, ez zen joan, eta Bilboko prentsaurrekoan izan zen. «10:00etan nuen deklaratzeko ordua, baina, ikusten duzuen legez, ez naiz joan, uste baitut elkartasuna ez dela inongo delitua eta ez dela jazarria izan behar».

Jakinarazi du Zazpikaleetako taberna batean presoen argazki batzuk erakutsi izana dagoela guztiaren atzean, eta salatu egin du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren jazarpen kanpaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.