Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. PSOE

Oihalaren atzean

Espainiako Kongresuko presidentearen taldean aholkulari lanetan aritu da Andoni Unzalu legealdi labur honetan.

3 CHEMA MOYA / EFE.
enekoitz esnaola
2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Jaurlaritzako lehendakari izan zenean (2009-2012), Patxi Lopezek bere lantaldean eduki zuen Andoni Unzalu (Zornotza, 1956), eta Espainiako Kongresuko presidente jarri bezain azkar ere deitu zion taldean sartzeko eskatuz. Joan den urtarrilaren 13an izendatu zutenLopez sozialista Kongresuko Mahaiko buru, PSOEren eta Ciudadanosen botoekin, eta astebeterako Madrilen zen Unzalu, hari laguntzeko. Aholkulari lanetan aritu da, eta hala ariko da ekainaren 26ko Gorteetarako hauteskundeen ondoren Kongresuko presidente berria jarri artean.

Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko jardueren aldean —gobernuan Herritarren Partaidetzarako eta Dokumentazioko idazkari nagusi izan zen, aurretik aste batzuez legebiltzarkide izan ondotik—, Kongresuko martxa hasieran «desberdina» egin zitzaion Unzaluri, baina berehala moldatu zela dio. Lopezen lantaldean «barruko lanez» arduratu da: «Gardentasunari begira, aurrekontuak nola argitaratu aztertu izan dugu; obrak eta kontratazioak ikuskatu ditugu —kafetegiko enpresa hartzeko adjudikazioa, adibidez—... Horrez gain, Kongresuko Mahaiko bileren gainean ere egon naiz, baina gai ordenaren ardura eta talde parlamentarioekin-eta harremana Marian Alvarez kabineteburuak eduki du». Hiru lagunek osatu dute taldea, eta eragileak eta herritarrak hartzeko edo haien mezuak erantzuteko astirik ere hartu dute, «garrantzitsua delako». Jendearekin egotean egoera «gogorrak» tokatu zaizkio: «Bere aitak hil nahi zuen emakume bat; etsipenak jota gure atea jotzen duten herritarrena... Saiatzen gara laguntzen». Behin herritar batek Unzaluri esan zion, ikusita gobernuburua izendatzeko arazoak zeudela, bere burua eskaintzen zuela.

Akordiorako kulturarik ez

Ezohiko legealdia izan da, laburra, ezin izan baitute gobernuko presidentea izendatu, eta Mariano Rajoyk (PP) jarraitu du karguan, behin-behinean. «Euskadin ez bezala, Espainian ez dago adostasunerako kulturarik gaur egun. Trantsizio garaian lortu zituzten akordio zabalak, baina gero beti egon izan da alderdi bat nagusi, eta ez du oposizioko lehen indarrarekin ezer lotu beharrik izan. Baina abenduko hauteskundeetatik aurrera lau talde handi egon dira, eta ez dira gai izan gobernuburua hautatzeko gehiengoa osatzeko». Unzaluk azaldu du Mahaian PPrekin soilik izan dituztela arazoak, «ez baitzuen ezer nahi besteekin».

Patxi Lopezek Kongresuko presidente modura egindako lehen hitzaldian elkarrizketaren eta adostasunaren beharra eta aniztasuna aintzat hartzeko eskatu zituen. Unzaluk idatzi zion hitzaldiaren zirriborroa. «Orain dela hamar urtetik egiten dizkiot nik Lopezi hitzaldiak. Gero hark egiten ditu azken aldaketak eta».

Une bat aipatzean, legealdiko aurreneko osoko bilkura datorkio burura, «zoramena» izan baitzen; «hedabideetako zortziehun kide kreditatu ziren». Ondorioztatu du Kongresuko jarduera ez dela «aspergarria». «Kanpotik beste itxura bat hartu ahal zaio, baina barruan zaudela ikusten duzu ez dagoela aspertzeko betarik. Ehunen bat kazetarik bertan egiten dute eguna, eta, prentsaurreko batera deitzeko, nahikoa da Whatsappez hamar minutu lehenago mezu bat bidaltzea. Gainera, 350 diputatuez eta 260 laguntzaileez gain, 680 funtzionario daude. Beraz, hemiziklotik kanpo sekulako bizia dago beste eraikinetan». Urtean 130 milioi euroko aurrekontua du erakundeak. «Asko poztu naiz hilotako jarduera politikoa Kongresuan egin delako. Politikaren espazioa izan da; lehen ez zen horrenbeste».

Alderdietako buruek Felipe VI.a Espainiako erregearekin inbestidura saioei begira egindako bilerek eman zuten zeresanik. «Lehen bilera sailaren ostean,sekulako ustekabea hartu zuen Lopezek, erregeak esan ziolako Rajoyk uko egin ziola hautagaitza aurkezteari [bozetan PP izan zen lehen indarra]. Gogoan dut zeinen harrituta itzuli zen Lopez».

Goizeko zortzi eta erdietan hasten da lanean, arratsaldeko zazpiak aldera amaitzeko. Hilabeteotan maiz geratu dira Kongresuan bertan bazkaltzen: eguneko menua, bederatzi eurokoa. «Asko jaitsi dugu Kongresuko presidentearen protokolo gastua. Lehen, bazen bat bulegotik ateratzean aurretik uxer bat eta atzetik beste bat eramaten zituena. Guk kendu egin ditugu halakoak».

Ez du uste Kongresua zirku bihurtu denik —«gertaera bitxi batzuei gehiegizko garrantzia eman diete hedabideek»—, eta azpimarratu du han egunero berrehunen bat bisitari izaten direla, zahar eta gazte. Bilkuretatik kanpo egindako ekinbideen artean, Miguel Cervantes heriotzaren 400. urtemugako irakurraldia nabarmendu du.

Aipatutako lanagatik Madrilen bizi da urte hasieratik —kanpora ere egin dituzte lan bisitak—, eta asteburuetan tarteka etorri izan da etxera, Euskal Herrira. Ikusteko dago ekaineko hauteskundeen ondotik zein den haren egoera ere, eta zer egiteko moduan izango den PSOE bera. Inkestek ez diote gauza onik iragarri. Aldiz, Unzaluk uste du abenduan baino emaitza hobeak izango dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.