Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Mahaien osaketa

Ohi baino alegazio gehiago hauteskunde batzordeetan

Uztailaren 23ko bozetarako oporraldia hartua dutenek aurkezteko aukera dute. Oraindik posible da mahairako jakinarazpena jasotzea

Maiatzean egindako udal eta foru hauteskundeetako argazki bat, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Hauteskunde batzordeetako telefonoak gainezka daude. Gehienek komunikatu egiten dute, eta hartzen dutenetako askok geroago deitzeko eskatzen dute. Ohi baino alegazio gehiago jasotzen ari dira datozen bozetarako. Herritarrek uztailaren 23an, askoren opor garaian, hautatuko dituzte Espainiako Gorteetarako ordezkariak. Hori dela eta, hauteskunde mahaian egotetik salbuetsita egongo dira deialdia egin baino lehen oporraldia kontratatua zutenak. Mahaian egoteko ohiko salbuespen arrazoiei berri hori gehitu diete dataren berezitasuna dela eta.

Ezin da aurreko hauteskundeekin alderaketa zehatzik egin, oraindik alegazioak aurkezten ari baitira. Halere, argigarri gisa, Amurrioko (Araba) barrutiko Hauteskunde Batzordeak maiatzeko bozetan jasotako alegazioak halako bi jaso ditu dagoeneko. Oporraldiez gain bestelako justifikazioak ere aurkeztu dizkietela azaldu dute. Esaterako, 65 urtetik gorakoak salbuetsita daude mahaian egotetik. Eta, aurreko bozetan ez bezala, oraingoan asko izan dira arrazoi hori erabili dutenak, Amurrioko Batzordearen arabera. Guztira 130 alegazio baino gehiago jaso dituzte, barrutiaren parte diren 50-55 mahaietarako.

Batzordeak ez du uste mahaiak osatzeko arazorik izango denik. Zozketak egiterakoan, ordezko asko izendatu zituzten, baina beharra egon ezean ez diete jakinaraziko. Beraz, baliteke ustez libratuta dauden askok oraindik ezustekoren bat jasotzea. Hori bera nabarmendu du Gernika-Lumoko (Bizkaia) barrutiko hauteskunde batzordeak: «Hedabideek zera esan ohi dute, 'egun honetarako ez badizute jakinarazi, libratu zara'. Hori, ordea, ez da horrela».

Gernika-Lumoko barrutian (Bizkaia) ez dute horrenbesteko aldea nabaritu alegazio kopuruan: «Gehiago bai, baina aurrekoetan ere asko izan ziren». Nafarroan ere ohi baino alegazio gehiago jasotzen ari direla baieztatu dute Agoizko eta Lizarrako barrutietako hauteskunde batzordeek (Nafarroa). Guztiek azpimarratu dute salbuespen arrazoi nagusiak oporraldiekin lotutakoak direla.

Hiriburuen inguruetan ere handiak dira datuak. Hauteskunde mahai gehiago dituzte beste barrutiek baino; beraz, ezin dira alderatu. Era berean, Bilboko eta Iruñeko batzordeek jakinarazi dute normalean baino alegazio gehiago jaso dituztela: 2.000tik gora Bilboko barrutian, eta 1.000 baino gehiago Iruñekoan. Gainera, baieztatu dute Iruñean gehienak —%90— onartu dituztela.

Barruti bakoitzeko hauteskunde batzordeek dute alegazioa onartu edo baztertzeko ardura. Datuak emateko prest agertu diren batzorde guztien arabera, alegatzeko arrazoi nagusia oporraldiak kontratatu izana da. Badaude bestelako arrazoiak ere —adina, ezintasunak...—. Halere, nabarmentzen ari da kasu honetarako sortutako salbuespena.

Halere, oporraldia bozetara deitu baino lehen —maiatzaren 30a—kontratatu izana ez da nahikoa. Justifikatu behar da mahaian egoteak galera ekonomiko larria sortuko diola interesdunari. Hau da, oporraldia kontratatuta edukitzeaz gainera, derrigorrezkoa da ordainduta edukitzea. Hori justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da. Ondoren, norbere barrutiko batzordea arduratuko da alegazioa onartzeaz edo baztertzeaz. Horretarako, gainera, kontuan hartzen dute ea badagoen aukera dirua bueltan jasotzeko edota erositako oporraldia atzeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.