Etorkizuna baldintzatuko dien etsamina duteEuskal Herriko milaka gaztek aurrez aurre. Selektibitateak eta baxoak berez dakarten ziurgabetasunari aurten beste zama bat gehituko zaio: koronabirusa. Iaz bezala, hainbat berezitasun izango dituzte aurtengo probek ere: toki handiak erabiliko dituzte, maskara jantzita egin beharko dituzte azterketak...
Prestaketa lanetan ari dira dagoeneko ikasleak. Julen Labakak eta Bittori Elizaldek, adibidez, irakasle ikasketak dituzte begiz jota, baina, horretarako, etsaminaren langa gainditu behar dute. Badakite hainbat berezitasun izango dituela pandemia dela eta. Eusko Jaurlaritzak erabaki du, adibidez, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen campusetan ez ezik, BECen (Barakaldon, Bizkaia), Ficoban (Irun, Gipuzkoa) eta Iradier Arenan (Gasteiz) ere egingo dituztela azterketak. Gainera, derrigorrezkoa izango da maskara etengabe jantzita izatea, eta azterketen iazko berregituraketa mantendu egingo dute, ikasleei aukera gehiago emate aldera. Etsaminen iazko moldeari eutsiko diote Nafarroan ere; NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñean eta Tuteran dituen campusetan egingo dituzte azterketak, eta ezinbestean maskara jantzita eraman beharko dute horietan ere une oro.
Konfinatuta ez geratzeko
Probak eragiten dituen ohiko kezkei beste bat gehitu zaie orain: positibo izateagatik edo horietako baten kontaktu estua izateagatik etxean geratu beharrak azterketa egin ezinik utz ditzake ikasleak. Hala ziurtatu du Labakak: «Beldur pixka bat ematen du, azken ordura arte konfinatzeko arriskua dagoelako». Azken egunok «beldurrez» bizi ditu Elizaldek ere: «Beti dago beldur hori, batez ere, orain. Ikasturtean zehar konfinatzen bazintuzten, bideo deiekin gutxi gorabehera zerbait egin zenezakeen, baina orain konfinatzen bagaituzte, irakasleek oraindik ez digute esan zer gertatuko litzakeen selektibitatearekin». NUPeko informazio iturriek BERRIAri ziurtatu diotenez, absentzia «egoki» justifikatzen dutenek aukera izango dute proba «beste momentu batean» egiteko. Eusko Jaurlaritzak ere antzekoa erabakia du: lehenengo deialdian konfinatuta daudenek bigarren deialdiko egunetan egingo dute proba, lehenengoan egingo balute bezalaxe.
Konfinatzea saihestu nahian, neurriak hartzen ari dira Elizalde eta Labaka. «Ni zorte txarrekoa naiz, eta, urtean zehar askotan egon naizenez konfinatuta, seguruenez etxetik ahal dudan gutxien irtengo naiz, eta ahal dudan kontaktu gutxien edukitzeko asmoa daukat, ea horrela inguruko inork ez duen positibo ematen», azaldu du Labakak. Maskara erantzi gabe dabil Elizalde: «Ez dut ezertarako kentzen». Eta ikaskideak ere halatsu dabiltzala ikusten dute, Labakak azaldu duenez: «Inguruko asko ere, ni bezala, ahalik eta kontaktu gutxien edukitzen ari dira; beste batzuek familiakoen etxeren bat libre omen daukate, eta hara doaz bakarrik egotera bi astean».
Iparraldean, berriz, koronabirusak ez ezik, azterketaren erreformak ere baldintzatuko du proba. Asier Arbelaitz terminaleko urteko ikaslea da, eta aurten tokatzen zaio baxoa egitea. Hainbat aldaketa izan dituztela azaldu du: «Sail literarioa, zientifikoa eta ekonomikoa desagertu dira, eta berezitasunak jarri dituzte». Horien idatzizko proba martxoan ziren pasatzekoak, baina, izurria tarteko, bertan behera utzi zuten. Orain, bi proba dituzte aurretik: filosofiako lau orduko idatzizko azterketa eta ahozko handia deitzen duten proba; horretan, ikasleek aukeratu dituzten berezitasunetako bi gai prestatuko dituzte, eta horietako bat aurkeztea tokatuko zaie.
Babes neurriak hartuta egin beharko dituzte proba bat zein bestea, baina Arbelaitzek esan du oraindik ez dutela horien berri: «Ez dakigu beste lizeo batean pasatuko dugun, gurean... Ahozkoa ere nola gauza berri bat den, ez dakigu nola pasatuko den».
Halere, Labaka eta Elizalde ez bezala, «oso lasai» dago Arbelaitz: «Egia da, COVID-19arengatik-edo, guk oso lasai hartzen dugula. Beste presio bat eduki behar genuke, baina nahiko lasai goaz. Niri beldurra ematen dit hain lasai egote horrek». Hala ere, iruditzen zaio litekeena dela bera eta Bernat Etxepare lizeoko gainerako ikasleak beste zentro batzuetakoak baino prestatuago egotea azterketara begira: «Eraikinguztiak egon dira itxita hiru astez, baina guk Bernat Etxepare lizeoan zortea ukan dugu beste urte guztia presentziala egitean; Frantziako lizeo asko egon dira urritik erdizka: txandaka. Programetan-eta izugarrizko atzerapena hartu dute». Filosofiako ikasgaia jarri du adibidetzat: «Badakit eskola batzuek filosofian bi gai besterik ez dituztela eman urte guztian, eta hamazazpi eman behar dira. Horrek desabantaila asko eragin ditu».
Euskaraz ikasteko aldarria
Koronabirusak hainbat aldaketa eragingo dituen arren, beste zenbait eremutan, zaharrak berri: Iparraldeko ikasleek frantsesez egin beharko dute baxoa, Arbelaitzek gaitzetsi duenez: «Behartuta gaude ahozko handia eta filosofia frantsesez egitera».
Erreformak «esperantza» ekarri duela esan du, baina, koronabirusaren ondorioz, ezin izan dutela frogatu oraindik aldaketa horrek mesede edo kalte egingo dion euskarazko jardunari: «Nola ezin izan dugun probatu, dudan geratzen da baxoak zenbat euskara irabaz edo gal dezaken».
Koronabirusa
Ohiko kezkez gain, COVID-19a
Milaka ikaslek azken egunak dituzte selektibitatea eta baxoa prestatzeko. Izurriaren itzala hor da; konfinatu beharraren «beldur» dira hainbat, eta neurriak hartzen ari dira hori ez gertatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu