Beste urrats bat egin dute Oiartzualdean (Gipuzkoa) martxoaren 19ko galdeketari begira: osatu dituzte Berme eta Jarraipen batzordeak. Atzo arratsaldean aurkeztu zituzten lantalde guztiak, Errenteriako Reina aretoan egindako agerraldian. Berme Batzorde bakarra egongo da eskualdeko lau udalerrietarako —Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzun—, baina bakoitzak bere Jarraipen Batzordea izango du. Demoarso plataformako kideek azaldu dutenez, batzorde horiek izango dira Oiartzualdeko herri kontsultaren zuzentasuna eta gardentasuna bermatzeko organo gorenak.
Zazpi kidek osatuko dute Berme Batzordea: Pako Alvarezek (lehendakaria), Alazne Garmendiak (idazkaria), Joxe Angel Arbelaitz eta Maddalen Dorador abokatuek; Iñigo Urrutia jurista eta EHUko irakasleak; Maribi Juaristi juristak eta Manu Gomez irakasle eta kontsultak antolatzen adituak. Bai haiek, bai Jarraipen Taldeetako kideak «gaitasun handiko pertsonak» eta herritarrentzat ezagunak direla nabarmendu dute sustatzaileek: «Jardun sozialetan konpromiso ezagunekoak izateak balio dezake herritarren konfiantza eragiteko».
Izan ere, Demoarsoko partaideek «berme guztiekin» egin nahi dute galdeketaren prozesua. Horretarako, egiteko ugari izango dituzte Berme batzordekoek: prozedura osoa protokoloen arabera egingo dela bermatzea, jarraipen teknikoak ematea, aurretiazko botoak jasotzea, batzorde Sustatzaileari eta Jarraipenekoari aholkuak ematea, emaitzen berri ematea, bozketaren ondoren boto emaileen zerrendak eta nortasun agirien fotokopiak suntsitzen direla ziurtatzea...
Jarraipen Batzordeek ere izango dute zer eginik, mahairik mahai. Horiek izango dira udalerri bakoitzean bertatik bertara arituko direnak, besteak beste, boto kutxen segurtasuna bermatzeko, boto zenbaketen emaitzak jaso eta helarazteko... Udalerri bakoitzeko, batzorde bana egongo da; auzoz auzo ere antolatu dira Pasaian, eta lau talde osatu dituzte.
Besteak beste, ondorengo hauek hartuko dute parte Jarraipen Batzordeetan: Jon Maia dantzariak, Ion Collar zine produktoreak, Juan Karlos Alduntzin Pasaiako alkate ohiak, Iosu del Moral Donostiako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak, Olatz Mujika partaidetzarako teknikariak, Agustina Pontesta bake epaile ohiak, Idoia Rekalde irakasleak eta Igor San Jose sindikalistak.
Beste hainbat udalerri eta eskualdetan bezala, bide luzea egin dute Demoarsokoek ere galdeketa antolatzeko. Iazko apirilean aurkeztu zuten plataforma, eta, azaroaren 6an, giza katea egin zuten 8.000tik gora lagunek. Galderak ere zehaztu dituzte: «euskal estatuaz» galdetuko dute Lezon eta Oiartzunen, «Euskal Herri burujabeaz» Pasaian, eta «euskal errepublika burujabeaz» Errenterian. Azken horretan, beste galdera bat ere egingo diete baiezkoa erantzuten dutenei, independentziari buruz.
Denera, aurreikusi dutenez, 27 bozkaleku jarriko dituzte lau udalerrietan, eta 2.000 boluntario inguru arituko dira lanean.
2017an, 113 udalerri
Oiartzualdea ez ezik, leku gehiago ere bustiko ditu erabakitzeko ariketak martxoaren 19an. Tolosaldeko 28 udalerrietan (Gipuzkoa), Hernanin, Astigarragan eta Larrabetzun ere (Bizkaia) egingo dituzte galdeketak.
2017rako, guztira, 113 udalerritan iragarri dituzte galdeketak—520.000 biztanle dituzte—. Busturialdean, apirilaren 2an jarriko dituzte hautetsontziak, eta maiatzaren 7an iritsiko da hurrengo olatua: Arrigorriagara, Durangaldera, Lea-Artibaira, Uribe-Butroera, Uribe Kostara, Zeanurira, Orozkora (Bizkaia), Debabarrenera, Urola Kostara, Lasartera, Usurbilera (Gipuzkoa) eta Legutiora (Araba). Ekainaren 18an, Basaburuan, Bortzirietan, Imotzen, Nafarroako Mendialdean eta Sakanan (Nafarroa) izango dute aukera herritarrek, eta, udazkenean, Otxandion (Bizkaia).
Oiartzualdeko galdeketak baditu Berme eta Jarraipen batzordeak
Berme batzorde bakarra arituko da eskualdeko lau udalerrietan: Pako Alvarez abokatua izango da lehendakaria. Martxoaren 19an egingo da galdeketa, beste 31 herrirekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu