EUSKAL PRESOAK

Oier Oaren aldeko elkarretaratzea eginen dute heldu den asteartean Baionan

Bernat Etxepare lizeoko ikasle eta irakasleek deitu dute protestara, eta EH Baik, Bake Bideak eta Bakegileek bat egin dute mobilizazioarekin. 13:15ean izanen da, Baionako Auzitegiaren aitzinean, han epaituko baitute euskal preso ohia.

Oier Oaren aldeko elkarretaratze bat, iaz, Baionako Bernat Etxepare lizeoaren aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 10a
12:30
Entzun

Heldu den otsailaren 15ean, asteartearekin, berriz epaituko dute Oier Oa euskal preso ohia, Frantziako Estatuko lurraldean bizitzeko duen debekua haustea leporatuta. Parisko Zigor Auzitegiak abenduaren 6an ebatzi zuen ez ziotela lurralde debekurik kenduko, eta, beraz, familiarengandik bananduta eta lantokira joan ezinik segitzen du larresoroarrak (Lapurdi).

Bernat Etxepare lizeoko langilea da Oa, eta, hango irakasle eta ikasleek deituta, elkarretaratzea eginen dute asteartean Baionako Auzitegiaren aitzinean, han epaituko baitute. Utzi Oier bakean! lelopean, Oaren egoera azaltzen duen dokumentala proiektatuko dute lehenik Seaskaren Baionako lizeoan, 11:00etan; ondotik, 12:30ean, kalejira eginen dute lizeotik epaitegira; eta, azkenik, 13:15ean, elkarretaratzea eta ekitaldia eginen dituzte, auzitegiaren aitzinean.

EH Baik, Bakegileek eta Bake Bideak bat egin dute ikasle eta irakasleek deituriko mobilizazioekin. EH Baik salatu du Oarena ez dela kasu «bakana»: «150 bat preso ohiren presondegi kondenei gehitu zaizkien kondena gehigarrien ondorio zuzena da». Salatu dute aitzinetik betetako zigorrari «urteetan» luzatzen zaion zigor gehigarri bat ezartzen dietela, eta «eskubide murrizketa bat inposatzen» dietela hala. Alderdi abertzalearen ustez, «Euskal Herriko egoerak izan duen bilakaera ukatzen» dute halako neurriek, «euskal gizartearen gehiengoaren elkarbizitzako nahiaren aurka» daudelako. Euskal Herrian «libre» bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Bake Bideak eta Bakegileek ere gogoratu dute Oari bezala dozenaka euskal preso ohi eta iheslariri ukatu dietela Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea. Ez dator egoerarekin bat, haien ustez: «Hamar urte dira lurralde hau egunez egun bake iraunkorra lortzearen bidea jorratzen ari dela, baina egoera horiek ez dute bat egiten borondate horrekin». Euskal Herriko «testuinguru politikoaren aldaketa» kontuan har dezatela eskatu dute.

Hiru eragileek oroitarazi dute, bertzalde, heldu den otsailaren 18an eginen dutela euskal presoen aldeko lehen desobedientzia ekintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.