Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari. Atzo gauean egin zuten asanblea, eta osoki berritu zuten Artezkaritza Batzordea. Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.
Ez da pertsona ezezaguna Nafarroan, Osasuna futbol taldeko jokalari ohia baita. Haren izendapena «bizitza profesionalean eta pertsonalean» balio kooperatiboei begira izan duen konpromisoarekin lotu du NIEk. «Ezaguna da euskara eta euskal kulturarekin duen harreman estua».
39 urte ditu Sanjurjok, eta Lizarrako Ikastolako ikaslea izan zen. «Ikasle garaian, Oierrek bertatik bertara bizi izan zituen Ikastolako hezkuntza sistemaren balioak: euskara erabiltzen eta maitatzen ikasi zuen, baita kultur aniztasuna errespetatzen eta aukera berdintasuna sustatzen ere», nabarmendu dute.
Gerora irakasle ikasketak egin zituen, eta gaur egun ikastolako guraso ere bada. Iruñeko San Fermin ikastolan dabiltza haren hiru semeak. «San Fermin Ikastolako kooperatibista den aldetik, parte hartze aktiboa erakutsi du ikastetxearen egunerokotasunean, eta Euskara Batzordearen aitzindarietako bat izan da. Oierrek eta San Fermin Ikastolako beste familia talde batek batzorde hori sortu nahi izan dute euskarak ikastolan duen presentzia eta erabilera bultzatzeko, eta hizkuntzarekiko atxikimendua sustatzeko». Hura lehendakari izendatzeak berretsi egiten du euskara babesteko eta hedatzeko konpromiso irmoa, NIEren hitzetan.
Talde lanerako konpromisoa
Futbolari gisa izandako ibilbidea ere azpimarratu dute Ikastolen Elkartekoek. «Iraunkortasunaren, apaltasunaren eta konpromisoaren eredu dela erakutsi du. Hezkuntza eta kultura ulertzeko moduan ere islatzen ditu ezaugarri horiek». Taldean lan egiteko duen gaitasuna ere nabarmendu dute, eta erran ikastolen federazioan hori funtsezkoa dela. «Ez da kasualitatea Nafarroako Ikastolen Elkartearen buru izendatu izana, egiaztatu egiten baitu gaitasuna duela taldeak kudeatzeko, lankidetza sustatzeko eta proiektu bateratu baten inguruan batasuna sustatzeko».
Ikastolen Elkartekoek zehaztu dute Sanjurjok bere gain hartu duela ikastolen arteko, eta erakunde publiko eta sozialekiko lankidetza indartzeko erronka, «hezkuntza, kultura eta gizarte proiektuak bultzatzeko, eta bizitzaren esparru guztietan euskararen erabilera indartzeko». Oroitarazi dute parte hartu duela hizkuntza normalizazioa sustatzeko hainbat erakundek azken urteetan bultzatutako kanpainetan.
«Familien, irakasleen eta ikasleen arteko lankidetzan eta elkarlanean oinarritutako hezkuntza sistema honetan, Oier Sanjurjok ekarpen handia egin lezake eta, zalantzarik gabe, hezkuntza komunitate osoaren ongizatean lagunduko du, eta euskara sendotuko du Nafarroako integrazio, identitate eta aurrerapen tresna gisa», adierazi dute.
Heldu den urtean 25 urte beteko ditu Nafarroako Ikastolen Elkarteak. Nafarroako hamabost ikastolak osatzen dute. 5.721 ikasle dira orotara, 3.704 familia eta 695 langile.