Euskal presoak

Oier Oa erruduntzat jo dute, baina ez du zigorrik izanen

Gaur eman du erabakia Baionako auzitegiak. Frantziako Estatuan egoteko lurralde debekua urratzeagatik epaitu zuten

jarraia210850.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko martxoaren 15a
14:46
Entzun

«Kapitulu bat itxia da», hala ondorioztatu du Amaia Rekarte abokatuak Baionako Auzitegiaren erabakia ezagutu ondotik. Frantziako Estatuan egoteko lurralde debekua urratzeagatik errudun jo dute Oier Oa euskal preso ohia, baina ez du zigorrik izanen. Rekarteren hitzetan, bi irizpide bete behar dira halako erabaki bat izateko: batetik, lege urraketa ez dela gehiago indarrean, eta, bestetik, epaitutako pertsona «errehabilitatua» izan dela. «Egiten dudan irakurketa da frogatutzat ematen dutela ez dela gehiago Frantziako Estatuan bizi», adierazi du.

2020ko azaroan atxilotu zuen Frantziako Poliziak Oa, Larresoroko (Lapurdi) etxetik Baionako Bernat Etxepare lizeoko lanera zihoalarik. Joan den otsailean epaitu zuten Baionako Auzitegian, eta 600 euroko isuna emateko eskatu zuen prokuradoreak. Azkenean, zigorrik ez ematea erabaki du epaileak.

Anartean, Frantziako Kasazio Auzitegiaren erabakiaren beha dira, Oaren kontrako lurralde debekua kentzeko prozeduraren harira defentsak ezarri duen helegiteari buruz. Parisko Dei Auzitegian egin zuten debekua kentzeko eskaera, baina berau ez aztertzea erabaki zuten, ebatzita defentsak plazaratutako elementuak ez zirela sinesgarriak.

Azaroan elkarrizketa eskaini zion Oak Ipar Euskal Herriko Hitzari. Lurralde debekuak familia bizitzan eragin dizkien kalteak deitoratu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.