Oibarko eskola publikoan D eredua jartzeko eskaera erregistratu dute herriko zortzi familiak

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote ez jartzeko «oztoporik» euskarazko irakaskuntzari. Haur eskolan ez ezik Lehen Hezkuntzan ere euskarazko lerroa zabaltzea galdegin dute.

Oibarko familien eta Behatokiaren agerraldia, ekainean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Oibarko familien eta Behatokiaren agerraldia, ekainean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko irailaren 10a
12:20
Entzun

Ekainean, Oibarko (Nafarroa) hamar familiak eskaera bat aurkeztu zuten Hezkuntza Departamentuan, herrian euskarazko haur eskola bat zabaldu ahal izateko. Oibarko Udalaren babesa zuten familiek, eta departamentuak jarritako baldintza administratibo guztiak bete zituzten. Matrikulazio epea hastear zenean, baina, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen ez ziela baimenik emanen haur eskola zabaltzeko. Motiboa: eskola publikoaren barruan 0-3 zikloko ikasgela bat zabaltzeak ikastetxearen funtzionamendua «baldintzatu» dezakeela, eta etorkizunean D ereduko lerro bat ezarri nahi izanez gero haur eskolak tokia kenduko lukeela.

Gobernuaren erabakiak haserrea piztu zuen herrian, baina familiek ez dute amore eman. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, Oibarko zenbait bizilagunek erabaki dute euskarazko irakaskuntzaren aldeko apustuari eustea: oraingo honetan, zortzi familia batu dira, euskarazko haur eskola bat eskatzeko ez ezik, Gabriel Valentin Casamayor ikastetxe publikoan D ereduko lerro bat zabaldu dezatela ere galdegiteko.

«Hiru urte bitarteko haur eskola bat eraikitzeaz gain, adin horretatik aurrera ere euskarazko irakaskuntza eskainiko duen ikastetxe bat behar dute Oibarko familiek», azaldu du Behatokiak, ohar batean. Erakundeak gogorarazi du, halaber, «herriko instalazio eta zerbitzu publikoak erabiltzeko eskubideak bateragarria izan beharko lukeela euskaraz ikastearekin», eta euskarazko irakaskuntza Nafarroako herri guztietara zabaltzeak lagunduko duela «herri txikiak eta landa eremuak biziberritzen».

Gaur egun, Oibarko eskolan ikasgai gisa soilik eskaintzen da euskara —A ereduan—, eta G ereduko haurrei ezta hori ere, eduki guztiak gaztelaniaz jasotzen baitituzte. Hortaz, D ereduko lerro bat ireki ezean, euskarazko irakaskuntza nahi duten familiek Zangozan matrikulatu beharko dituzte seme-alabak. «Herriko ikastetxean geratu nahi duten familia batzuk D eredua ez hautatzera bultzatzen ditu horrek», azaldu du Behatokiak. «Gainera, kontuan izan behar da Oibarko ikastetxe publikoan matrikulazioak apaldu egin direla azken urteetan, eta, beraz, euskarazko lerroa zabaltzea bide bat izan daiteke eskolak bizirik iraun dezan».

Hezkuntza Departamentuari eskatu diote, gainera, ez dezala jarri «aitzakiarik eta oztoporik» Nafarroan euskarazko irakaskuntza zabaltzeko bidean. «Euskararen irakaskuntza berariaz sustatu beharrean, Nafarroako hezkuntza sistemak ez du bultzatzen hiztunen arteko berdintasuna, batzuetan atzerriko hizkuntzen pare edo are zokoratuago uzten baitu euskarazko irakaskuntza». Hori dela eta, Oibarko familiek eta Behatokiak «erraztasunak» galdegin dizkiote Hezkuntza Departamentuari, Oibarren euskarazko lerro publiko bat zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.