Ez dugu ahanzten, Oier gurekin dioen pankarta Baionako Etxepare lizeotik Baionako Auzitegiraino eraman dute goizean ikasleek. 200 bat ikasle eta langile bildu dira atarian, Oier Oari sostengua helarazteko. Gaur pasatu da Oa Baionako prokuradorearen aitzinetik, Frantziako Estatuan egoteko duen debekua urratu izanagatik. Prokuradoreak zigor proposamen bat egin dio: lau hilabeteko espetxe zigorra, gibelapenarekin. Oak ez du zigor hori onartu, eta, beraz, epaitua izan beharko du. «Gauden testuinguru politikoan horrelako gauzak gainditu behar ditugu. Herria ados denean, eta erabaki duelarik gatazka honen orria itzularaztea, badirudi batzuek iraganean katramilaturik egon nahi dutela», salatu du Oak prokuradorearen bulegotik ateratzean.
Amaia Rekarte haren abokatuak azaldu du prokuradorearen proposamena «Damoklesen ezpata» bat dela, «neurriz kanpokoa» dela, eta horregatik erabaki dutela ez onartzea. Bestalde, beste prozedura bat abiatu du abokatuak Parisko Auzitegian, hain zuzen, Oari urratu izana leporatzen dioten lurralde debekua ezeztatzeko. Frantziako justiziak bizi guziko lurralde debekua ezarri zion 2015ean, eta harrezkero ez du eskubiderik Iparraldean egoteko. Halere, azken urteetan Larresoron (Lapurdi) bizi da familiarekin, eta Etxepare lizeoan egiten du lan. Azaroaren 25ean atxilotu zuten, bideko kontrol batean.
Sostengu ugari jaso ditu Oak, goizean bertan, auzitegi aitzinean. Etxepare lizeotik Baionako Auzitegiraino maniestazioa egin zuten Etxepare lizeoko ikasleek, txarangarekin. Oari bertso bat kantatu diote: «Gaurkoan, Oier, mezua argi da: gurekin behar zaitugu». Oa epaitegira sartu den unean txalo zaparrada eta sostengu oihuak jaso ditu. Arras «hunkitua» izan da Oa, ikasleen agerraldiarekin: «Denen artean egoera itzuliko dugula pentsatzen dut, eta laster egunerokoan ikasleekin eta familiarekin elkartzea espero dut».
Lekuko hautetsien babesa ere lortu du Oak. Haren egoera salatzeko, izenpe bilketa bat abiatu dute Larresoroko herritarrek. Lehen sinatzaileen artean ageri dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Max Brison eta Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senatariak eta Vincent Bru diputatua. Ipar Euskal Herriko hautetsi eta pertsona ezagun andanak ere izenpedura eman du jadaneko. Emmanuel Macron Frantziako presidenteari, Jean Castex lehen ministroari, Eric Dupont-Moretti Justizia ministroari eta Emily O'Reilly Europako Batasuneko arartekoari helaraziko diote.