Oiarzabalek ez du jarraituko EAEko PPren idazkari nagusi karguan

Quirogak argudiatu du «etapa berrian» beste pertsona batzuekin aritu nahi duela alderdia haizeberrituta

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ez du haren aurka egin. Arantza Quiroga EAEko PPren presidenteak Iñaki Oiarzabal idazkari nagusiaren lana goratu du. Baina jakinarazi du ordezkatu egingo duela. Datorren asteburutik aurrera beste bat izango dela haren lekuan. «Harrobitik» hartu nahi du «aro berriari» aurre egiteko egokiagotzat duen jende berria. Hala ere, Oiarzabalek alderdi barruan jarrai lezakeela esan du Quirogak; litekeena dela alderdian beste postu batean jarraitzea.

Beste pertsona batzuei leku egin behar zaiela esanaz argudiatu du Quirogak Oiarzabal karguan ez mantentzeko erabakia, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Eserlekuak lekuz aldatzeko unea dela adierazi du; alderdia haizeberritu behar dela. Oiarzabalek urteotan egin duen lana alderdiarentzat «ezinbestekoa» izan dela azaldu du, eta lan horretan jarraituko duela. «Hori espero dut», zehaztu du.

Datorren asteburuan kongresua du EAEko PPk. Ezohiko kongresua izango da, Quirogaren buruzagitza baieztatzekoa. Antonio Basagoitik presidentetza uztea erabaki zuenean ordezkatu zuen Quirogak Basagoiti. Zuzendaritzak aukeratu zuen ordezkoa, eta militantziak ez zuen iritzia emateko aukerarik izan. Militanteek izendapena baieztatzeko iragarria zegoen, hortaz, ezohiko kongresua. Atzo jakin zenez, ordea, aldaketak ere ekarriko ditu martxoaren 7an eta 8an Donostiako Kursaalean egingo den bilkurak.

Hala ere, alderdiaren arabera, idazkari nagusi nor izango den aurrez ezagutuko da. Quirogak adierazi duenez, berak «oso argi» du zer den EAEko PPk «behar» duena, eta Oiarzabal ordezkatuko duen pertsona nor izango den «aurki» jakingo dela esan zuen atzo. Berri agentzien arabera, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako PPren presidente Anton Danborenea, Borja Senper eta Alfonso Alonsorekin hitz egitekoa zen Quiroga atzo bertan, eta litekeena da datorren asteburutik aurrera idazkari nagusi izango dutenaren berri gaur bertan ematea.

Edozein kasutan, «harrobia landuko» duela iragarri du Quirogak. «Bigarren lerroan» dauden pertsona baliagarriak badituela PPk, eta horiengana jotzeko asmoa duela: «Orain behar ditugu».

Harrobia eta Araba

Idazkari nagusi berria Arabakoa dela ez du esan presidenteak. Baina Oiarzabal kendu izana nolabait «sarituko» duela adierazi du. Izan ere, Oiarzabal arabarra da, eta karguan ez duela jarraituko Araban jakinaraztea «ez da erraza izan», Quirogaren hitzetan. «Arabako PP indar handia duen alderdia da, eta organigraman islatuta egon behar du», esan du.

Areago, presidentearen ustez, «Arabako soziologian» barneratzeko gai izan da lurralde horretako PP, eta, horrenbestez, eredua Bizkaira zein Gipuzkoara ere «esportatu» nahi du; «bakoitzaren berezitasunak» mantenduta eta «orain indarkeriarik ez dagoela baliatuta».

Beste zerbait ere lortu nahi du Quirogak aldaketa horrekin: «Euskadiko PPren ahotsa zuzenean irits dadila Madrilera eta bere irizpidea kontuan har dadila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.