Oier Oa ez da Larresorora (Lapurdi) itzultzen ahalko. Parisko Zigor Auzitegiak erabaki du ez diola kenduko Frantziako Estatuan egoteko debekua, euskal preso ohiak BERRIAri jakinarazio dionez. Azaro hasieran aztertu zuten Oaren kasua, eta gaur eman du epaileak erabakiaren berri. Egoera aztertu, eta ondoko egunetan erabakiko dute zer urrats juridiko egin Oak eta haren defentsak. Anartean, emaztearengandik eta semeengandik banatua segitu beharko du oraindik. Kasu deigarria da euskal preso ohiarena. Urteak daramatza eskatzen kendu diezaiotela Frantziako Estatuan egoteko lurralde debekua, baina behin eta berriz ukatu diote.
Bakegileekerran dute erabakia «onartezina» dela. «Oier Oak eskubide osoa du bere familiarekin Larresoron bizitzeko», adierazi dute sare sozialetan, eta deitoratu dute Frantziako botere publikoek ez dutela «inolako jarrera aldaketarik» erakusten. Horren adibide da, Bakegileen iritziz, Oari buruz hartu duten erabakia. «Gauzak aldatzeko» indarrak bildu behar direla adierazi dute, eta urtarrilaren 8ko manifestazioan parte hartzera deitu dute. Izan ere, Frantziako Gobernuaren «borondate falta salatu» zuten, larunbatean, agerraldi jendetsu batean, eta hemendik aitzina «mobilizazio fase berria» abiatuko dutela iragarri zuten.
EH Baik ere salatu du Parisko Zigor Auzitegiaren erabakia. «Iraganari kateatu nahi gaituzten neurriak bukarazi behar dira. Preso eta iheslari ohiei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak bukatu behar dira, eta Euskal Herrian bizitzeko eta lan egiteko eskubideak errespetzea eskatzen dugu», adierazi dute sare sozialetan zabaldutako mezu batean.
Atxiloketak eta zigorrak
2012ko otsailean atxilotu zuen Oa Frantziako Poliziak, Angelun (Lapurdi), eta, lau urteko espetxe zigorra beteta, 2015eko uztailean aske gelditu zen. Frantziako lurraldean bizitzeko debekua eman zioten orduan. Bi aldiz galdetu zuen kentzeko, familia Lapurdin zuela argudiatuta, baina epaitegian ez zioten eskaera onartu. Hasieran, Donostian bizitzen gelditu zen, baina laster Larresorora itzultzea erabaki zuen, familiarekin bizitzera. «Familia bizia oso pisutsua bilakatzen ari zen. Normaltasunez elkartzeko ezintasun horrek anitzetan eragiten zuen espetxean nengoenean baino antsietate eta ezinegon handiagoa. Denok bareago eta seguruago egoteko, Donostiatik Larresorora joatea erabaki genuen, arrisku guziak geure eginez», esplikatu zion BERRIAri elkarrizketa batean.
Urteetan bizi izan da horrela, iazko azaroan atxilotu zuten arte. Bernat Etxepare lizeoko barnetegian ari zen lanean, zaindari gisa, baina egun hartan ez zen lanera iritsi. Larresorotik Baionara bidean, errepide kontrol batean gelditu, eta, Frantziako Estatuan bizitzeko zuen debekuaren ondorioz, komisariara eraman zuten. Biharamunean gelditu zen aske. Bere egoera konpondu bitartean, Zugarramurdin bizi da, lagun batzuek utzitako etxe batean.
Martxoan, hitzordua izan zuen Baionako prokuradorearen bulegoan, eta hark zigor proposamen bat egin zion, Frantziako Estatuan egoteko duen debekua urratzeagatik: lau hilabeteko espetxe zigorra, gibelapenarekin. Oak ez zuen onartu, eta, beraz, epaitua izan beharko du. Otsailean du zita Baionako auzitegian, Parisko auzitegiaren erabakia iritsi artean Baionako auzia gibelatzea onartu baitzuten. Igor Uriarte euskal preso ohiaren aurrekaria dago hor: maiatzean kendu zion lurralde debekua Parisko Zigor Auzitegiak, eta irailean, Baionakoak ez zuen zigortu debekua ez errespetatzeagatik.
Azaroaren 9an, Oaren kontrako lurralde debekua ez kentzeko eskatu zuen Parisko Zigor Auzitegiko prokuradore nagusiak, eta bide beretik jo du epaitegiak.