Ohorea erakusteko tokitik kentzera doaz

1936ko gerra piztu zuen altxamenduan buruzagi aritu ziren Mola eta Sanjurjo militarren gorpuzkiak Erorien Monumentutik hobitik atera egingo ditu Iruñeko Udalak. Azaroaren 16an ateratzeko asmoa dute

arantxa iraola
2016ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ohorezko tokietan erakutsi nahi izan zituen Francisco Franco diktadoreak 36ko gerran bere alde zendutakoak: hanpa-hanpa. Erorien aldeko monumentu ugari eraiki ziren horregatik, eta, oraindik ere, zutik daude horietako zenbait: Iruñean, esaterako, Erorien Monumentua dago. Iragan gizaldiko 40ko hamarkadan altxatzen hasitako eraikin bat da; «Gurutzadan Nafarroan hildakoei» ohore egiteko asmoz egindakoa. Barruan dagoen kriptan, 36ko gerra piztu eta Francori boterea eman zion altxamendu militarrean parte hartu zuten buruzagi ezagunenetariko bi daude hobiratuta 60ko hamarkadatik: Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militarrak. Ez luzerako. Atzo Iruñeko alkate Joseba Asironek jakinarazi zuen hobitik atera egingo dituztela kriptako gorpuzkiak —bi buruzagienez gain, Francoren alde aritu ziren beste sei gizon nafarrenak ere badaude—, eta beren senitartekoei emango dizkietela. 36ko gerrako biktimen alde ari diren elkarteek usu egindako eskaria da, keinu esanguratsua.

«Ez dago errebantxa hartzeko inolako asmorik. Memoria historikoaren Legea betetzea da helburua», esan zuen Asironek. «Hirian aspalditik dagoen aldarri bati erantzutea». Azaldu zuenez, hilabeteak daramatzate udal arduradunek gorpuzkiak hobitik ateratzeko pausoak ematen, eta atzo Paco Etxeberria auzitegi medikuaren ondoan eman zuen erabakiaren berri. Izan ere, profesional horrexek —erreferentzia da antzeko lanetan; 36ko gerrako gorpuzki asko atera izan ditu hobitik— eta haren taldeak egingo dituzte kriptako gorpuzkiak ateratzeko lanak. Eta data bat aurreratu zuten: ongi bidean, azaroaren 16an egingo dituzte hobitik ateratzeak.

Harremana senitartekoekin

Hildakoen senitartekoei abisua eman dietela eta gehienen erantzuna ona izan dela adierazi zuen Iruñeko alkateak. «Joera orokorra hobitik ateratzearen aldekoa da». Ez zuen, ordea, xehetasun gehiago eman nahi izan haiekin izandako hartu-emanen inguruan; «konfidentzialtasuna» eta «diskrezio gorena» hartu zituen, hain justu ere, horretarako motibo nagusitzat. Adierazi zuen, oro har, hobitik atera ahal izateko prozesua aparteko zailtasunik gabea dela, eta horrek itaun bat sorrarazi diela: «Ez dugu ulertzen prozesu hau zergatik ez den martxan jarri lehenagotik».

Nafarroako Parlamentuak, hain zuzen ere, 2013an onetsi zuen Memoria Historikoaren legea, eta horren helburuetako bat da Francoren diktadura goratzeko sinboloak erretiratzea. Aurretik indarrean jarritako hainbat legek ere auzitan jarri izan ohi dute ikur horien egokitasuna. Horrexegatik, Erorien Monumentuan hobiratuta nor dauden sarritan oroitarazi izan dute azken urteotan memoria historikoa gogora ekarri eta biktimen aldeko urratsak eskatzen diharduten elkarteek. Elizari eta Iruñeko Udalari egin izan ohi dizkiete eskariak: izan ere, 1998. urtetik Iruñeko Artzapezpikutzak, Tuterako Apezpikutzak eta Kristo Erregea parrokiak Iruñeko Udalaren esku laga zuten eraikina, baina Elizak hori erabiltzeko aukerarik ez du inoiz galdu. Eta auzitan jarri izan ohi da zenbaitetan egindako erabilera; memoria historikoaren alde diharduten elkarteek, hain justu, sarri deitoratu izan dituzte hildako frankisten hilobiak dituen kriptan «altxamenduko protagonisten alde» elizkizunak egin izana. Nolanahi ere, hobitikateratzeko prozesuan elizako arduradunek inolako eragozpenik ez dutela jarri adierazi zuen atzo Asironek. Hartu-emanetan «errespetua» erabatekoa izan da.

Kontaktu horiek guztiak eginda, gaur jarriko dute martxan udal agintariek gorpuzkiak hobitik ateratzeko prozesu administratiboa: Iruñeko Udalak eskatuko dio Nafarroako Osasun Departamentuari behin betiko ixteko Erorien Monumentuko kriptako hilerria. Bi hilabeteren buruan espero dute gobernuaren erantzuna.

Hortik aurrera, ez dago argi zer egingo den eraikinarekin. Ezkerrak, esaterako, eraisteko eskatu izan du: diktaduraren balioei gorazarre egiteko eraikin bat dela nabarmendu izan du usu, ikuspegi artistikotik, gainera, hiriari inolako ekarpenik egiten ez diona. EH Bilduk memoria historikoaren aldeko ekintzetarako erabili behar dela adierazi du berriki; aurretik, hori bai, Francoren jarraitzaileen aldeko mausoleoa kenduta. Egun erakusketa areto gisara erabiltzen da. Eta aldaketa esanguratsu bat izan du lehendik. Urteak Rodezno kondearen plaza izenekoan egin zituen eraikinak —Tomas Dominguez Arevalo buruzagi frankistaren ohoretan jarria zen izena—, eta UPNren sasoian ahalegin bat egin zuten izena mozorrotzeko: Rodezno konderria ipini zioten. Baina iazko azaroan tokiari izena aldatzea erabaki zuen Iruñeko Udalak: Askatasunaren plaza da orain.

Sei gizonezko gehiago

Joaquin Sota Garaioa, Severiano Arregi Olalkiaga, Pedro Martinez Chasco, Jaime Munarriz Escondrillas, Joaquin Aznar Zozaia, Dimas Aznar Zozaia. Buruzagi frankistekin batera kriptan hobiratuta dauden beste sei gizonak dira. Nafarrak dena. Francoren alde aritu, eta halaxe eroritakoak guztiak. 1960ko hamarkadan eraman zituzten kriptara altxamenduaren alde hildako guztiak oroitzeko; tartean daude hildako nafar gazteena eta zaharrena. Sotak 15 urte zituen; Arregik, 62.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.