Oier Gomez preso ohia zendu da, eritasun larri baten ondorioz

Joan den astetik Baionako ospitalean zegoen, haren osasunak okerrera egin ostean. Frantziak 2017an utzi zuen aske preso gasteiztarra

edurne begiristain
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Larriki gaixorik zegoen Oier Gomez euskal preso ohia hil egin da. Baionako erietxean zendu zen atzo goizaldean, gaixotasun luze baten ondorioz. Joan den astetik ospitalean zegoen, haren osasun egoerak okerrera egin ostean, eta ordurako medikuek ohartarazia zuten preso ohiaren egoerak ez zuela hobera egingo. 35 urte zituen, eta Gasteizkoa zen. Asteazkenean ehortziko dute haren gorpua Miarritzen, 11:30ean, eta orduan emango diote azken agurra.

Minbizia zuen Gomezek. 2017ko urtarrilean diagnostikatu zioten Ewingen sarkoma, eta buruan eta aldakan metastasia aurkitu zioten. Haren gaitza «sendaezina» zela eta hilzorian zegoela adierazi zuten orduan medikuek. Oso larri egonda ere, DPS segurtasun handiko erregimenean zegoen preso Gomez Meauxeko espetxean (Frantzia). Parisko Pitie Salpetriere ospitalera eraman zuten apirilean, baina han «espetxeko baldintza berberetan» jarraitzen zuela salatu zuen Carlos Gomez haren aitak BERRIAri eskainitako elkarrizketan.

Apirilaren 25ean, hamabost urteko espetxe zigorra etetea onartu zuen Frantziako Dei Auzitegiak, argudiatuta Gomezek gaitz larria eta sendaezina zuela, eta ETAk armak uztea erabaki ostean ez zegoela delitua berriz egiteko «arrisku larririk». Haren aurka indarrean zeuden hiru euroagindu ere bertan behera uztea erabaki zuen. Zigorra eten ziotenetik, Lapurdin bizi zen Gomez.

Preso egon zen bitartean, haren aldeko elkartasun sare zabala eratu zen Euskal Herrian. Besteak beste, Oiertxo SOS plataformak, Bagoaz-ek, Etxerat-ek eta Sarek hura askatzeko mobilizazio ugari antolatu zituzten. Aurrez ere eskatua zuten hura aske uzteko. Izan ere, 2012an Hodgkinen linfoma aurkitu zioten Gomezi, eta kimioterapia jaso behar izan zuen. Kasu hartan, baina, fiskaltzak ez zuen onartu aske uzteko eskaera.

Elkartasun mezu ugari

Jaiki Hadi mediku elkartearen arabera, gaur egun 21 presok dituzte gaitz larri eta sendaezinak. Haiek baldintzarik gabe kalean egon behar dutela exijitu du elkarteak. «Beren azken aste, hilabete edo urteak duin igarotzeko eskubidea dute».

Sarek, Etxerat-ek, Sortuk eta Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi diote sendiari. Denek esan dute garaia dela gaixo dauden presoak askatzeko, eta ez litzatekeela itxaron behar gaitza sendaezina izan arte. Sortuk gogoratu du Juan Mari Maiezkurrena preso hernaniarra ere «hiltzear zegoela» soilik utzi zutela aske, eta hori «onartezina» dela. EH Baik «onartezintzat eta gizagabekotzat» jo du Gomez etxetik urrun hil izana.Bagoaz-ek, berriz, ohartarazi du ezin direla banatu «Oierren eritasuna, heriotza eta kartzela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.