Ohartarazi dute atzerritar jatorriko ikasleen %83 sare publikoan daudela Nafarroan

Nafarroako Eskola Kontseiluaren txostena hizpide izan dute Nafarroako Parlamentuan. Sistema «egonkorra» dela adierazi du Aitor Etxartek

Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxarte, atzo, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2016ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Datu sorta zabala eman zuen atzo arratsaldean Nafarroako Parlamentuan Aitor Etxarte Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakariak. 2014-2015eko ikasturteari dagokion txostena aurkeztu zuen: urteroko gisan, azterketa «sakon» bat zela nabarmendu zuen, eta, aholku eta balorazioetan sartu beharrean, datuetan jartzen duela indarra: «Deskribatzeko». Eta, oro har, datuei begira, Nafarroako hezkuntza sistemaren «egonkortasuna» atzematen dela azaldu zuen. Aitortu zuen badirela, ordea, zer hobetua erakusten duten datuak, eta horiei erreparatzea garrantzitsua dela. Besteak beste, jatorri atzerritarreko ikasleen %83 sare publikoan ari direla ohartarazi zuen. Itunpeko sareak ikasleen %36 hartzen baditu ere, etorkinen %16 besterik ez dago eskola horietan.

Gero, parlamentariek egin zituzten adierazpenetan, horixe izan zen gehien aipaturiko datuetako bat. Eta gogoan izan behar da, gainera, albisteen lehen lerroari atxikitako kontua dela.Hego Euskal Herri osoan gertatzen da antzeko zenbait, eta astelehenean, esaterako, hainbat guraso elkartek neurriak eskatu zituzten Gasteizen etorkinak eskola publikoan ez «pilatzeko». Izan ere, trinko errotutako errealitate bat da, eta datuak horren erakusgarri. Nafarroan, esaterako, beherakada egon da igaro urteotan ikasle etorkinen kopuruan, baina joera aldaketarik ez da izan horretan.

EH Bilduko Maria Esther Korres eta Ahal Dugu taldeko Maria Teresa Saez izan ziren gaiaren inguruan kezka azaldu zutenetako bi. «Desoreka» aztertzeko eskatu zuen Korresek. Neurriak hartzeko, berriz, Saezek: «Argi dago non dagoen premia handiena aniztasunaren aldetik. Eta argi dago zerbait egin behar dela: horrek ondorioak ditu».

Etxartek kezka erakutsi zuen, era berean, Nafarroan 25-34 urte arteko biztanleen %24k ez dutelako bigarren hezkuntzako trebakuntzarik. Europako Batasuneko errealitateari so datua ez dela batere ona nabarmendu zuen: Alemanian, esaterako, %13,1 dira, Austrian %10,8, eta Suedian %8,6. Adierazgarriak dira datu horiek aldea zenbatekoa den ikusteko. Alde baikorren artean, aldiz, eskoletako aniztasunari erantzuteko urteotan hartu diren neurriak nabarmentzeko modukoak izan direla aitortu zuen Etxartek. Eta zinetan datu deigarriak dira Nafarroako Eskola Kontseiluaren txostenean bildutakoak: 2000. urtean 191 ikasle zeuden ikasgeletan aparteko laguntzarekin, eta 2014. urtean, berriz, 1.799. «Ikasleen segregaziorik ez dago, gainera, Nafarroako ikastetxeetan; oso bestelakoa da egoera», nabarmendu zuen Etxartek.

Zerrenda bakarrari buruz

Hezkuntzako LEP lan eskaintza publikoaren harira sortu den polemikaren zurrunbiloa agertu zen atzo Nafarroako Parlamentuko saioan. Hautagai guztiak —hizkuntzaren araberako sailkapenik egin gabe— batuko dituen zerrenda bakar baten alde ari dira hainbat eragile, eta, hain zuzen, Nafarroako Eskola Kontseiluak gai horri buruzko txosten bat egin behar lukeela esan zioten hainbat parlamentarik Etxarteri. Baliabide urriko erakundea direla nabarmendu zuen, ordea, lehendakariak, eta debate horren muinak legebiltzarrean egon beharko lukeela bere ustetan. Auziei buruzko eztabaida sustatzea eta horren araberako legeak egitea, hain justu, parlamentuaren lana dela oroitarazi zuen: «Nafarroako Eskola Kontseiluak ezin du etxe honen lana ordezkatu».

Besteak beste, etorkizun hurbilean 0-6 zikloari eta eskola txikiei buruzko txostenak egitekotan dabiltzala aurreratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.