Oiarzabalek dio badagoela EAJrekin «elkar ulertzeko» aukera

Jaurlaritzaren kontuei ekarpenak egiteko prest dago EAEko PP. EAJk dio «gaur-gaurkoz» ez dituela Espainiako aurrekontuak babestuko

Iñaki Oiarzabal Arabako PPko presidentea, artxiboko irudi batean. D. AGUILAR / EFE.
edurne begiristain
Gasteiz
2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren aurrekontuak aurrera ateratzeko, babes bila jarraitzen du PPk, eta PSOErengan ez ezik, EAJrengan ere jarriak ditu begiak. Iñaki Oiarzabal PPko Arabako presidenteak uste du jeltzaleekin «akordiorako tartea» badagoela eta «elkar ulertzea» posible dela, nahiz eta EAJ publikoki esaten ari den adostasuna urrun dagoela.

Mariano Rajoyren gobernuak, Ciudadanos alderdiaren babesaz gain, beste sei boto behar ditu gehiengo osoa lortzeko Kongresuan, eta EAJren bostak erabakigarriak izan daitezke 2017ko aurrekontuak aurrera ateratzeko. PPk Rajoyren inbestidura babestu zuten alderdiekin —PSOE,Ciudadanos eta Coalicion Canariarekin— negoziatuko du aurrena, eta haiekin «akordio zabalak» egiten saiatuko da. Ondoren ekingo dio jeltzaleekin akordioa lortzeari, batez ere arlo ekonomikoan, Oiarzabalek azaldu duenez.

EAJko hainbat buruzagik egindako adierazpenak gezurtatu egin ditu PPko buruak, eta esan du Rajoyren aurrekontuak begi onez ikusten dituztela jeltzale askok: «EAJko kide askok pribatuan diote gobernuaren proposamen ekonomikoak positiboak direla susperraldi ekonomikorako eta etorkizunerako».

Akordioa lortzeko elkarrizketaren alde egin du Oiarzabalek. PPk ez du gehiengo osorik Kongresuan, eta Eusko Legebiltzarrean, berriz, EAJk PSE-EErekin duen koalizio gobernua diputatu baten faltan dago gehiengoa lortzeko. Hori horrela izanda, «lankidetzarako garaia» dela esan du Oiarzabalek, eta iragarri du PP Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak aztertu eta horiei «ekarpenak» egiteko prest ere badagoela.

Haatik, akordioa ez du hain erraz ikusten Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen eledunak. Panorama beltza marraztu du diputatuak ETBn: salatu du «aurrerapenik» ez dela egon Jaurlaritzako sailburuen eta Espainiako ministroen arteko bileretan, eta PPk ez duela pausorik eman EAJren babesa lortzeko kontuetan. Zehatza izan da Esteban EAJk aurrekontuak babestuko ote dituen galdetu diotenean: «Gaur-gaurkoz, gauzak dauden moduan, ezetz diot, konbentzimendu osoz».

Negoziazioak bereiztea

Bestalde, Madril eta EAEko aurrekontuen negoziazioak bereiztearen alde agertu da Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua. Hilabete barru aurkeztuko du Jaurlaritzak aurrekontu proiektua, eta, «talde guztiekin» negoziatuko badu ere, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin akordioa lortzea posible ikusten du Azpiazuk, kontuek «izaera nahiko soziala» izango dutelako. Gainera, uste du «albiste ona» dela PPk negoziazioari ateak irekita utzi izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.