Onartu dute Oibarko eskola publikoan D eredua jartzeko eskaera

Zortzi familiak egin zuten eskaera, ekainean. D ereduko haur eskola ireki zezatela ere galdegina zuten aitzinetik, baina galde horri ez diote erantzun.

Sortzen elkarteak agerraldia egin zuen ekainean, salatzeko Nafarroako Gobernuak trabak jarri zizkiela herrian euskarazko haur eskola irekitzeko. IDOIA ZABALETA / FOKU
Sortzen elkarteak agerraldia egin zuen ekainean, salatzeko Nafarroako Gobernuak trabak jarri zizkiela Oibarren euskarazko haur eskola irekitzeko. IDOIA ZABALETA / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko urtarrilaren 20a
14:30
Entzun

Egun jakinarazi dute: ontzat jo dute Oibarko eskola publikoan (Nafarroa) D eredua jartzeko eskaera, Nafarroako ikastetxe publikoen sarea berrantolatzeko prozesuaren barnean; Hezkuntza Departamentuak kontsultak eginak zituen zenbait udaletxerekin. Berrantolaketaren barnean, beraz, ados agertu dira Oibarko Gabriel Valentin Casamayor Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean euskarazko irakaskuntzako D eredua ezartzearekin. Halere, ez dute argitu D ereduko haur eskolarik irekiko duten.

Joan den urteko otsailean hasi zen borroka: Oibarko Udalak adierazpen bat bidali zuen Hezkuntza Departamendura, 2024-2025eko ikasturterako haur eskola bat irekitzeko asmoz; dosierrean, orotara hamar familiak galdegin zuten 0 eta 3 urte arteko haurrak D ereduan matrikulatzeko haur eskolan. Ekaina iritsi zen, eta, matrikulazio epea hasi bezperan, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen ez ziela baimenik emanen haur eskola zabaltzeko.

Nola ez, gobernuaren erabakiak haserrea piztu zuen herrian, baina familiek ez zuten amore eman. Irailean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi zuen Oibarko zenbait bizilagunek erabaki zutela euskarazko irakaskuntzaren aldeko apustuari eustea: zortzi familia batu ziren, euskarazko haur eskola bat eskatzeko ez ezik, Gabriel Valentin Casamayor ikastetxe publikoan D ereduko lerro bat zabaldu dezatela galdegiteko ere. Azken galdeari erantzun diote; haur eskolarenari, aldiz, ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.