Ohartarazi dute Osakidetza «oso urrun» dagoela euskara planetik

Indarraldiaren erdia igaro du euskara planak, eta hutsune handiak daudela ohartarazi dute euskalgintzako eragileek. Neurri eraginkorrak hartzeko eskatu dute, eta elkarlana eskaini

Euskararen erabilera bultzatzeko ikur bat, Osakidetzaren ospitale batean. Osakidetzak udazkenean du aurkeztekoa planaren tarteko ebaluazioa. JON URBE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bigarren euskara plana du indarrean Osakidetzak. 2005ean jarri zuten abian lehena, administrazioko beste atal gehienetakoa baino geroago; 2013tik dago martxan oraingoa, 2019ra arte. Igaroa du, beraz, indarraldiaren erdia. Helburuak betetzetik «oso urrun» dago, ordea. Azterketa egin dute Kontseiluak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Neurri batzuk proposatu dizkiote Osakidetzari, «urrats eraginkorrak» egin ditzan. Ardura hartzeko eskatu diote: «Osakidetzan ere helburu eta epe zehatzak behar ditugu».

Osakidetzak berak udazkenean du argitaratzekoa ebaluazioa. Eskura dituzten datuekin eta osasun zerbitzuarekin lotura duten eragileen informazioarekin osatu dute txostena lau eragile horiek. Hizkuntza eskubideen arloan, izatez, ohiko kexa iturri da osasun zerbitzua —kontuan izatekoa dahura dela herritarrek maizenik erabiltzen duten zerbitzu publikoa—. «Urtez urte nabarmendu dira osasun arloko gabeziak. Intentsitate handiagoz hartu behar dira neurriak», ohartarazi du Behatokiko zuzendariak, Garbiñe Petriatik. Herritarrek badute gogoa, haren arabera. Datu bat eman du: hizkuntza hautatzeko aukera jarri zutenetik, 160.000 herritarrek galdegin dute euskarazkoa.

Udalerri euskaldunetan ere badituzte arazoak, Uemako lehendakari Josu Labakak nabarmendu duenez. «Planak jasotzen du udalerri euskaldunei arreta berezia jartzea, baina arazoak dauzkagu zerbitzua euskaraz jasotzeko». Udan ordezkapenekin sortutako gorabeherak gogoratu ditu.

Langileen ezintasunak

Gero eta gehiago dira langile euskaldunak Osakidetzan, baina gutxiengoa. Euskaraz lan egin ezina dakar horrek, OEEko kide Karlos Ibargurenen esanetan, eta zerbitzuari eragiten dio. «Euskaraz lan egin ezean, oso zaila da euskaraz ematea zerbitzua: historia klinikoa erdaraz dago, txostenak... Arazo handiak sortzen dira». Lau lehentasun aipatu ditu, langileen ikuspegitik landu beharrekoak: arduradunek behargin euskaldunak babestea, tresna informatikoak euskaraz jartzea, euskarazko zerbitzua emateko protokolo zehatzak izatea, eta ikasketak euskaraz egiteko arazoak bideratzea.

Lau eragileek adierazi dute gai horiek konpontzeko proposamenak egin dizkiotela Osakidetzari, eta oraingo azterketaren berri ere bidalia diotela. Bilera bat ere eskatu dute. «Neurri zuzentzaile egokiak hartuz gero, bigarren plana amaitzerako egin daitezke urrats eragingarriak», adierazi du Bilbaok. Elkarlanean jarduteko deia egin du: «Norabide horrekin lan egiteko jarrera adierazten badute, bidaide izango gaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.