Oier Oari babesa erakusteko sinadurak biltzen hasi dira

Baionako prokuradorearekin hitzordua du martxoaren 26an, lurralde debekua urratzeagatik

Oier Oari babesa erakusteko abiatu duten kanpainaren aurkezpena, atzo goizean, Larresoron. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Oier Oa euskal presoaren egoera salatu du herritar eta hautetsi talde batek. Iazko azaroaren 25ean atxilotu zuten, Larresoro (Lapurdi) eta Baiona arteko errepide kontrol batean, Frantziako Estatuan bizitzeko ezarri zioten debekua urratu izana leporatuta. Ordutik, Nafarroan bizi da, Dantxarinetik hurbil, Larresoron duen etxera itzultzeko aukerarik gabe. Baionako prokuradorearekin hitzordua du martxoaren 26an, eta zigor proposamena eginen dio hark. Onartzen ez badu, epaiketa formala izanen du. Egoera hori salatzeko, izenpe bilketa bat abiatu dute herritarrek. Lehen sinatzaileen artean ageri dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Max Brison eta Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senatariak eta Vincent Bru diputatua. Ipar Euskal Herriko hautetsi eta pertsona ezagun andanak ere izenpedura eman du jadaneko. Emmanuel Macron Frantziako presidenteari, Jean Castex lehen ministroari, Eric Dupont-Moretti Justizia ministroari eta Emily O'Reilly Europako Batasuneko arartekoari helaraziko diote.

2012ko martxoan atxilotu zuten Oa, Angelun (Lapurdi), ETAko kidea izatea leporatuta. Hiru urtez presondegian egon ondotik, Espainiaratu, eta libre utzi zuten, Frantziako Estatura sartzeko debekuarekin. Baina etxetik urrun ezin bizirik, Larresorora itzuli zen bikotekidearengana eta seme-alabengana, eta bizimodu normala izan du geroztik. Baionako Bernat Etxepare lizeoan ari zen lanean, zaintzaile, eta Uztaritzeko (Lapurdi) futbol taldean eta Larresoroko pilota taldean aritu da trebatzaile. Bere egoera argitu nahian, bi auzibide ireki zituen, Frantziako lurraldean bizitzeko debekua kentzeko. Baina prozedurak segidarik gabe egon dira.

Orain, Ipar Euskal Herrian «egoera irregularrean» egotea egozten diote. Lurralde debekua ken diezaioten, beste prozedura bat abiatuko du bere abokatuarekin, baina, anartean, Frantziako justiziaren aitzinetik pasatu beharko du. Martxoaren 26an, hitzordua du Baionako prokuradorearekin; bere burua errudun deklaratu, eta hark zigor proposamena eginen dio. Isuna, lan behartua edo kartzela zigorra arriska ditzake. Zigor proposamena onartuko ez balu, epaiketa formala izanen luke.

«Kartzelatua izateko arriskua luke, egoera irregularrean egoteagatik. Hots, ez luke Frantziako Estatuan bizitzeko eskubiderik, espetxean izan ezik!», salatu dute sinatzaileek.«Egoera hori ulertezina da, eta oinarrizko eskubideen kontrakoa».

Etxean eta familiarekin

Oaren sostenguek ohartarazi dute gaur egun Hego Euskal Herriko beste sei herritar direla Oaren egoera berean. «Gure ustez, lurralde debeku horiek edota Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatzea ez dira, luzaz gatazkan egon ondoren, gaur egun Euskal Herrian zabaldu den bakean bizitzeko nahiarekin bateragarriak».

Oaren kasuak familia hurbiltasunaren oinarrizko eskubidea «mespretxatzen» duela salatu dute sinatzaileek, berez herritar ororen oinarrizko eskubidea den arren. «Are guttiago onartzen dugu pertsona batek zigorra bete duenean beste zigor bat gehitzea». Euskal preso ohiari askatasuna mugatzen dion zuzenbide estatuaren kontrako neurri bat dela diote. «Oier Oak Larresoron bizitzeko eskubidea ukan dezan galdegiten dugu sinpleki, bere etxean, herrian, familiarekin, eta bere jarduera profesionala segitzeko parada ukan dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.